Euskadiko Liburutegia
Joana Albret Mintegiko kideok duela gutxi jakin dugu prentsaren bidez Vital Kutxaren jabetzakoa den KREA eraikuntza Estatu Batuetako Unibertsitate batek nahi duela alokairuan hartu.
Gure ustez, eraikuntza horren ezaugarriak (tamaina, kokapena, eraikin historiko berrituaren izaera) oso aproposak dira 2007ko Legeak agindu zuen Euskadiko Liburutegia bertan kokatzeko (ikus 11/2007 LEGEA, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa. ).
Izan ere, aipaturiko legean erakunde hori guztiz beharrezkotzat jotzen zen, Euskadiko Liburutegi Sistemaren burutza bere gain hartzeko. Legearen IV tituluan esaten zen Euskadiko Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru izango zela eta berak egingo zituela koordinazio-lanak euskal bibliografia-ondarea bildu, kontserbatu eta zabaltzeari begira.
Liburutegi Nagusiaren garrantzia estrategikoa nabarmena den arren, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, (suposatzen dugunez, baliabide faltagatik) nahi baino gehiago luzatu da hura gauzatzeko epea. Zorionez, KREA bezalako eraikina erabilgarri izateak aukera aparta eskaintzen du azken urteetan itxaron dugun Euskadiko Liburutegiaren proiektua errealitate bihurtzeko.
Beste aldetik, Euskal Herriaren ikur kulturala izango litzatekeena Araban kokatzea, bereziki gomendagarria litzateke arabarrei eta gasteiztarrei begira; bai barrura, bai kanpora begira, Euskal Liburutegia herriaren memoria izateaz gain, nazioartean euskal ikur kulturala izango litzateke, Euskadi ordezkatuko lukeen erakundea, alegia.
Kontuan hartu behar da, gainera Antso Jakitunaren Fundazioaren liburutegiaren funtsak –zeinean Vital Kutxak ere jabetza duen– balia litezkeela oinarrizko bilduma gisa. Hartara, Gasteizen sortu eta garatu diren bi proiektu hauei irtenbide bat emango litzaieke, gasteiztarren, arabarren baina baita euskaldun guztiona ere den ondarea galtzen utzi gabe.
Hori dela eta, Euskadiko Liburutegiaren gaurkotasunaz eta beharraz erabat konbentziturik, berriro Euskal Liburutegiaren eskaera luzatzen dugu.