Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Vivi Arellano eta Montxo Gomez: “Liburutegi publikoa kultur eragilea da, ezberdintasunak parekatzeko erreminta bat”

Vivi Arellano eta Montxo Gomez: “Liburutegi publikoa kultur eragilea da, ezberdintasunak parekatzeko erreminta bat”

Joana Albret 2006/06/15 01:49

Salamancan, FGRS fundazioan, urte luzez irakurketa sustapenari eta gazte liburutegiei buruz esperientzi sendoa pilatu ondoren, Nafarroara bueltatu eta egun, Iruñean CAN Fundazioak duen Civican kultur zentroan dihardute, Vivi liburutegiko zuzendari eta Montxo kultur programazioaren arduradun. Hainbat gairi buruz jarduteko aukera izan dugu mahai gainean baina azkenean liburutegi publikoen eginkizun hezitzailea aipatu eta hariari tiraka hasi gara, pertsonen informazio-heziketa burutzeko liburutegien egin beharrekoei buruz.

- Liburutegia ikuspegi zabalean hartu behar dela aipatu duzue...

Liburutegia kulturara, herrian gertatzen denera irekita egon behar da. Jendea liburutegira etortzea, bere baliabideak erabiltzea nahi badugu, kultur programazioa eta liburutegia koordinatuta egotea oinarrizkoa da, batak bestean eragin eta elkar osatzen baitute. Edozein gairi buruzko hitzaldia edo erakusketa antolatzen bada, liburutegitik bibliografi erakusgai batekin, irakurketa gida edo ikus-entzunezko aukeraketa batekin lagundu ahal zaio.

Era honetara egindako adibide bitxiak badaude: aurten meteorologoen kongresua izan dugu. Gaia, hasiera batean, oso espezializatua zen, publiko orokorrarentzako ez hain interesgarria. Baina liburutegian, gaiari buruzko liburu teknikoekin batera, euriari, elurrari, urtaroei buruzko literatur lanen erakusketa programatu genuen, eta azkenik, euri eta horrelakoei buruz hitz egiten zuten edozein generotako kantuekin ibilbide musikala prestatu genuen. Oso dibertigarria eta originala izan zen, interes ezberdinak batzeko modu bat. Horrela lan eginda uste dugu hirian gertatzen denarekin hurbilago gaudela eta herritarrari hurbiltzen diogula. Gainera, liburutegiaren eta irakurketaren ikuspegi zabalagoa eta anitzagoa eskaintzen du: zentrora tai-chi ikastarora edo txotxongiloen ekitaldi batera etortzen den pertsonak liburutegian gai horri buruz gehiago jakiteko aukera duela jakin behar du.

- Programazio sailak antolatutako ekintzak osatu behar ditu liburutegiak?

Ez, alderantziz ere bai. Askotan liburutegia bera da aurre hartuta ekintzak bultzatzen dituena: tertuliak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, etab. Sarritan, honela lan egiteak bilduma berezi txikiak sortzen ditu, gerora erabili daitezkeen baliabideak. Adibidez, munduko bazter ezberdinetako txotxongiloen erakusketa bat egiteko aukera izan genuenean txotxongiloak egiteko eta antzerki teknikaren manualak erosi ziren, antzezteko obrekin batera. Material guzti hori orain eskuragarri dago behar duenarentzat: elkarteak, irakasleak, ....


- Ikuspegi zabal honen barruan liburutegi publikoak eginkizun hezitzailea dutela aipatu duzue...

Liburutegietan aspalditik egiten dira Erabiltzaileen Prestakuntzarako ekintzak, gidatutako bisitak, eskola-taldeekin antolatutako ekintzak,... guzti hori liburutegi publikoen erantzukizun bat bezala hartzen zen, zituen beste funtziotariko bat. Baina azkenaldi honetan, kultur fenomeno berrien eta irakurketa modu ezberdinak agertzearen ondorioz, liburutegien eginkizun hezitzailearen gaia ikuspegi berri batetik landu da. Liburutegien ikuskeran aldaketa handia dakarren ikuspegi berri bat da.

- Zein da aldaketa hori?

Liburutegia hezkuntza baliabide bat bezala ikustea eta pertsonen prestakuntzarako eginkizun berezia duela onartzea da. Gure gizartean azkenaldian eman diren aldaketa handien aurrean, gero eta handiagoak diren ezberdintasunak parekatzeko erreminta da, hezkuntza ez arauturako espazio bat. Liburutegiak informazioa eskura jarri, teknologia berrien ezagutza eta erabilpena zabaldu, informazio iturriak eskaini eta informazioa aukeratzen erakutsi behar ditu. Horri batzuk “informazio-hezkuntza” eta beste batzuk “hezkuntza digitala” deitzen diote, baina terminologi kontuetan sartu gabe, liburutegiaren eginkizun hezitzailea nabarmen gelditu da. Liburutegia ikuspuntu horretatik birplanteatu beharra dago, eta dena aztertu: zerbitzuak, funtsa, eta abarrak.

- Adibide bat?

Funtsak eskuratzeko garaian adibidez. Demagun fonoteka eguneratu beharra dugula. Aukera bi izango ditugu, biak bidezkoak. Bata, egun entzuten den modako musika erostea, jende gehiago erakarri, erabiltzaile gehiago egin eta agian horrela liburutegiko beste funtsetara hurbiltzeko aukera gehiago izan dezaten; eta beste aukera, liburutegiaren bidez izan ezik beste modu batean entzuteko aukera gutxi izango duten musika eskaintzea da. FGRS Fundazioan, gazte sailean, “Ikus-entzunezko Ibilbideak” deitutako proiektua jarri genuen martxan. Musika edo zinema hautaketa txikiak ziren, genero edo korronte jakin baten zehar ibilbide bat. CD edo DVDak gaiari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen zuen esku-orri batekin batera ematen ziren. Ibilbideetako batzuk, “Del rock duro al heavy metal” edo “El Hip-Hop” musikan, eta “Tribus urbanas” eta “Cine de acción” zineman. Hautaketa hauek gazteentzat erakargarriak ziren izenburu komertzialenekin eta beraientzat ezezagunagoak zirenekin osatzen ziren. “Del rock duro al heavy metal” izeneko ibilbidean zegoenak Metallica-ren azkenarekin batera Led Zeppelin-en disko bat eramaten zuen, eta modu horretara, berak hartuko ez zukeen disko bat ezagutu eta musika bien arteko harremanak ere hobeto ulertzen zituen. Liburutegiak programa bultzatzeko mailegu extra eskaintzen zuen: gazteek normalean 2 cd hartu ahal zituzten, baina ibilbide batetan izena emanez gero, 3 edo 4. Beste pausu bat, gazteak beraiek landutako ibilbideak egitera animatzea izan zen, generoa aukeratzen zuten, gure laguntasunarekin dokumentatzen ziren eta izenburuak aukeratzen zituzten. Lan serioa izanez gero, liburutegia izenburuok erosteko konpromezua zuen. Horrelako hainbat ekintza daude, erabiltzaileari beste modu batean helduko ez zaion informazioa helarazteko.

- Hasi al zarete zuen liburutegia ikuspegi hezitzaile honetatik planteatzen?

Bai. Garrantzitsua da langile guztiak horretan sinestea eta orain arte era intuitiboan egindakoa kontzienteki egitea. Denon artean bildu eta arlo ezberdinak aztertzen hasi gara, biztanleriaren heziketa beharrizanak, liburutegiaren antolaketa, sailkapena, ekintzen programazioa, esku-orrien edizioa.... Horretan adibidez, ateratako ondorioetariko bat eskola-bisitak beste era batera antolatu beharko genituzkeela izan da.

- Eta aurrerantzean nola egingo dituzue eskola-bisitak?

Etekin handiagoa ateratzeko, saio bat baino gehiagotan egin beharko lirateke, dokumentu-mota ezberdinekin. Helburu bezala, haurrek informazio iturriak ezagutu, behar duten informazioa atera eta aurkitutako informazioa kontrastatu, erabili eta lan mota bakoitzak eskatzen duenerako informazioa berregiteko gaitasuna izan dezatela.

- Horrelako ekintzarik egin al duzue inoiz?

Bigarren Hezkuntzako neska-mutilekin egitasmo interesgarri bat egin genuen hamar urtetan zehar Salamancan eta helburu hauek betetzen ziren. Aurrez emandako zerrenda batetik aukeratzen zuten gaiari buruzko informazioa (hiriko tribuak, drogak, herriko kontuak, ...) hiru minututako bideoan jarri behar zuten. Taldeka banatuta batzuk erreferentzi-lanak egiten zituzten, besteak bibliografia, beste batzuk ahozko iturriak bilatzen zituzten, ondoren, emandako fitxetan jaso, zein motatako informazioa den adierazi eta gidoia egiten zuten eta gela guztiaren aurrean aurkeztu. Gelan, guztien artean aukeratutako gidoiarekin bideo proiektua burutzen zuten. Lan handia da hiru minututako bideoa egiteko baina asko ikasten dute. Webgune bat diseinatzeko ere sistema bera erabili da eta teknikoki errazago izan arren estekekin informazioaren antolaketa konplikatuagoa egin ahal denez, horretarako prestatu egin behar dira.

- Heziketa jolasarekin lotzen da beraz.

Heziketa motibazioarekin lotu behar da. Pertsona bakoitzak bere motibazioak izango ditu baina komunikatzeko beharrizana motore indartsua da edozein adinetan. Informazioa eta komunikazioa txanpon beraren alde biak dira. Edozein euskarritan, buletin, webgune edo bideo bat izan, zerbait adierazteko aukera ematean, komunikatzeko aukera ematean, norbere prestakuntza hobetzen da eta egindako ahalegin horrekin ahalmen kritikoa garatzen da.

- Orduan, helduekin ere ideia berak aplikatu daitezke?

Noski. Komunikatzeko beharrizana oso garrantzitsua da denentzako. Liburutegi publikoak informazioa modu ludikoan aurkeztu behar die, gozamenarekin lotuta. Adibidez, pertsona helduak teknologia berrietara hurbilarazteko ekintzak bi ikuspuntuak, hezitzailea eta ludikoa, kontuan hartuta antolatzen dira. Beraiek badakite teknologia berriak ezagutzen ez duena alfabetoa dela eta bestalde, komunikatzeko eta adierazteko beharrizana eta gogoa dituzte. Posta elektronikoaren bidez seme-alabekin komunikatzen, argazki albumak digitalizatu eta antolatzen eta webguneetarako testuak, poemak eta ipuinak sortzen gozatu egiten dute.

- Hainbeste ekintza egiteko eta hain baliabide gutxi liburutegi publikoetan!

Bai, horrela da. Horregatik da hain beharrezkoa taldean lan egitea, baliabideak eta materialak elkar trukatzea eta batek egindako lana beste batek errepikatu behar ez izatea.

Ekintzak burutzeko baino diseinatzeko behar da denbora gehiago. Egun interneten ekintza askoren berri dago baina askotan ez da heltzen behar duenarengana. FGSR fundazioak sarean baliabide ugari ditu, José A. Gómez Hernándezek, Murtziako Unibertsitateko irakasleak, ALFIN (Alfabetización Informaciónal) gaiari buruzko blog oso interesgarria dauka, Mondragon Unibertsitatean informazioren eskuragarritasunari buruzko ikerketa bat martxan da, euskaraz, ... Elkarlana eta elkarren arteko baliabideen trukea beharrezkoa da.

-------------------------------------------------------

Gaiari buruz gehiago jakiteko:

etiketak: Kontu Kontari
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.