Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / KuGa

KuGa

Gerardo Luzuriaga 2006/01/12 16:55

Aste honetan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak adostu dute Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendaritza. Dagoeneko badago egoitza eta zuzendaritza. Espero dugu honen zentruaren edukiak adosteko ez irautea beste eternitate bat.

Ez dakigu eraikuntza honen barruan Liburutegi Nazionala izango denetz. Duela zortzi hilabete egunkarietan agertutako berrietan ia segurotzat eman zutenez, eta kontrakoa inon agertu ez denez, baliteke horrela izatea.

Hamarkadak joan eta hamarkadak etorri Liburutegi Nazionalaren aferan lehentasuna ahalik eta azkarren sortzea bihurtu bada ere, honen gainean bururatzen zaizkidan gogoeta batzuk zabalduko ditut.

  1. Liburutegi Nazionala sortu arte, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala jarraituko dut aldarrikatzen. Arrazoiak behin baino gehiagotan errepikatu ditudanez, behingoz alde batera utziko dut.
  2. Liburutegi Nazionala Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, “KuGa”n izateak sortzear dagoen Liburutegi Nazionalari entitatea kentzea suposatzen du. Hortaz, ia-ia mundu osoan salbuespena izango da, bada, herri gehienetan erakundearen izena berak garrantzi handia du.
  3. Lehenengo egunetik eta zer esanik ez, denboraren poderioz, Liburutegi Nazionala bete beharko dituen funtzioak ezin garrantzitsuak dira. Espainiako beste Autonomia Erkidegoetako antzerako erakundeetara baino begiratzea ez daukagu ikusteko nola joan dira hazitzen. Areago, tokian tokiko ikurra kultural bihurtu arte.
  4. Gaurko egunkarian dator, Europako Liburutegi Digatalaren sortzeko lehendabiziko urratsak eman dituztela, Euskal Herrian ere kultura aldetik europako mailan izateko ezinbesteko estrukturak, dagozkion pertsonalekin eta materialekin sortu beharko genituzke.
  5. Liburutegi Nazionalari -erakunde nazionala izanda- dagozkion helburuak aurrera eramateko Jaurlaritzaren esku izan beharko lituzke, eta horretarako ere erakunde honen presupuestua Jaurlaritzaren kutxatik irtetzea onena izango litzateke.
etiketak: Albisteak
Gerardo
Gerardo dio:
2006/01/30 01:56

Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Azkenaldi honetan Euskadiko Liburutegiari buruz prentsan agertutako berriak lehengo lepotik burua jarraitu arren. Esan dezakegu dena ez dagoela irabazita /galduta. Izan ere "Euskadiko Liburutegiaren egoitza" nolakoa eta non izango den oraindik erabakita ez dago.

KuGari buruz egunkari batean hau irakurri nuen: " proiektua abian jartzeko gutxienez lau urte itxaron beharko da". Gutxienez lau urte!

Horrek esan nahi du, bederen lau urte ibili beharko garela liburutegietako adituak Liburutegi Nazionalaren aldeko argudioak zabaltzen.

Agintarien logika bitxia da! Ezta?

Legebiltzarrerako egoitza erakunde publikoak Autonomia lortu baino lehen prestatu zuten. Marmolezko harriak eta guzti. Jaurlaritzaren egoitzari buruzkoa zer esanik ez, ahalik eta azkarren aurkitu eta prestatu zuten eraikuntza, Baita Unibertsitaterako ere... Liburutegi Nazionalerako, berriz, hogeita bost urte eta gero hau!

Gerardo L.

Gerardo
Gerardo dio:
2006/01/19 13:36

Euskadiko Liburutegiari buruzko hirugarren mezua.

Bearing Point kontsultoreak egindako txostenean Euskadiko Liburutegirako emandako espazio fisikoa ikusteak zur eta lur utzi gaitu. Euskadiko Liburutegirako 1.200 metro kuadro. 100 metro bider 12 metro, alegia. Lotsagarria. Euskadiko edozein herritakoa baino txikiagoa! Aldera dezagun Koldo Mitxelena, Floridako Liburutegia, Antso jakintsua, edo Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegiaren espazio fisikoa!

Biltegi txikia baino izango ez den leku bat. Lotsagarria!

Tabako fabrikaren edo “KuGa”ren arduradun berriek - Joxean Muñoz, Santi Eraso eta Iñaki Galárraga- berriz, trebe eta maisu ibili dira atzoko Berria egunkarian egindako elkarrizketan. Euskadiko Liburutegiei buruzko galderei erantzun egokiak eman zituztelako. Teknikoek definitu beharko dute zen den gaur egun Liburutegi Nazionala.

Puntu honetan hartzen dut gaia, ez dakit egun hauetan hain ospetsu bihurtu diren zuzendari horiei nik egindako gogoeta apalak ailegatuko zaizkien. Baina, badaezpada hona hemen nire ekarpenak:

Ezbairik gabe, aurreko mezuetan adierazi nuenez, Liburutegi Nazionalaren proiektua nekez sartuko da “KuGa”ren proiektu barruan. (Baten batek aurreko mezuak nahi baditu ikusi, helbide elektroniko honetan klikatu: http://www.eibar.org/blogak/joana-albret)

Espainiako Autonomi Erkidegoetako Liburutegi Nagusi batzuk (Nazionalak, Orokorrak, Buruak) gainbegiratzea baino ez daukagu ideia orokor eta garbia egiteko. (Baliteke daturen bat zaharkiturik izatea, bada erakundeak sortu zirenekoak baitira).

  • Valentziako Liburutegia: Egoitza: Monasterio de San Miguel de los Reyes. 20.046 m2.
  • Extremadurako Liburutegia (Biex: Egoitza: Ondare kultural batean, Badajozeko Ospital Militarrean. 3.000 m2.
  • Gaztela-Mantxako Liburutegia: Egoitza: Alcazar de Toledo. 5.000 m2.
  • Gaztela eta Leoneko Liburutegia: Egoitza: Valladolideko Palacio del Conde Duque de Benavente. (74 x 108) metrotako oinarriko izugarrizko jauregia.
  • Andaluziako Liburutegia: Egoitza: Granadan, 1994ko oin berriko obra.
  • Murtziako Liburutegia: Egoitza: oin berriko obra, 11.000 m2.
  • Catalunyako Liburutegia: 15.000 m2 (Oso txikia gelditu dena)
  • Galiziako Liburutegia eta Hemeroteka: Egoitza: Oin berriko obra: Ciudad de la Cultura de Galicia. 19.300 m2.
  • Nafarroako Liburutegia: Egoitza: Oin berrikoa, 15.000 m2 inguru.

Liburutegi hauek aurrera eraman beharko dituzten eginkizunak gutxieneko azpiegitura teknologikoak eta beharrezkoak diren egoitza eta baliabideak izatea ezinbestekotzat jotzen dut. Ez dago ezer asmatu beharrik. Liburutegi nazionalak aspaldi sortu dira. Eta agerian dago beharrezkoa dela eraikuntza zabala eta independiente edukitzea, gaiontzeko lekuetan egiten den bezala.

Erakunde hauen betebeharrak (funtzioak), hamaika bider daude idatzita. Aipatutako Joana Albreten helbidean eta edozein Liburutegi Nazionalen arautegitan erraz aurki ditzakezue. Ez ditut berriro errepikatuko.

Gerardo Luzuriaga

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko liburuzaina

Gerardo
Gerardo dio:
2006/02/02 10:17

Atzo Irunberriko mendiak igo, bazkaldu eta Iruñeako kaleetan zehar paseatzeaz gain, Moneo Arkitektoak 2003 urtean egindako Nafarroako Artxiboa bisitatu nuen, beno hobeto esanda patioa eta kanpoko hormak baino ez nuen eduki denbora bisitatzeko. Moneok Nafarroako errege-erreginen jauregi zaharra (XII. Mendekoa) Nafarroako Artxibo bihurtu zuen. Eraikuntza modernoa. Gehiegi aztertuta ere, dena berri-berria iruditu zitzaidan, min egin zidan bakarra izena izan zen "Archivo de Navarra" hizki handiekin eta garbi. Izena gutxienekoa izanda ere, zergatik ez?: Nafarroako Artxiboa / Archivo de Navarra.

Ametsetan izango banintz bezala, gaur goizeko zazpi eta erdietan, erdi lotan, Euskal Irratian entzun dut Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamenduak erabaki duela Bilbon Artxibo Nazionala sortzea.

Agian, bihar joango naiz Logroñora La Riojako Liburutegi Orokorra bisitatzera, ea biharamunean entzungo dugun: Euskal Herriko Liburutegi Nazionala Altsasun sortu dutela.

Preso daudenak askatasun dute amets, liburuzainok Liburutegi Nazionala, aldea badago ere, oraingoz ametsak dira biak.

Gerardo
Gerardo dio:
2006/01/16 15:30

“KuGa”

Dakizuenez egun hauetan Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroari buruzko artikulu asko argitaratzen ari dira. Tiraldi hau aprobetxatzen gogoeta batzuei hastapena emango dizkiot.

1- Izena:

Baten batek esango du, baina zer demontre da “KuGa”. Oraingoz ez da ezer. Baina laster, "KuGa” Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren izenaren laburpena izan ziteken. Zergatik ez?

Azken egun hauetan egunkari guzti guztietan hitz hau baino desatseginagoa agertu da: Tabako fabrika, tabacalera, KGNZ, eta batik bat CICC. Euskarazko egunkarietako argazkietan ere CICC hitza baino ez da agertu. Hortaz Kulturako Garaikidearen Nazioarteko Zentroa esateko “KuGa” izena burutsua bezain erakargarria izan daitekelakoan nago.

Proposatzea doan denez hor doa nire proposamena: “Kuga”, “KuGa” izena aurrera ez bada, niri bost, ezer ez dudalako galdu.

2- 13ko BERRIA egunkarian esaldi hauek zekartzen:

“Lan horretan Bearing Point kontsultoreak egindako eta Administrazio Kontseiluak onartutako proiektua izango du zuzendari batzordeak abiapuntu, baina Kultura Sailburuak aurreratu duenez, zuzendariek askatasun osoa izango dute KGNZ ikusten duten beharren arabera kudeatzeko. Ez diegu inolako baldintzarik jarriko. Beraz, Bearing Pointen aurreproiektuak Euskadiko Filmategia, Euskadiko Liburutegia edota Ordoñez Falcon Argazki Fundazioa bertan joango direla dioen arren, Azkarateren arabera, ezin da hala izango denik ziurtatu ”

Dena den hurrengo paragrafoan zuzendaritzak Bearing Point kontsultoreak egindako aurreproiektua izango duela abiapuntu Tabako Fabrikaren edukiak zehazteko dio: "..Lehen solairuan Euskadiko Liburutegia (1.200 metro koadro) eta kultur berrikuntzako zentroa egingo lirateke (2.100 metro koadro). Horrez gain.."

Labur-labur, Euskadiko Liburutegia 1.200 metro kuadro? Gaizki hasiko gara Katalunyako Liburutegiak 15.000 metro kuadro dauzka eta dagoeneko gehiago beharko ditu. Nafarroako Liburutegi Orokorrak 20.000 metro kuadro edukiko ditu, nahiz eta metro guztiak ez dira izango soilik liburutegirako. Baina behintzat parametro normaletan hasiko dira. Gure kasuan langileen mahaiak ere ez dira sartuko.

Gerardo

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.