Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Liburutegi Legearen aurreproiektuaz

Liburutegi Legearen aurreproiektuaz

Joana Albret 2005/03/22 08:00

XXI. mendean gaude eta Informazioaren garaian bizi gara. Gure herria Informazioaren Gizartean kokatzeko helburuarekin etengabeko ahaleginak egin dira, bai teknologia berriak garatu eta gizarteratzeko, bai informazio sareak (Internet) zabaltzeko. Baina, informazio teknologiekin batera, behar-beharrezkoa da informazio sistema sendo eta egituratua izatea, ondoko bi helburu nagusiokin:

Lehenengoa, herrialde bakoitzari dagokion ondare bibliografikoa eta dokumentala gordetzea eta eskuragarri jartzea.

Bigarrena, informazio zerbitzu publiko eraginkorra ematea, herritar guztiengana berdintasunean helduko dena eta berrikuntza teknologikoek sortutako arrail sozial berria txikiagotuko duena.

Biblioteken Sistemaren beharrizana helburu horietan oinarritu behar da, ondo antolatu eta bitarteko guztiekin hornitu, bibliotekak baitira Informazioaren Gizartearen eragile garrantzitsuenetarikoak.

Lege aurreproiektura joanda, euskal ondare bibliografikoari buruz ari garenez, ezin dugu ahaztu berau hainbat esparru juridiko-politikotan zatituta dagoela, lurraldeari dagokionez. Hori kontuan izateaz gain, ondare horren babesa bermatzeko neurriak hartu behar dira, eta egungo legediaren arabera parte diren herri-agintarien arteko akordioak ziurtatu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, nahiz eta bertako administrazioak arlo honetako eskumen osoa eduki, atzerapen ikaragarria izan da (1990eko kultur ondareari buruzko lege orokorra besterik ez dugu), eta bitarte honetan erakundeen atomizazioa areagotu egin da, bakoitza bere eskumenen arabera, diru-iturrien arabera eta helburu propioen arabera antolatzen joan den heinean.

Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak guztiz premiazkotzat jotzen du liburutegien legea, euskal kulturaren informazio politika arautu eta ondare bibliografikoaren babesa ziurtatzeko. Baina gure mintegia ez dago batere ados Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak aurkeztu duen Liburutegien Legearen aurreproiektuarekin, eta berau ez onartzeko arrazoiak azaldu nahi ditu:

1- Hizkuntza eskubideak

EAEko Biblioteken Sistemak hizkuntza ofizialen erabilpena bermatu behar du. Elebiduna izango dela esatea ez da nahikoa: euskarari zor zaion lekua argi eta garbi arautu behar du. Lan ugari dago egiteko: Espainiako ereduak erabiltzen dira oraindik bibliotekonomiako lanetan, hemengo berezitasunak kontuan hartzen ez dituztenak; elebitasunaren auzia konpondu gabe dago, halaber, euskarri informatikoetan; Euskal Herriko bibliotekonomia eta dokumentazioaren profesionalak trebatuko dituen unibertsitate-ikasketarik ez dago...

2- Lankidetza

Aurreproiektu honek eratzen duen biblioteka sistema osoa arlo honetako erakundeen borondatezko lankidetzan oinarritzen da, erakundeen artean etorkizunean izan daitezkeen akordioetan. Borondatea, lankidetza eta koordinazioa guztiz beharrezkoak diren arren, ez dira aski egungo egoerari aurre egiteko. Euskal ondare bibliografikoa gorde, babestu eta zabaltzeaz ari garenean, konplexurik gabe egin behar zaio aurre zatiketa administratiboari: egungo legeak errespetatuz sustatu behar dira herri aginteen arteko akordio politikoak, eta, horietatik abiatuta, euskal ondare bibliografikoaren babesa ziurtatuko duen sarea eratu behar da.

3- Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea

Lege honek garatu nahi duen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean EAEko partaide batzuk falta dira; hala Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, nola Unibertsitateak eta Eskoletako liburutegiak; izan ere, etorkizunean Sarean parte hartzeko balizko eskarietan oinarrituko lirateke erakunde horiekiko harremanak. Arestian esan bezala, horrelako gai garrantzitsua lotuago egon beharko lukeela uste dugu.

4-Langileria

Ezinbestekoa da liburutegietako langileen egoera zehatz-mehatz arautzea. Liburuzainen profila zehaztu behar du legeak, gutxieneko titulazioak eta lan baldintzak.Biblioteka publikoetan, udal biblioteketan batez ere, bibliotekari gutxi dago eta Administrazioko beste profesionalen aldean lan baldintza desegokietan jarduten dute: ordutegi aldrebesak eta erantzukizunarekin bat ez datorren soldata.

Biblioteka Publikoa kultura arloko azpiegitura nagusienetakoa izanik, Lege aurreproiektuak kontuan hartu beharko luke oinarrizko arazo hau.

5- Ikasketak

Gai honek aurreproiektuan espresuki aipatua izan behar ez badu ere, daukan garrantziagatik kontuan hartuta izan beharko lukeela uste dugu. Estatu espainolean, Bibliotekonomia eta Dokumentazioaren unibertsitate diplomatura 1987 urtetik aurrera irakasten da hainbat tokitan, zenbait espezialitatetan jarduteko profesionalen heziketa ziurtatuz (kazetaritzako dokumentalistak, liburuzain zientifikoak, liburutegi publikoetako liburuzainak, artxibozainak ...). 1995etik aurrera Dokumentazioaren lizentziatura ere bada. Gurean, ordea, ez dugu euskal bibliotekonomiaren berezitasunak irakatsiko dituen ikasketa programarik. Harrigarria ez ezik, guztiz kezkagarria ere bada gaur egungo egoeran.

6- Euskadiko Liburutegia

Lege aurreproiektu honek zentro baten lidergoa falta du, liburutegi sistemaren buru izango dena. Aurreproiektu honekin, hainbat tresna ezinbesteko erakundeen arteko balizko borondatearen eta elkarlanaren menpe geldituko dira. Euskadiko Liburutegi Nagusiari dagozkion eginbeharrak sakabanatuta geldituko dira aurrerantzean ere zenbait erakunderen artean.

Euskal ondare bibliografikoaren defentsa eta zabalkundeaz ari garen heinean, EAE barruan ere akordioak gauzatu behar dira, inongo erakunderi protagonismo eta ardurarik kendu gabe, baina helburuak bermatuko dituen koordinazioa ziurtatuz. Horretarako, Euskadiko Liburutegi Nagusiak erakunde nagusia eta bakarra izan behar du, euskal bibliografi ondarearen eta euskal kulturaren zabalkundeaz arduratu, Euskal Agentzia Katalografikoa eratu, nazioarteko estandarrak gurera egokitu, eta beste hainbat lan egin ahal izateko.

Amaitzeko, sinboloen arloan dagokion paper garrantzitsua aldarrikatu nahi dugu, izan ere Euskadiko Liburutegi Nagusiak beste liburutegiek (Liburutegi Nazionala sortu artean) ordezkatuko ez duten egitekoa ere badu: euskal nortasun nazionalaren ikur bilakatzea eta egun munduan diren antzeko biblioteken ondoan egotea, Euskal Herriaren izaera propioa agerikoa izan dadin.

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.