Euskara denontzat
Duela aste pare bi Lurdes Auzmendik prentsara bidali zuen “denok euskararekin” izeneko artikulua. Ohargabe iragan omen da. Hori seinale ona da?, ez dakit, bada. Niri betikoa iruditu zait. Kulturako sailburuordeak onartzen badu ere, “euskara eta gaztelania ez daudela maila berean eta, beraz, bi hizkuntza ofizialen arteko orekara hurbilduz joateko euskararen aldeko neurri positiboak behar direla”, artikulua garatu ahala argudio garrantzitsu hau ahultzen ari da.
Lehenengo esaldietan esaten digu diru aldetik aurreko urteetan baino diru gutxiago dagoela euskaraz bultzatzeko: “lortu dugu euskararen aldeko diru-laguntzei eustea (12.690.000 euro guztira), jaitsiera txiki-txiki batekin iazkoen aldean”. Aste honetan jakin izan dugu udal euskaltegietarako %6 murriztuko dela, %6, aurretik udal euskaltegiak diru soberan izango balira moduan…
Artikuluan onartzen du: “euskararen erabilera areagotu behar dela”, ezbairik gabe erabilera oso eskasa delako; baina erabilera hori bultzatzeko hartutako neurriak ezin ahulegiak iruditzen zaizkit: ”Gure ustez, nekez uztartzen ahal dira adostasuna eta presioa. Askatasunean, hau da, herritarren atxikimendu librean,
oinarritutako elebitasuna dugu helburu”.
Eta artikuluaren aurreko azken paragrafoan dator onena: “Azkenik, hizkuntza eskakizunei dagokienez, bestela esan bada ere, urte honetan ez da aldaketa nabarmenik egon. Egia da, zenbait deialditan, euskara merezimendu bezala ohikoa zena baino gutxixeago baloratu dela”.
Euskara gaztelaniarekin alderatuta ez dago maila berean onartuz gero, espero genuen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak neurri zehatzagoak eta erabateko argudioak erabiltzea, ezta?
Eskerrak euskararen neurri positiboak hartu behar dituztela! Aurrekoetan baino diru gutxiago utzi du euskararen erabilera bultzatzeko, presioa ezin da erabili bion arteko desoreka apurtzeko, hizkuntza eskakizunei buruz ez da aldaketa izan, euskara ohikoa zena baino gutxiago baloratuko da, lan deialdi publikoan euskara betekizuna murriztu eta euskararen balioa jaitsi du.
Badaramagu 35 urte frankismoaren garaia bukatu genuenetik, eta 35 urte hauetan ez dugu lortu euskara desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzetatik ateratzea, egun oinarrizkoena bermatu barik dago. Itsua izan behar da ez ikusteko zer egoeratan dauden Euskadin erabiltzen diren bi hizkuntzak.
PSEren hizkuntza politika eskasa da, haien hitzetan euskalgintzan aurrera egitea da, arian-arian… hain arian non ezer ez baituen aldatuko.
Hemen inposatzen dena gaztelania eta frantsesa da. Euskara ezin da inposatu, ados, tira; baina gaztelania eta frantsesa ez digute inposatzen ala? Agian badago egun Euskal Herriko herritarren bat gaztelania ez dakiena? Hori ez da inposatzea? Noizko bi hizkuntzen parekotasuna?
Datuek PSEren hizkuntza politika salatzen du. Lan deialdi publikoan, 2010. urtean 2000. urtean baino gutxiago baloratzen da, euskara gero eta gutxiago baloratzen da… Ez aipatzearrenk zer gertatzen ari da gainontzeko eremuetan: Justizian, Osakidetzan, Hezkuntzan. Aste honetan enteratu naiz orain arte euskara hutsean egin duten Euskal Herriko Unibertsitateko laugarren mailako ikasleak hiru asignatura gaztelaniaz egitera behartu direla, eta hau hain ohikoa denez inon ez da agertzen…
Administrarien kidegoan, 53 lanpostu atera dira lehiara, eta haietako %47 ez da eskatu euskaraz hitz bat ere ezagutzea, eta ez pentsa gainontzeko %63 gehiegi eskatu dela.
Administrari laguntzaileen kasuan, 203 lanpostu eskaini ditu Jaurlaritzak, eta haietako %52 ez da eskatzen euskara ezagutzea.
Menpekoen kasuan 1 hizkuntz eskakizuna baino ez zaie eskatuko, eta denok dakigu 1 HE ez dela nahikoa, euskaraz elkarrizketarik egiteko ere. Euskarak oposaketa deialdi publiko hauetan ahuntzaren gauerdiko eztula baino gutxiago balio du.
Euskara benetan euskal herritar guztiena izateko, beste filosofia batean murgilduta izan beharko dute agintari politikoek, Lurdes Auzmendi barne. Hau da benetako Gobernu honen hizkuntza politika. Duela hamar urte baino tratamendu okerragoa ematea. Horrela nahi dute administrazio elebiduna sortzea? Horrela nahi dute euskara gaztelaniarekin parekatzea? Benetan zaila…
Gerardo Luzuriaga