Roberto Kerexetaren elkarrizketa
Katalogazio arauen helburuak?
Hasteko esan beharra dago egindako lana nagusiki Espainiako Kultura Ministerioak argitaratutako Reglas de catalogación liburuaren itzulpena dela, eta arauetako hainbat pasarte euskararen beharretara egokitu direla.
Halaber, euskal liburuzainek, euskaraz katalogatu ahal izateko, aspalditik eskatzen zituzten lan tresnak, batez ere bi gabezia azpimarra daitezke, euskarazko autoritate eta gai-sarreren datu-basearena eta euskaraz katalogatzeko arauena. Kultura Saila premia horri erantzuten saiatu da, eta euskaraz katalogatu ahal izateko beharrezko lan tresnak sortzen ari da (autoritate eta gai-sarreren katalogo elebiduna, katalogazio elebiduna). Eskuetan dugun lan hau ere, testuinguru horretan kokatu eta ulertu behar da. Lanaren helburua da liburutegietako dokumentu bibliografikoak euskaraz deskribatzeko liburuzainei eguneroko lanerako beharrezko lan tresna eskaintzea, liburutegietako katalogoak euskaraz kontsultatu ahal izateko; beraz, alde horretatik aurrerapauso handia da.
Halere, esan beharra dago emandako urratsa ez dela aski, eta etorkizunean beste arau batzuk euskaratu beharko direla. Hemendik aurrera benetako erronka honetantxe datza: batetik, autoritate, izenburu hautatu eta gai-sarreren euskarazko datu-basea osatzen eta eguneratzen jarraitzean, eta bestetik, euskarazko katalogoak sortzean.
Lan honekin aurrerantzean euskal liburuzainak euskaraz katalogatzera animatu nahi ditugu.
Nola sortu dira?
Prozesuari 2002ko udaberrian ekin zitzaion. Kultura Sailak IVAPeko eta EAEko liburutegi arloko elkarte eta liburutegi esanguratsuenekin (foru aldundietakoak, hiru hiriburuetakoak, Sancho el Sabio, HABE, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia, Azkue Biblioteka, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia) bilera bat egin zuen euskaraz katalogatzeko arauak sortzeko batzorde bat eratzeko xedearekin.
Lehendabizi hartu beharreko erabakia izan zen nazioarteko zein arau itzuli behar zen adostea; eta luze eztabaidatu ondoren, Espainiako arauak itzultzea erabaki zen. Hurrena, beraien borondatez parte hartuko zuten erakundeak izendatu ziren. Ondoren, Kultura Sailak Ministeriotik itzultzeko baimena jaso, laneko metodologia eta kronograma zehaztu, eta 2002ko udazkenean lantaldearen lehen bilerarako deia egin zuen. Itzulpen lana IZOko itzultzaile eta terminologoek egin dute, eta liburuzainak euskarazko adibideak topatu, eta itzulpen lana egokitzeaz eta gainbegiratzeaz arduratu dira. Urtean gutxi gorabehera hiru bat lan-bilera egin izan dira kapituluen itzulpenak gainbegiratu eta aztertzeko. Azken sei hilabeteetan argitaratzeko lanak, orrazte eta maketazioa, egin dira.
Lana guk nahi baino gehiago luzatu da; kontuan izan behar baita liburu mardula dela (17 kapitulu, IX eranskin eta 600 orrialdetik gora), eta terminologia aldetik lan handia egin behar izan dela.
Zeintzuk izango dira arau hauetako erabiltzaileak?
Arauak liburutegietan gordetako dokumentu- eta material-motak (monografiak, eskuizkribuak, material kartografikoa, material grafikoa, proiektatzeko material grafikoa, musika inprimatua, soinu-grabazioak, mikroformak, filmak eta bideo-grabazioak, ordenagailuko fitxategiak, argitalpen seriatuak) deskribatzeko baliagarriak direla kontuan izanik, arauen erabiltzaile nagusiak egun euskaraz katalogatzen ari diren eta etorkizunean katalogatzeko asmoa duten liburuzainak dira; hortaz, berdin balio dezakete Renoko Euskal Liburutegiko edota Debako Udal Liburutegiko langileentzako.
Azken batean, zalantzarik gabe, arauon onuradun nagusiak liburutegietako erabiltzaile euskaldunak izango dira, liburutegietako katalogoak euskaraz kontsultatu ahal izango dituztelako.
Bestalde, gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan beste urrats bat litzateke, eta baliagarriak izan daitezke ere beste hainbat arlotako profesionalentzat, besteak beste: kazetari, itzultzaile, irakasle, liburu arloko langile…
Zein erakundek parte hartu zuten?
Katalogazio arauak itzultzeko eta egokitzeko eratutako lantaldean IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko itzultzaileez gain, Kultura Sailaren koordinaziopean zazpi erakundetako liburuzainek hartu dute parte: Bilboko Udala; Donostiako Udala; Euskaltzaindiako Azkue Biblioteka; Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila; Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzua, eta Eresbil.
Arlo honetan beste egitasmo batzuk badaude?
Une honetan hainbat proiektu daude abian:
Arauei dagokionez, Euskadiko Liburutegiaren Legea lantzen ari gara, eta horrek euskal liburutegi sistema egituratzen lagunduko du. Euskadiko Liburutegiei buruzko Legean (11/2007 Legea, urriaren 26koa), sortu zen Euskadiko Liburutegia.
Liburutegi publikoei dagokionez, kulturaniztasunari buruzko gaiak lantzen hasi gara, eta liburutegi zerbitzuak zabaltzeko kanpaina bat diseinatzen ari gara Euskadiko etorkinen taldeen artean.
Bestalde, Liburutegi Zerbitzutik gai berri bati heldu diogu, euskal ondare digitalaren gaiari hain zuzen ere. Gaur egun proiektu estrategikoaren aurkezpena prestatzen ari gara, eta euskal amarauna zaintzea izango du xede.