Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Kulturaren Euskal Plana eta Biblioteka Nazionala

Kulturaren Euskal Plana eta Biblioteka Nazionala

Joana Albret 2003/07/17 10:00

[PDF] Egilea: Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia

Eusko Jaurlaritzak abiatutako Kulturaren Euskal Planaren barnean Liburutegien lan-taldean parte hartu eta ekarpenak egiteko aukera izan du Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak (Euskarak eta Euskal Ondare Bibliografikoak dituzten arazoen diagnostikoa egin eta konponbideak lantzeko helburuz, Euskal Herriko hainbat liburuzain eta dokumentalisten artean 1997an eratutako mintegia). Talde-lanean aritzeko metodologia desegokia eta parte hartzaileen artean hutsune nabarmenak ikusi arren, planarekin sortutako aldaketa eta hobekuntzarako dinamika esperantzarekin ikusi nahi dugu. Planarekin ikuspegi politikoen tentsioak gaindituz Kulturaren eremua lan-eremu ireki eta plurala izatea nahi den bezala, Mintegi honek ere xede berbera du liburutegien esparruari dagokionez; gure ustez, globalizazioaren garai honetan, Euskal Ondare Bibliografikoaren babesa eta hedapena egiteko, ezinbestekoa da ondare horri dagokion errealitate geografikoa eta linguistikoa kontutan hartuko duen Biblioteka Nazionala sortzea. Euskal Biblioteka Nazionala ez da proposamen politiko bat, teknikoki egin daitekeen proposamen egokiena eta eraginkorrena baino. Proposamen honi eman ahal zaizkion kontrako argudioak ez dira teknikoak, bestelakoak baino, eta bigarren mailara pasatzen dituzte kulturaren premiak eta beharrak.

Biblioteka Nazionala behar dugu, Euskal Bibliografia egiteko (nork eman behar dio bestela segida Jon Bilbaoren lan erraldoiari?), euskarazko katalogaziorako oinarriak eta ereduak sortuko dituen Agentzia Katalografikoa eratzeko, Euskal Herriko liburutegien arteko sarea ezarri, planifikatu eta koordinatzeko, ... azken finean hiritarrari, hau da, ondare bibliografikoaren erabiltzaileari nahiz sortzaileari, oinarrizko zerbitzuak eman ahal izateko eta nazioarteko erakunde guztiek eskatzen duten Herriaren Ondare Bibliografikoaren babesa eta zerbitzua eskaintzeko. Oinarrian izango duen legedia eta araugintza egin beharko dira, eta lan guzti honen jarraipena eta etorkizuna bermatzeko euskal bibliotekonomiaren unibertsitate-ikasketak sortu beharko dira.

Ezagutzaren Gizartearen zimenduen parte diren liburutegien antolaketa eta garapena bermatzeko nahitaezkoa da Teknologia Berrien erabilpen eta garapena, baina ez gaitezen teknologian oinarritutako proiektu birtualekin itsutu; teknologia berriak lan-tresna dira, lan-tresna garrantzizko, hori bai, baina ez helburu. Euskal Ondare Bibliografiko digitala edo digitalizatua Ondarearen zati bat besterik ez dira: Euskal Ondare Bibliografikoa edozein euskarritan dagoen dokumentuek osatzen dute, eskuizkribu, inkunable, inprimaki, zinta, disko, bobina, paper, papertxo eta web guneek.

Beste herrialdeekin konparatuz, biblioteka sistemaren eta biblioteka politikaren diseinuan hain atzeratuta egon arren, inoiz ez da berandu, eta gaur egungo teknologiek eskainitako erraztasunez gain, atzerapen honek beste abantaila handi bat emango digu: beste herrialdeetan lehenago egindako akatsengandik ikasi eta kalitatezko proiektu bat eraiki ahal izango dugu. Euskal Ondare Bibliografikoak behar du eta hiritar guztion eskubidea da. Lanean hasteko garaia da.

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.