HABEko liburuzaina
albret
2008/04/22 13:40
Diario Vasco egunkarian Imanol Irizarri egindako elkarrizketa.
Badaukazue HABE Liburutegian gauza bitxirik? Gauza zaharren bat norbaitek emandakoa...
Ez dakit ba. Niretzako, hemengo bitxikeriarik handiena zera da, jendeak edukitzen duela aurreiritzi bat liburutegi hau ezagutu aurretik, eta aurreiritzi horiek ez dutela sekula asmatzen. Esanda gero ere, jendea ez da jabetzen. Bitxikeria da, eta zailtasun handia.
Imanol Irizar 1981ean hasi zen lanean HABEn. Han hasi eta, berehala, liburutegi bat osatzen hasteko eskatu zioten. Eta ekin zion. Ikasketaz pedagogoa zen, baina liburuzain bukatu du. Duela gutxi komunikabideetan agertu da liburutegi hau, Euskal Herriko Unibertsitatearekin hi-tzarmena sinatu duelako eta. Ez da nolanahiko biblioteka: 35.000 liburu ditu eta 600 aldizkari, besteak beste.
- Txiripaz hasi zinen liburuzain.
- Pedagogia ikasi nuelako sartu nintzen hona. Liburu batzuk bazeuden eta esan zidaten biblioteka txiki bat osatzen hasteko. Gogoratzen naiz liburuetako bat Van Passel-ena zela, Enseñanza de idiomas a los adultos uste dut zuela izenburu. Lehenengo liburua izango zen, gaztelaniaz, hizkun-tzen didaktikari buruzkoa. Orduan ez zegoen ezer, ez euskaraz ez gaztelaniaz. 80ko hamarkadaren hasieran hasi ziren hizkuntzen didaktikari buruzko lanak publikatzen; ordurarte, intuizioz irakasten ziren hizkuntzak.
- Eta joan zinen liburutegia osa-tzen. Irizpide handirik gabe, pentsatzen dut.
- Ez, dena intuizioz. Eta gero zer eskatzen zizuten erabiltzaileek, horren arabera. Adibidez, zer eskatzen zizuten HABEko teknikariek, metodoak edo materialak sortzen ari ziren teknikariek. Begiratu zer zegoen beste hizkuntzetan eta saiatu ekartzen. Zer gertatu zen? Beste jende bat etortzen zela soziolinguistikako liburuak eskatzera, arlo hori oso pil-pilean egon zelako. «Hizkun-tzen normalizazioa», «plangintza» eta horrelako terminoak hitzetik hortzera aipatzen ziren Jakin aldizkarian, adibidez.
- Biblioteka honen azpian kon-tzeptu giltzarria eleaniztasuna da.
- Eleaniztasunaren alde soziologiko, didaktiko, psikologikoak... hartzen dira kontuan. Lehen, Hizkuntzalaritza Aplikatua terminoa erabiltzen zen, orain Eleaniztasuna, termino hura ez baita ondo ulertzen; iluna da.
- Hau ez da «euskal biblioteka bat», beraz,
- Ez, hemen Tibeteko hizkuntz egoerari buruzko liburua daukazu.
- Eta liburutegiaren erabiltzaileak ere askotarikoak izango dira.
- Gure abiapuntua da gizartean eleaniztasuna dagoela eta behar berriak daudela. Hemezortzi urteko ikasleak hiru hizkuntzatan ari dira lanean. Eta ikertzaileak ere etortzen zaizkigu, baina kontuan izan ezazu euskaraz lan egiten duten ikertzaileak beste hizkuntza batzuk erabiltzen ari direla: nahikoa da ikustea euskaraz idatzita dagoen tesi baten bibliografia, jakiteko jendeak nondik edaten duen. Gure zerbi-tzua ez da daukaguna eskaintzea soilik; baizik eta daukaguna eta ez daukaguna eskaintzea, ez daukagun hori gure esparrukoa baldin bada.
- Adibidez?
- Ikertzaile batek eskatu zigun Filadelfian argitaratutako liburu bat, orain dela 30 urtekoa, agortuta dagoena. Agortuta zegoenez, ez geneukan eta ezin zen erosi. Begiratu genuen Estatu Batuetako biblioteka unibertsitarioetan eta ez zegoen, begiratu British Libraryn eta ez zegoen. Baina Suedian bazegoen; portzierto, oso erreferentzia ona Suedia, nire-tzat. Eskatu genien, handik hamar egunera hemen zen. Ez dago distantziarik. Suedia oso gertu dago eta Australia ere ez dago urruti.
- Horrelako eskariak pizgarri izango dira zuretzat.
- Bai. ikertzailea egiten ari den gai horrekin inplikatzen baldin zara, esparru hori landu egiten duzu alde bibliografikotik, eta hurrengo besteren bat etortzen bada atzetik, arlo hori oso betea dago.
- Zer egingo zenuke gustura ondorengo urteetan?
- Badut obligazio bat: bibliotekari etengabeko berrikuntza ematea. Berritu ezean atzera geldi-tzen da segituan. Orain badago fenomeno interesgarri bat, eta ez da Internet, baizik eta horko baliabide digitalak erabiltzea zerbitzu berriak «a la carta» emateko. Kontua ez da gauza asko edukitzea eta nobedadeen zerrenda bidaltzea erabiltzaileei. Lehen, egin behar zen nobedadeak erosi, eta garestia zen. Orain, hor daude web 2.0, mundu horrek ematen dituen aukerak.
- Azaldu zertan den 2.0 hori.
- Batetik, programa ez duzu zure ordenagailura ekarri behar. Beste nonbaiten daude programak eta erabili egiten dituzu. Eta dena dohainik. Lehengoan Geni deskubritu nuen, norberaren zuhaitz genealogikoa egiteko baliabide informatikoa. Eta 2.0 horren beste ezaugarri bat: konpartitua dela. Beraz, bibliotekaren ikuspegitik, bibliotekaren erabiltzaileek parte har dezakete gauza mugatu ba-tzuetan; puntuatu egin dezakete liburu bat, adibidez; edota komentario bat egin.
- Zein dabiltza abangoardian alde honetatik?
- Muskizko udal liburutegia, esate baterako. Baliabide berriak -eta doanekoak- integratu ditu bere jardunean. Eta beste gauza bat: berrikuntzak, aurreko hamarkadetan, liburutegi handietatik etorri dira; kontsortzioak egin dira eta abar. Gaur egungo mugimendu berri hau, aldiz, behetik dator. Zergatik? Nahikoa delako enteratzea. Iraultza handi bat bat izan liteke.
- Aurreiritzietako bat izango da, noski, pentsatzea hemen «euskarari buruzko liburuak» daudela batik bat.
- Bai. Eta eleaniztasunari buruzko adarrean, gure liburuen %70 ingelesez daude.
- Eta zer da jendeak gehien eska-tzen dizuetena?
- Hizkunztak ikasteko materialen atalean DVDak ditugu, filmak-eta. Unibertsitateko campus-a gertu daukagunez, horko ikasle asko datozkigu horiek eskatzera. DVD eleaniztunak dira. HABEk beste hirietan dituen egoitzen bidez ere egiten ditugu liburu-uzteak. Beste biblioteka batzuek -unibertsitarioek, normalean- artikuluak eskatzen dizkigute eta bidali egiten dizkiegu.
- Orain bi urte, Renoko Unibertsitateko euskal liburutegian lan egiteko hartu zintuzten. Baina gaixotu eta denbora gutxi egin zenuen azkenean. Zer ikusi zenuen han?
- Han bi gauza ikusi nituen. Batetik, euskal liburutegiaren egoera oso txarra zela, alde askotatik; eta hor utziko dut. Eta, bestetik, ikusi nuen lan egiteko sistema oso erakargarri bat, baina ez euskal bibliotekan, baizik eta biblioteka unibertsitarioan. Horretaz konturatuta nengoen lehen ere, han lanean hasi baino lehen froga ba-tzuk gainditu behar izan nituelako. Hautatze prozesuak nahiko txundituta utzi ninduen: denak izan ziren elkarrizketak. Adibidez, liburutegiko liburuzain guztiekin elkarrizketa irekia, eta han galdera-bondardaketa. Hiru egunetan zehar hainbatekin izan nituen bilerak eta elkarrizketak. Ez nuen ezer demostratu behar, ez nuen jakin behar zein zen Kanbodiako hiriburua. Eta bilerak ez ziren izan gero buru izan behar nituenekin, ez, baizik eta gero kide izango nituenekin. Eroso sentitu nintzen, nire ingeles maila kaskar samarra eta guzti. Gauza batzuekin emozionatu eta dena egin nintzen: ikusi nuelako posible zela eragitea. Adibidez: gauza tekniko batzuk zirela medio, Kongresuko Liburutegira akzesoa izan nuen. Hango katalogoan ikusi nuean Xabier Mendiguren Bereziartu eta Xabier Mendiguren Elizegi bat bera zirela beraientzat. Ez zuten bereizten, zergatik?; ez zekitelako. Halaxe, hasi nintzen gauza batzuk proposatzen han Estatu Batuetan buru den liburutegi horretan. Hasi nintzen bidea egiten, biblioteka hark aholkulatri moduan har zezan Renoko euskal biblioteka. Baina biblioteka hori penagarri zegoen; asko hitz egiten da eta oso ondo, baina...