haize berria liburutegietan
BERRIAN pozarren irakurri dut Gipuzkoako Kultura Diputatu Ikerne Badiolak dioena. Gutxien espero nuenean BILDUko diputatuak idatzi du Koldo Mitxelena Liburutegi Nazionalaren egoitza izatea nahi duela. Ezin hobeto. Itxaropena galduta geneukanean, berriro haize fresko eta berria etorri zaigu. Ea nahia errealitate bihurtzen den!
Gipuzkoako Foru Aldundiak legegintzaldi honetan Euskal Liburutegi Nazionalaren alde egingo du. Primeran. Honez gero Jaurlaritzarekin lehen harremanak izan dira.
Ziur asko, batzuek gogoan edukiko duzue duela lau urte honen gainean idatzi nuena: Euskadiko Liburutegia Tabakaleran izateak ez zeukan zentzurik, baina askoz gutxiago du Koldo Mitxelenan jartzeak. Ulergaitza da hogeita bost urte itxaron ondoren horrelako lardaskeriarekin ateratzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Euskadiko Liburutegia Tabakalera proiektuan "adabaki gisa erantsi zuten. Azken unean, Euskadiko Liburutegia Tabakalera proiektutik at atera dute eta presazko edozein konponbide aurkitu beharra izan dute .
Hainbat galdera jaurti nituen: Gainerako Autonomia Erkidego gehienek egoitza, baliabide eta pertsonal propio daukate Liburutegi Orokorren funtzioak aurrera eramateko. Zergatik Euskadin ez? Koldo Mitxelena Liburutegiak ondo funtzionatu du orain arte, zerbitzu ugari ematen ditu, erabiltzaile asko ditu; hemendik aurrera zerbitzurik gabe geldituko dira gipuzkoar irakurle guztiak?...
Egun ere, duela lau urte adierazi nuena jarraitzen dut pentsatzen. Hots, Koldo Mitxelena Euskal Liburutegi Nazionala bihurtzen bada, Koldo Mitxelenaren ezaugarriak galduz, oso gutxi aurreratuko dugulakoan nago. Espero dut kasu honetan proiektu serioa sortzea eta ez dadila gera erakunde bat (Koldo Mitxelena) kentzean eta beste berri bat (Euskal Liburutegi Nazionala) sortzean.
Dena den, orain, baikorra naiz, Ikerne Badiolaren testuan esaldi esanguratsu hau baitator: proiektuaren hasieran gaude, asmoen eta gogoen fasean. Horrek esan nahi baitu egitasmoa presarik gabe hartuko dutela, eta egoera sakon eta lasai aztertuko dutela. Ea, nahiz eta berandu izan, azkenean Euskal Liburutegi Nazionala sortzeko gai garen. Pozgarria, benetan, irakurritakoa!
Gerardo Luzuriaga
Ez naiz sektorekoa eta barkatu erantzun ebidentea baldin badauka: Zergatik ez zaizu ideia ona iruditzen Tabakaleran jartzea?