Ez da ezer berri esatea hizkuntzari dagokionez herri berezi batean bizi garela. Logikoa da pentsatzea D ereduan batxilergoa egin dutenek EGAren baliokidea den titulua egiaztatzeko beharrik ez izatea. Areago, logikoa da pentsatzea unibertsitateko titulua euskaraz atera dutenek ere azterketarik ez edukitzea, eta EGAdunak izatea.
Proiektu horri alderdi onak ikusten dizkiot. Hemendik aurrera gutxik ikasiko baitute A eta B ereduetan, D ereduaren mesedetan.
Beste aldetik, alderdi txarrak pilatzen zaizkit. Oraingo egoerari erreparatuz gero, ez dut uste administrazioak aipatutako euskarazko dekretua abian jartzea irtenbidea izango denik. Alde batetik baieztatuta baitago D ereduan ikasten dituzten ikasle askok ez daukatela mailarik euskara lantzeko. Euskal Herria, tamalez, hizkuntzari dagokionez ez da herri arrunta. Badakigu ikastetxeetako eta unibertsitateetako ikasle gehienek euskarazko maila ona dutela, eta gaitasuna daukatela hizkuntza horretan edozein gai lantzeko, baina, beste aldetik badakigu hainbat ikaslek aurrekoek beste urte ikasten igaro arren, gaitasuna ez dutela bereganatzen eta batez ere euskara erraz ahazten dutela.
Honen gainean Administrazioan eskarmentua daukagu 3. HE eta 4. HE atera dituzten langileekin. Gehienek ez dute oztopo handirik eduki goi-maila horiek lortzeko; baina erabileraren kopuruari erreparatuz gero hutsaren hurrengoa izan dela esan dezakegu. Maila horiek lortzea baitzen, hain zuzen ere, Administrazioan lanpostu finkoa ateratzeko ezinbesteko baldintza, eta hortaz, ikasteko helburua maila horiek lortzea izan da eta ez euskara jakitea eta erabiltzea.
Ez nator bat Celaak eta Urgellek diotenarekin: “ikasketak euskaraz egin dituztenei hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko titulazioa eskatzea ez da premiazkoa, eta gainera diskriminatzailea da. Ikasle horiei ez zaie antzeko probarik eskatzen gazteleraren ezagutza frogatzeko”.
Agian ailegatuko da eguna, non Euskal Herrian gaztelaniazko ezagutza frogak egingo diren, baina horretarako ohiko azterketa guztiak euskaraz izan beharko lirateke, eta egun ez gaude egoera horretan. Garai horri heldu arte, hona hemen nire proposamena: Hizkuntz Eskakizunei, EGAri, eta gaiontzeko tituluei garrantzia ez ematea, eta gutxienez 3. Hizkuntz Eskakizuna eta 4. Hizkuntz Eskakizuna duten lanpostuak lortzeko azterketak euskaraz egitea. Gainontzeko irtenbideak orain bezala jarraitzeko aitzakiak direlakoan nago.
Dena den arestian esan dudan moduan aurrerapausoren bat ikusten dut dekretu honetan, A eta B ereduak desagertuko baitira, lana aurkitzeko mesedetan soilik bada ere.
Gerardo Luzuriaga
(Iztuetaren ideiari jarraiki) D ereduan ikasten duenak, LEGEZ euskaraz ongi jakingo du. Legez, baina izatez, ez. Diglosia erreala da eta erabaki honekin nik galera dakusat. D ereduan bukatu baina bere ideiak euskaraz (erdarakadark gabe) esateko gai ez denari LEGEAK euskaraz badakiela bermea emango dio. Hau dela eta, inork ezingo dio pertsona horri hobetu egin behar duela esan ahal izango: legeak babestuko duelako, berak ondo dakiela dekretatuz. Euskaraz ondo ez dakienak euskaraz ondo dakiena isilaraztea gerta liteke honela ere, berak ere EGAren pareko maila duelako. Zoritxarrez, euskaraz -"ongi"- jakitearen neurketa hezkuntza eta eskolaratzearen gain utziz (askok euskaraz jakin gabe amaitzen du D eredua), handik haratagoa den neurketarik gabe, presio okerra lekarke hezkuntzara: euskara irakasteko ez dela hizkuntza-tresna egokia lekarke ondorio gisa, D ereduko ikasleak, "EGAdun" ikasleak denak, ez direlako denak nahi duten guztia hizkuntza horretan azaltzeko gai izango. EGA (edo 3.Hizkuntz eskakizuna) eta baita gaztelera maila lortzeko EspGA ere, biak egingo nituzke, honela, batek baino gehiagok ikusiko bailuke zein den parekotasuna. Esan nahi dudana esatera heldu ote naiz...