Altzuzako Dokumentazio Zentroa
Iturria: 2005-12-21. BERRIA. Kultura
Intelektual oparoa
Altzuzako Dokumentazio Zentroan artistaren agiri eta eskuizkribuen sailkapena bukatu dute jada
ALBERTO BARANDIARAN - IRUÑEA
Urriaren erditik, Jorge Oteizaren agiri, liburu eta idazkiek osatzen duten ondare osoa aztertzeko dokumentazio zentroa zabalik dago Altzuzako museoan. Prest dago ikerlari eta adituentzat. Prest, sarearen bidez mundu osoan zehar zabaltzeko.
O rain arte, utzitakoari tamaina hartzen aritu dira teknikariak. Lan horrekin Carlos Martinez hasi zen 90eko hamarkadan, museoa proiektu bat besterik ez zenean, eta baldintza gogorretan. Orain, azpiegitura egokiaren epelean, fundaziorako lanean diharduten teknikariek jarraitu dute hasitako lana. Hurrengo urteetarako helburu nagusia sailkatutako guztia digitalizatzea da.Artistaren bizitza osoko ondarea sailkatzen, aztertzen eta katalogatzen aritu direnen esanetan, nolanahi ere, ez da dudarik: intelektualki oparoa izan zen Jorge Oteizaren bizitza.
Dena gordetzeko joera zeukan artistak
Idazki, ohar, gutun, argazki, dokumentu eta abarren artean, 25.000 erregistro inguru dauzka dokumentazio zentroak. Artistak Altzuzan utzi zuen liburutegian, berriz, 6.000 liburuki inguru daude, eta ia 4.000 liburuxka, 3.000 argazki, 4.000 gutun inguru... Dena gordetzeko joera zuelako, eduki ere, Jorge Oteizak.
«Museora iritsi nintzenean, egia esanda, edozer gauza espero nuen». Borja Gonzalez Riera egungo Dokumentazio Zerbitzuaren arduraduna da. Berak ezagutzen zuen beste artista batzuen ondarea sailkatzen aritutako teknikarien lana, eta jakin-min handia zuen Altzuzan zer topatuko. «Salvador Dali pintorearen ondarea nola zegoen banekien, esaterako. Artxibo pertsonal gehiago ezagutzen nituen, baina, egia esanda, hemen lana aurreratuta zegoen».Carlos Martinezek eta Pilar Del Vallek egindako lana gorabehera biak museoko lehen teknikariak, aurreko zuzendariak kargutik egotzi zituen arte, dokumentazio zentroak proiektu bat behar zuen, egitasmo bat, eta Gonzalez Rierak bazuen. «Zentro hau, mundu osoan Oteizaren inguruko ikerketen erdigunea izatea nahi genuen», dio. «Hormek liburutegia ez zedarritzea. Altzuzara etorri gabe ere, hemengo liburuak eta hemengo agiriak kontsultatu ahal izatea».
Argazki argitaragabeak, artelanen eskemak
Argazki argitaragabeak daude asko, eskuz hartutako mila ohar. Jasotako eta bidalitako gutun guztien fotokopiak, artelanen eskemak eta aldez aurreko marrazkiak. Eta poesia nola idazten zuen ulertzeko ezinbestekoak diren zirriborroak. Agiri horiek guztiak testuinguruan kokatu behar dira orain, gaiarekin ez ezik, garaiarekin eta pertsonekin ere lotu. «Dena sailkatuta daukagu», dio Gonzalez Rierak, «baina orain aztertu egin beharra daukagu. Aztertu, esaterako, loturarik ba ote dagoen liburutegian gorde zituen liburuen eta gero jorratu zituen gaien artean».
Liburuak begiratu eta aise ondoriozta daiteke poesia eta literatura, oro har, gai kutuna zuela. Zinemari buruzko liburu asko aurkitu daitezke, eta baita filosofia eta saiakerari buruzkoak ere. Arkitekturari buruzko lanak ere, ugari.
Museoak berak banatzen duen Itziar Carreño beka aurten jaso duten ikerlarietako bat da Emma Lopez. Atzo goizean, ikerlarien mahaietan lanean ari zen. Doktorego lanerako, Oteizaren begirada hiriaren inguruan gaia hautatu du. «Hiri guneetan nola jokatzen zuen aztertzea interesatzen zait; 50eko urteetan garatu zuen teoria hori benetako espazioetan nola landu zuen. Azken finean, espazioaz hitz egitea da arkitekturaren oinarria».
PROIEKTUAK
Artistaren poesia bilduko duen liburua, argitaratzear
Dokumentazio zentroaren arduren artean daude museoaren argitalpenak. Eta egungo helburuetako bat urtero lan bat argira ematea da. Aurten, Jorge Oteizaren lan poetikoaren berrargitalpena prestatu dute. «Berrargitalpen kritikoa» izango da, Borja Gonzalez Riera arduradunak azpimarratu duenez. «Ez ditugu lanak berriro moldiztegira eraman nahi izan. Jorge Oteizaren poesien edizio berria izango da, erabat».
Artistaren poemak hainbat argitalpenetan sakabanatuta daude gaur egun, baina horietako asko oso zailak dira aurkitzeko. Museoak datorren udaberrian artistaren idazki klasiko eta funtsezkoenetako bi kaleratuko ditu: Existe Dios al Noroeste, eta Itziar Elegia. Lan horien azken argitalpenak Pamiela argitaletxeak eginak ditu. Liburuki bakarrean argitaratuko dira orain, hainbat adituren sarrerak barne, oharrak eta agiriekin. Lanaren koordinazioa Gabriel Insausti Nafarroako Unibertsitateko Filologia irakasleak egingo du. Insausti Espainiako Poesia sariko finalista izan da, eta hainbat poesia liburu argitaratu ditu.2006. urtean, berriz, Quosque tandem...! lanaren berrargitalpena egin nahi du museoak. Hain zuzen, Quosque tandem...! artistaren lanik funtsezkoenetakoa da, hainbat euskal artista eta pentsalariren akuilua izan baitzen.