Agiritegien Legea (III)
Laugarrena, aurkeztutako Agirien Lege-Proiektuan ez dut ikusten Agiritegien sistema bat. Ez baitago Agiritegien sistemarik. Sistema sortu beharrean, elementu guztiak zerrendatu dituzte, idazketa nahasgarri batean (art. 15). Hurrenez hurren, aipatzen dira: Kultura saila, Euskadiko Agiritegien Kontseilua, Agiriak ebaluatzeko batzordea, Agiritegi Historiko Nazionala, EAEko Herri Administrazioen Agiritegien sistema, Tokiko agiritegien zerbitzuak eta sistemak, Euskal Herriko Unibertsitatearen agiritegien sistema eta zerbitzua, Eusko Legebiltzarraren, Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiaren agiritegien sistemak eta zerbitzuak.
Lege-Proiektuaren zehar kultura saila sistemaren buru dela argi eta garbi behin eta berriro adierazten bada ere, orain abian dagoen sistema mantentzeko edo inor ez mintzeko agian idazketa ezin nahasgarriago egin da. Sistemaren burua (kontu guztietan erabakiko duena) kultura saila (Euskadiko Agiritegi Historiko Nazionala, Euskadiko Agiritegien Kontseilua) dela garbi uzten badu ere; beste aldetik, oraingo sistema mantentzen da, Justizia eta Herri Administrazio Sailak kudeatzen duena (EAEko agiritegi sistema). Laburbilduz, sistemaren koordinazio eza agerian dago, sistema bi bururekin sortu egin baita.
Nik neuk 15.artikulu hau horrela antolatuko nuke, elementu partikularretik orokorretara. Oinarrizko agiritegiei dagokien garrantzia eta lehentasuna ematen, Lege-Proiektuan behin eta berriro adierazten duena praktikan jartzeko: agiriak sortzen eta kudeatzen dituzten erakundeen eskumenak errespetatzen, hain zuzen ere. Horretaz gain, haien arteko erlazio hierarkikoa ere markatuko nuke, eta era horretan errazagoa izango da dokumentazio funtsen deskribapen eta balorazioen gaineko irizpide teknikoak eta metodologia komuna ezartzea.
a) Euskadiko Tokiko Administrazioaren agiritegiaren zerbitzuak eta sistemak
b) Foru Aldundietako agiritegiaren zerbitzuak eta sistemak
c) Eusko Jaurlaritzako agiritegien zerbitzuak eta sistemak: sail, erakunde autonomo, sozietate publiko agentzien zerbitzuak eta sistemak
d) Euskal Herriko Unibertsitatearen agiritegien sistema eta zerbitzua
e) Eusko Legebiltzarraren, Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiaren agiritegien sistemak eta zerbitzuak
f) Auzitegien agiritegien sistemak eta zerbitzuak
g) Euskadiko Agiritegi Orokorra
h) Agiritegi Historiko Probintzialak
i) Euskadiko Agiritegi Historiko Nazionala
j) Agiriak Ebaluatzeko, Hautatzeko eta Eskuratzeko batzordea (AEHEB)
k) Euskadiko Agiritegien Kontseilua
Bosgarrena, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Agiritegien Sistemak, 174/2003 Dekretuan oinarrituta dagoenak ez dauka eskumenik EAEko herri administrazio osoa aplikatzeko. Dekretu horrek soilik Eusko Jaurlaritzaren erakundeetarako baita, eta sistema horretan toki guztietako erakundeak osatzen dituzte: Tokiko administrazioa, Foru administrazioa, Auzitegi administrazioa, Unibertsitateko administrazioa, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa…
Gerardo Luzuriaga