Liburutegi zerbitzuak
Liburutegi zerbitzuen gaineko txostena
Anabella Barroso eta Maite Lopetegi. ALDEE elkartearen eta Joana Albret mintegiaren izenean.
Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailak berriki argitaratutako liburutegi zerbitzuen inguruko txostena dela eta, ALDEEko Batzordeak eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak gure ardura azaldu nahi dugu liburutegi zerbitzuen eta horien gainean herritarrek egiten duten erabileraren inguruan.
Txostenean jasotzen diren datuetatik ondorioztatu daiteke gaur egun gure erkidegoan dauden liburutegi zerbitzuak ez datozela bat XXI. mendeko herritarren beharrizanekin.
Txosteneko datuek herritarrentzako zerbitzu gabezia nabarmenak azaleraztearen arrazoia, batez ere, 11/2007 Legea, Euskadiko liburutegiei buruzkoa, garatu eta aplikatu ez izana da. Liburutegi Nazional baten faltak, sarea egituratzeko erakunde ezak, politika bateratu ezak, erkidegoko liburutegi orok osatutako elkarlanerako sare baten faltak, eta, oro har, ekonomikoki jasangarri den eskaintza ezak, gure liburutegiak gune isolatu eta ahuldu bihurtu ditu. Hala, Euskadiko liburutegiei buruzko Legea zein Liburutegi Nazionala garatuko duten zerbitzu baten beharra mahaigaineratu nahi dugu.
Egun, euskal kulturaren sareko azpiegituren desagertzea ( Gasteizko KREA) normaltasun osoz aztertzen den honetan, kulturaren oinarriari eustea ezinbesteko helburu izan behar luke erakunde publikoentzako eta gizartearentzako. Euskadiko Sistema Bibliotekarioaren eta Liburutegi Nazionalaren garapenak merezi dute erakundeen zein herritarren aldetik ahalegin berezi bat.