Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Amaia Lasarte: “Material gehiena gaztelaniaz dago eta umeek lanak egiterakoan arazoak dituzte ”

Amaia Lasarte: “Material gehiena gaztelaniaz dago eta umeek lanak egiterakoan arazoak dituzte ”

Joana Albret 2006/03/01 11:00

Egiako auzoan tren geltokitik hurbil, eraikin berriaren sotoan dago Donostiako Udal Musika eta Dantza Liburutegia. Jazz doinuz lagunduta, eskuzabal hartu gaitu Amaiak.

- Liburutegi honetan nori eskaintzen zaizkie zerbitzuak?
Eskolako ikasle eta irakasleei baina baita Donostiako udal liburutegietako erabiltzaile guztiei ere. Donostiako udal liburutegien sareko parte gara, musikan espezializatua, katalogo bera dugu.

- Nondik nora sortu zen liburutegi hau?
2000an sortu zen, musikaren irakaskuntzan emandako aldaketen ondorioz. Udal Musika Eskola Egiako kultur etxean kokatu zen eta hasieratik ikusi zen liburutegia beharrezkoa izango zela, horrela, Egiako udal liburutegian txoko bat egin ziguten, garai hartan bi apal bikoitz!, eta pixkanaka-pixkanaka liburutegia osatzen eta hazten joan da. 2002. urtean etorri ginen gauden lekura.         

- Musika liburutegi asko al daude?
Musika irakasteko hemen hiru mailatako erakundeak daude, Musikene goi mailako ikasketetarako, Kontserbatorioak erdi mailakoetarako eta Musika Eskolak amateur mailakoetarako. Donostian hiru musika liburutegi ditugu: Musikenekoa, Kontserbatoriokoa, fondo oso ona baina pertsonala falta duena eta gu, Donostiako Udal Musika Eskolakoa. Gure eskola oso ondo hornituta dago, baina udal musika eskola asko daude, ikasle ugari, milaka, eta sarritan eskoletan lan egiten duten irakasleen baldintzak oso kaskarrak dira.         

- Zein motatako fondoa duzue?
Denetarik dugu, batez ere partiturak. Eskolan ematen diren ikasketak amateur mailakoak dira eta ikasleak lau urtetik hasi eta laurogei urtera artekoak dira. Musika klase guztiak ematen dira, klasikoa, jazza, rocka asko, musika tradizionala, .... “Música a la carta” da eslogana. Nahi duzuna nahi duzunean.         

- Dantza eskola ere bada, dantzari buruz ere ba al duzue fondorik?
Bai. Eskolan dantza klasikoa eta garaikidea irakasten da eta txikienentzat musika eta mugimendua ematen da. Horretarako materiala ere badugu, dantza teknika, dantzaren historia, luzaketei buruzkoak, ...         

- Atetik sartu eta eskumatara lurrean eserita egoteko puf-ak eta kolore biziko dekoratu hau...
Haur Txokoa da. Arrakasta handia du, musika eta arteari buruzko albumak ditugu, eta umeei albumean irakurritakoa marrazteko aukera ematen diegu. Gustuko dute. Album gehienak gazteleraz daude ez baitago ia euskarazkorik.         

- Hor aldamenean aldizkariak dituzue apaletan
Hemerotekan aldizkari batzuk orokorrak dira, musikari edo musika mota bati buruzkoak, eta beste batzuk gai espezializatuak dituzte, musika instrumenturenak, informatika musikalarenak ere, ....         

- Eta sei ordenagailu hauek mahai honetan?
Internet kontsultatzeko aukera dute, musika eta dantzari buruzko informazioa bilatzeko. 14 urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dute. Ez gara polizi lanetan ibiltzen eta orain arte ez dugu arazorik izan.         

- Kaskoak dauden mahai horretan musika entzun ahal izango da ba?
Bai. Fonotekak arrakasta handia dauka, bai haurren artean baita gurasoen artean ere. CDak eta LPak ere entzun daitezke.         

- LPak gordeta dituzue baina CDak kutxa hauetan daude nahi duenak hartzeko moduan. Nola dituzue antolatuta?
Diskoak sailkapen frantsesa dute, Parisko Diskoteka Nagusiak sortutakoa[1], guk trikitixa, txalaparta, txistua eta horrelako atalak gehitu dizkiogu. Donostiako Udal Liburutegietan erabiltzen den sailkapena da eta erabiltzaileek bere kasa kontsultatzeko egokia da. Gu ez gara kontserbaziorako liburutegia eta erabiliaren erabiliaz disko bat hondatzea seinale ona da guretzako. Hala ere, CDak konpontzeko makina erostekotan gaude, hondatutakoak errekuperatzeko.         

- Diskoak eskuragarri egonda batzuk faltan ez dituzue bota?
Lapurreta handirik ez dugu izan. Garai batean karatula batzuk desagertzen hasi ziren, tartean Bob Dylanena, eta han izan genuen aste oso bat Bob kantuan jo ta fuego. Dylanterapiak funtzionatu zuen, gehiagotan ez da gertatu.         

- Partituren apalek horma guztia hartzen dute goitik behera.
Hauek dira fondo handiena. Partitura gehi CD formatua erabiltzen dugu gehien. Musika eskolak arautzen dituen dekretuaren arabera, tokiko bildumak garrantzi handia du eta gu bertoko partiturak biltzen ahalegintzen gara. Baditugu Aita Donostiak, Ansorenak edo Oskorrik Pub Ibiltariarekin argitaratutakoak baina euskal musikaren partiturak falta dira. Interneten ere ez daude. Bazen euskal partiturak zintzilikatzeko proiekturen bat, baina gaur egun behintzat ez dugu ia ezer.         

- Eta zein da partiturak sailkatzeko erabiltzen duzuen sistema?
Alemaniako udal liburutegietan musika saila sailkatzeko erabiltzen dena. Musika liburutegi guztiek erabiltzen dugu, Musikenek, Kontserbatorioek, Eresbilek, Leioa, Donostia eta Getxoko udal musika eskoletakoek, ...         

- Hemen bi piano. Pianoa ere jo ahal da liburutegian?
Bi clavinova dira, partiturak probatzeko daude. Eta ondo erabiltzen dira, ez dute jolasean egiten hauekin. Behin etorri zen gizon nagusi bat, musikari ona, eta partiturak probatzen ari zela inguratu zitzaizkion liburutegian asper-asper eginda zeuden haur batzuk, eta han jarri ziren ia-ia bere gainean, begira. Baketan uzteko esatekotan geunden baina non hasten den umeekin jolasean, bati kaskoak utzi eta besteei jotzen erakutsi,.... polita izan zen!         

- Liburutegiaren alde honetan liburuak dituzue.
Liburuetan ere tokiko bilduma egina dugu, Donostia Bilduma. Euskarazko liburuek txaplata urdina dute, nahiz eta hemen ere euskarazko argitalpen gutxi egon!. Denetarik dago. Kantutegiak adibidez, herrietan argitaratzen diren guztiak jasotzen ahalegintzen gara. Biografiak dira gehien kontsultatzen diren liburuak.         

- Ez dituzue SHUaren arabera sailkatuta?
Ez, partituren sailkapen bera dute. Partiturak letraz hasten dira eta liburuak zenbakiz.         

- Dagoneko leku askorik ere ez duzue libre. Liburutegiko fondo guztia dago hemen?
Ez, dena ez. Artxiboan gordetzen dugu material asko, hemen aldamenean. Adibidez taldeentzako material guztia han dago, banda, banda txiki, koro, big band, combo eta abarrentzako prestatutako eta maila ezberdinetan moldatutako materiala. Momentuz eskolako ikasle eta irakasleei eskaintzen zaie momentuz, liburutegiak baliabide gehiago izan bitartean.         

- Behin baino gehiagotan entzun dizugu euskarazko material askorik ez dagoela.
Bai, hala da. Erronka euskararekin dugu. Material gehiena gaztelaniaz dago eta umeek lanak egitean arazoak dituzte. Ikasle gehienak umeak dira eta ez dago materialik euskaraz. Eskolan euskararen erabilera bultzatu nahi da eta horretarako irakasleentzat ikastaro prestakuntza eskaini zaie, Musika Irakasleentzako Euskara Teknikoa. Nahi dute eta behar dute         

- Zein da euskararen egoera musikaren maila profesionalean?
Lexikografia musikala egiteko proiektua badago. Eresbil ari da lan horretan.         

- Eta ez dago euskarazko materiala sortzeko proiekturik?
Euskarazko materiala liburutan sortzen Juan Mari Beltranek eta Trikitixa Elkarteak lan ederrak egin dituzte, Txistulari Elkarteak ere “Txistulari” plazaratzen du, euskal musika maiztasunez jasotzen duen aldizkari bakarra, eta horrez gain, Oskorrik “The Pub Ibiltaria”, Juan Carlos Irizarrek piano albumak eta azkenengo kantutegiak ere aipatu daitezke, Jose Ignazio Ansorenaren “Euskal Kantak” adibidez. Baina materiala falta da eta ez dago proiektu zabalik. Partituratan adibidez, ederra litzateke plazaratzen diren disko berrien partiturak ere argitaratuko baziren, hauexek baitira gure ikasleek eskatzen dizkigutenak, “Ken Zazpi”renak adibidez. Eta era berean, lehenagoko taldeen partiturak ere garrantzitsuak dira beraien formaziorako, Hertzainak, Akelarre, Errobi, eta abarrenak. Badago zer egina!

 

Liburutegi inguruan gaika antolatuta dauden informazio panelak oharrez eta iragarkiz josita ikusi ditugu, kontzertuak, musika tresnen salerosketak, .... kanpora bidean oraindik isilik dauden korridore eta eskailerak zeharkatu ditugu, eguna aurrera joan ahala musikaz, pausoz eta erritmoz beteko dira.

------------------------------

Gehiago jakiteko:

Erabili nahi duenarentzat eskainitako materiala:

- Haur eta gazteentzako liburuak (musika eta musikariei buruzkoak)         
- Haurrentzako diskoak         
- Musika eta dantza nobela eta poesian

[1] “Principes de classement des Phonogrammes”, Discothèque des Halles, Paris.

etiketak: Kontu Kontari
aitor
aitor dio:
2006/05/22 20:42

niri ideia ausarta eta berria iruditzen zait. berria eta batiz bat aparta benetan.

Imanoltxu
Imanoltxu dio:
2006/03/07 03:00

Euskarazko material gutxi dagoela? beti, beti egongo da espainolez baino gutxiago, demografia kontua da. Baina ez dago zertan aurkeratu behar bakarrik euskara edo espainolaren artean. Donostia Frantziatik ordu batera dago.

Materiala frantsesez, ingelesez... ere egon daiteke, eta ganorazko kopuru batean ere. Gainera gaur egun, Interneta dela eta, material hori lortzea oso erraza da. Eman diezaiegun gure irakurle eta ikasleei beste hizkuntza batzuk ikasteko eta erabiltzeko aukera.

Elkarrizketa interesantea izan da. Zorionak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.