Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / EHUko Dokumentazio eta Eduki Digitalen Kudeaketari buruzko II. Jardunaldiak

EHUko Dokumentazio eta Eduki Digitalen Kudeaketari buruzko II. Jardunaldiak

albret 2009/05/05 09:58
Joan den astean UPV/EHUn burutu ziren “Dokumentazio eta Eduki Digitalen Kudeaketari buruzko II. Jardunaldiak” Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak antolatuta.

Kaixo lagun

Jardunaldien berri Roberto Kerexetak eman zigun eta orain saiatuko naiz bertara hurbiltzerik izan ez zenutenentzat halako kronika/laburpen moduko bat egiten.

 

Jardunaldia bi egunetakoa izan zen, intentsoa oso. Goiz bakoitzean iraupen desberdineko 7 saio entzuteko aukera izan genuen. Jakina, beti bezala, batzuk, besteak baino interesgarriagoak eta eramangarriagoak izan ziren. Arratsaldeetan tailer bana eskaini zen web sozialaz, sindikazioaz eta foksonomiaz (ez nuen joateko aukerarik izan, zer moduz egon zen?).

 

Onerako zein txarrerako, jardunaldietako entzulegoa nagusiki unibertsitateko ikaslea izan zen. Erran nahi baita, aretoa beteta zegoen, baina batzuk ez ziren nahikoa isilik egon... Hala ere profesionalik ere hurbildu zen.

 

Francisca Pulgarrek, Sonia Marcos eta Ciro Lluecak antzeko bi proiektu aurkeztu zizkiguten: Ondarenet eta Padicat. Biak ala biak ondare digitala biltzeko asmoa duten proiektuak dira. Heldutasun desberdina duten proiektuak direla oso nabarmen geratu zen jardunaldian. Padicat-ak publiko katalanarentzat interesgarria den Interneteko EDOZEIN informazio biltzen du; Ondarenet-ek berriz, beste irizpide batzuk erabiltzen ditu, agian jardunaldian bertan oso argi geratu ez zirenak.

 

Edozein kasutan, proiektu biak garai ilunotan behar-beharrezkoak dira, oso erakunde zein enpresa gutxik gordetzen duelako bere Internet-eko produkzioa, eta alde horretatik potentzialki inoiz baino informazio gehiago eskuragarri dugun arren, informazio horren kokapena eta eskuratzea inoiz baino galkorragoa da. Ez bada biltzen ez da hainbeste ez dagoelako horretarako teknologiarik (softwarea egon badago), baizik borondaterik edota baliabiderik ez dagoelako. EAEren eta Kataluniaren kasuan borondatea badago, baina ez dakit nahikoa baliabide jartzen ote den. Hau da, ondare digitala biltzea lehenesten bada, osorik bildu behar da, eta une honetan Ondarenet-en Euskara kategoriapean web gune bakarra dago (Bagera elkartea).

 

Ondoren Teresa Agirreazaldegik aurkeztu zuen unibertsitateko beste irakasle batzurekin batera eta ikasleen laguntzarekin prestatutako Euskal Herriko liburutegi eta dokumentazio zerbitzuen gainean egindako ikerketa eta horren baitan burututako galdetegiaren emaitzak. Ikerketaren asmoa da sektorea ezagutzea eta direktorio bat osatzea. Iaz Hedabideetako dokumentazioari buruzko jardunaldietan talde honek aurkeztu zuen GIDA: Euskal Herriko komunikabideetako dokumentazio-zerbitzuen direktorioa. Aurten ere, antzeko direktorio bat osatzen ari dira Euskal Herriko dokumentazio zerbitzuekin: GIDADOK (oraindik ez dagoen guztiz amaituta). Agirreazaldegik aurkeztutako galdetegiaren gaineko datu bat azpimarratu nahi dut: Euskal Herriko dokumentazio zerbitzuetako profesionalen % 68a emakumeak dira eta gizonek baino titulazio akademiko gehiago badute ere, zerbitzuetako zuzendaritzetan nagusiki gizonak daude.

 

Lehen eguneko goiza euskal liburutegi eta ondare digitalari buruzko mahai-inguru batek itxi zuen. Ana Aresek Bizkaiko Foru Liburutegia aro digitalera egokitzeko jarritako ekimenen berri eman zigun. Uxune Martinez, digitalizazio eta katalogazio prozesuetaz baino, kudeaketa digitalaz aritu zen. Argi utzi zigun, Interneten egotea ez dela nahikoa, proiektu dokumentalak mediora egokitu beharra daukala arrakasta edukitzeko. Iñaki Arrietak azaldu zigun Euskomedia informazio sistema, sareko euskal kultura eta zientziaren erreferente izan nahi duena. Hedatuz OAI gordailua biziki interesgarria iruditu zitzaidan (OAI-PMH protokoloaren aintzindariak Euskal Herrian Eibarko Code&Syntax eta Deustuko Unibertsitateko DELi taldeak izan ziren eta 2004ko Durangoko Azokarako demo bat prestatu zuten). Azkenik, Joseba Abaitua ezagutzaren transmisioaz aritu zen, eta zehazki ezagutzaren transmisiorako generoetaz.

 

Hurrengo egunean, halako beste saio trinko bat izan genuen. Jokin Olaizolak erakutsi zigun eduki digitalen kudeaketaren konplexutasuna norartekoa den. Odei enpresako Fernando Fernandez de Aranguiz web edukien kudeaketaz aritu zen, baina Jokinen moduko ikuspegi analitikoa beharrean, perspektiba enpresariala eman zuen. Ondoren kudeaketa dokumentalean aritzen diren hiru kasu praktiko ezagutzeko aukera izan genuen: Fagor, Bahia de Bizkaia Gas SL, eta Tecnalia korporazioarenak hain zuzen ere. Azkenik Iñaki Alegriak eta Luis Colladok hitz egin zuten. Alegriak, ingeniaritza linguistikoan adituak, nazioarteko zenbait unibertsitate garatzen ari diren Kyoto ikerketa proiektua aurkeztu zigun. Proiektu honen xedea da ezagutza partekatzea hizkuntza eta kulturen artean, edozein dela abiapuntuko hizkuntza. Horretarako Kyoto-k testuetako ezagutza semantikoaren erauzketa sakona nola egin ikertzen du. Azkenik Colladok Google Books aurkeztu zigun. Agian saiorik komertzialena izan zen. Ez nuen osorik entzun, baina abenduaren 2an Bilboko Euskalduna Jauregian Colladok emandako hitzaldi berdina iruditu zitzaidan.

 

Orokorrean, jardunalditik zerbait positiboa eta zerbait negatiboa esan beharko banu, esango nuke antolatzaileek eztabaidarako tarte gutxi utzi zutela, eta saio batzuetan ez zela aukerarik izan galderarik egiteko. Baina agian gakoa ez da tarterik ez zela egon, baizik publikoak horretarako gogorik ez zuela. Edozein kasutan alderdi positiboak arras gainditzen du negatiboa, izan ere Bibliotekonomia eta Dokumentazio arloko jardunaldi bat unibertsitatean burutzea ezinbestekoa iruditzen zait Euskal Herrian halako ikasketen behar gorrian gaudenean.

 

Laster arte

 

Karmele Artetxe

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.