Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Liburuzainen egoera profesionala

Liburuzainen egoera profesionala

Gerardo Luzuriaga 2005/12/21 09:55

ALDEEk, Artxibategi, liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesionalen euskal elkarteak bidali digu CD-ROMa, profil profesionalari buruzko lan-taldeak 2005. urtean zehar egindako txostenekin.

Hona hemen lan honetan bote-prontoan ikusitako alderdi onak: Lehenik eta behin gai honi buruz eztabaidatzea eta laneko talde propio bat sortzea (liburuzain lanbideen duintasunak aurkitzea, profesionalizazioaren alde lan egiteko). Bigarrena, 2005. urtean zehar egindako lana plazaratzea eta liburutegi batzuei behintzat bidaltzea. Hirugarrena, argitaratzeko hartu duten formatu bera eskertzekoa da, bada CD-ROMeko informazioa erraz zabaltzeaz gain, erraz erabiltzen da. Laugarrena, euskaraz agertzea -estatistika atala izan ezik, ulergaitza egin zait Roberto talde horretan izanda, baina-. Bosgarrena, lan mardula da, hemendik aurrera liburutegietako edozein kontutan erreferentzia izango dena. Seigarrena, euskarazkoa baino ez dut irakurri, aurkezpena egokia da, akats gramatikal gabe, eta gustura eta erraz irakurtzen da.

Ezbairik gabe, beste ezaugarri positibo asko edukiko ditu, ez ditut zalantzan jarriko, aurrean aipatu dudan bezala bote-pronton egindako irakurketa baita. Hortaz, argi geratu dadila alderdi on batzuk aipatzeak ez duela kentzen beste batzuk ere izatea.

Hona hemen, berriz, kritikagarriak iruditu zaizkidanak.

1- Parte hartzaileen gainean.

ALDEEk antolatu, prestatu edo aztertutakoa izanda, zergatik ez da izan publikoa eta parte hartzea librea, edozein profesionalek parte har dezan, eta ez bakarrik aukeratuak? Betidanik pentsatu dut proiektuak irekiak izan beharko direla, denon artean egindakoak. Gehienok proiektu honen berri bukatu ondoren izan dugu. Zeinek prestatu ditu bideak? Ezbairik gabe, proiektu honetan beste profesional batzuk egonda beste emaitza batzuk jasoko ziran, beste ikuspuntu batzuk eskainiko ziran.

Hortaz, hasiera-hasieratik proiektua kontrolatuta izan dela esan dezakegu.

2- Presupuestuen gainean.

Diruak nondik irten du? Administrazioatik irten badu, nire buruari zera galdetzen diot, ea hau den une honetan dokumentazio arloan dagokigun proiektua. Dokumentazio munduan beste kezka batzuk hau baino interesgarriagoak ez al dauzkagu?

3- Lurraldetasunaren gainean: Euskadira soilik mugatuta.

Antolatzaileek zergatik ez dute sartu proiektu honetan Nafarroa?, edo gutxienez, zergatik ez dira saiatu profil profesionalei buruzko gaietan Nafarroako liburuzainekin batera ados jartzen? Kalitate, lanbide eredu, balorazio, sakon, zehatz, global hitzak aipatzea eta Euskal Herriko zati bat baino ez agertzea zaila izango zaie profesional batzuei, gehienei ez esateagatik- onartzea.

Lan mardula izan arren, gehiena deskribapen hutsa da, ez du ekarpen handirik egiten, aurretik jakitun baikinen. Nahiz eta 200 orri inguru izan, Euskal udalerrietan artxibo eta liburutegietako langileen egoerari buruzko aipamena izan ezik (33-34 or.), eta *“Los profesionales vascos de archivos, bibliotecas y centros de documentación”* estatistika atala eta liburutegi publikoak, kategoriak eta funtzioak atalak izan ezik, gainontzeko orrialdeak ez datoz bat proiektuaren izenburuarekin.

Irakurtzen aurrera joan ahala, galdera gehiago etortzen zaizkit burura, eta orriak pasatu ahala gutxiago ulertzen dut. Lehendabiziz, izenburua bera ere, gutxienekoa izan arren, ez da erraza ulertzen : *“Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteko (ALDEE) Profil Profesionalari buruzko lan-taldea”. Beno, laburpena baliteke izatea : “Artxibategi, liburutegi eta Dokumentazio zentroetako langileen profil profesionala”* . Horrela izango dela uste dut.

Lan honetan –Liburutegietako langileen profil profesionalaren gaia-, orokorrean hartuta, gai mamitsuak izan beharko liratekeenak bigarren mailan gelditu dira eta honako gai hauek nabarmendu dira: lanbidearen historia; lanbidea suspertzeko estrategia, XXI. menderako artxibo, liburutegi eta dokumentazio-zentroak; informazioaren eremuko profesionalen prestakuntza; pratika onen kodeak...

Txosten hauetan profesionalen gabeziak, prestakuntzen beharrak, bide berriak, irtenbide berriak, kalitatearen kudeaketak, eta antzerako gaiak azpimarratzen eta gailendu dira, eta bigarren mailan utzi dira arestian aipatutako profil profesionalaren aldarrikapenak.

Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio-zentruetako langileek egindako txostena baino enpresa batek egindakoa ematen du. Alde batetik 200 orrialde hauetan bizi garen egoera ontzat ematen da, inon ez da agertzen edo sumatzen kritika txikirik ere, eta orain arte egindako planteamendu berberak ikusten dira. Era hauetako txostenak, Euskal Herrian edo Murtzian eginda ere, antzerakoak izango lirateke.

Laburbilduz, txosten hauekin, zaila ikusten dut ezer konpontzea. Agian ezer ez konpontzea da txosten hauen helburua. Alde batetik, CD-ROMeko gaiei buruzko gogoetak ezinbestekoak eta erabat interesgarriak izanda ere, artikulu hauetan agertzen diren kontuak balorazio sozialarekin, profesional duintasunarekin harreman zuzena eduki arren erabakitzen ez diren elementu batzuk dira. Bestetik, atal batzuk interesgarriak bezain profesionalak badira ere, baten batek elementu hauek sektore profesionalaren egoera penagarri hau konpontzeko erabakigarriak dirala uste al du?

Berriro diot, ondo dago mundu honetako gabeziak aztertzea, profesionalen lana ere bada, baina profil profesionalaren aldarrikapenekin lotuz gero baten batek baino gehiagok ulertuko du gu, gure prestakuntza eta formazio gabeziagatik gaudela gauden lekuan.

Aipatutako estatistika atala interesgarria bada ere, -zenbakiek eta agertzen dituzten datuak ezin hobeto argitzen baititu liburuzainen egoera kaskarra-, eta Liburutegia publikoak, kategoriak eta funtzioak atalak gaia bete-betean asmatu badu ere, lana osotasunean hartuta oso eskasa da. Liburuzainen lanbidearen baldintzak sakon eta zehatz aztertzeko eta dagokion administrazioa egoera honi irtenbideak ematera behartzeko aukera eder bat galdu da.

Txosten hauetan ez da ikusten inon Euskal Herriko profesionalen errealitatean oinarritutako planteamentu garbia, gordina. Beste gai batzuk aztertu diren bezala, gaiaren mamia lantzea eta aztertzea falta da.

Bide honetarako ez zen beharrezkoa prestatu dituzten zakutuak. Etxeak oinarritik hasten dira eta ez teilatutik.

Hona hemen hainbeste orrialdeen artean falta dena: Ezinbestekoa da liburutegietako langileen egoera zehatz-mehatz arautzea. Lege baten bidez. Liburuzainen profila zehaztu behar du legeak, gutxieneko titulazioak eta lan baldintzak.Biblioteka publikoetan, udal biblioteketan batez ere, bibliotekari gutxi dago eta Administrazioko beste profesionalen aldean lan baldintza desegokietan jarduten dute: ordutegi aldrebesak eta erantzukizunarekin bat ez datorren soldata.

Liburuzainen profil profesionala ez bada arautzen lege baten bidez, medikuak, irakasleak, idazkariak araututa daukaten bezala jai daukagu. Edo zer pentsatzen duzue aurretik ez dugula idatzita eta aztertuta orri horietan agertzen dena?

Langileen soldata, prestakuntza akademikoen eskakizun maila alegia, orain dagoen bezala administrazioen esku utziz gero, zertarako ordainduko dio administrazioak liburuzain bati A maila, C maila ordainduta A maila bera edukiko duenean (C maila eskatuta oposaketetan lanpostua lortzen dutenek A mailakoak dira)?

Gerardo Luzuriaga

etiketak: Albisteak
Gerardo
Gerardo dio:
2006/02/03 14:14

Azken ARGIA aldizkarian -2006ko otsailean- agertu da Aldeek argitaratutako Liburuzainen egoerari buruzko CD-ROMeko erreferentzia:

"Liburutegiek izandako aldaketa aztertu du ALDEEK: Asko aldatu dira liburutegiak. Haietan dagoeneko ez daude liburuak bakarrik, geroz eta euskarri gehiago (CD-ROM, DVD, datu-baseak... ) jasotzen dituzte eta horrek ere aldaketak ekarri dizkie liburuzain eta dokumentalistei. Interneten zabalkundeak liburutegietan kontsulta gutxiago izatea ere ekarri du. Aldaketa horiexek jaso ditu Liburutegi ea Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkartea (ALDEE) egin berri duen azterketan, Profesionalak kexu dira egiten dituzten lan kualifikatuak ez direlako euren soldatetan islatzen. Esaterako, administrazio liburuzain postuetarako eskola graduatua baino ez dela eskatzen diote eta apenas baloratzen diren bibliotekonomia diplomatura eta dokumenazio lizentziatura. Bestetik, etengabe formatzeko beharra ageri da azterketan, teknologia berrien eraginez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.