Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Ipar Euskal Herriko liburutegiak...

Ipar Euskal Herriko liburutegiak...

Xan Othaburu 2000/05/02 10:00

[PDF] Egilea: Xan OTHABURU

Ipar Euskal Herriko liburutegien egoeraren parte baten agertzeko hautatu ditugun ardatz nagusiak euskarari edo irakaskuntzari lotuak egonen dira. Agerkari honetan aurkituko dugu bestalde Frantziako kultura sailak liburutegiei buruz eramaten duen politika, irakurketa publikoa (“lecture publique”) eremuan. Euskararen inguruko eta euskal munduko zenbait datu eta ikuspegi agertuko ditugu, zenbait adibide emanez, horietan Baionako Euskal Erakustokia eta Departamenduko liburu zerbitzugintzak lekuan jarri duena. Honen osagarri Ipar Euskal Herriko mapa batean kokaturik emanen ditugu hemengo herri liburutegiak edo liburu zerbitzugintzan aritzen diren zentru batzu. Euskarari lotuak geldituko garela esan dugu, alde batetik mintzaira bera bezala, euskarazko eskaintza liburutegietan negargarria delako eta horren salatzeko, beste alde batetik, euskaldunak frantses agintari batek zion bezala pesimista aktiboak garelako, egiten denaren erakusteko. Lekuko ikerlarientzat gelditzen da Euskal Erakustokiko dokumentazio zerbitzua, denek dakigun bezala publikoari oraino hetsia gelditzen dena. Zoritxarrez euskal fondo batentzat, ez da aipamenik egiten euskal liburutegi baten beharraz, euskarazko dokumentuak bildu eta publikoaren eskuetan utziko dituena, kudeaketa bai profesional mailan bai euskara mailan baldintza hoberenetan egin lezakeena (Bretainiarren kasua laburzki azalduko dizugu, proposamen honetan aurkitzen baitugu hemengo beharrei erantzuteko bide bat).

Irakaskuntzari lotuak geldituko garela esan dugu, hor baitira beharrak gehien senditzen, horren inguruan badelako jenderik lan egiten duenik, arlo horretan baita lehen aldikotz euskarazko katalogazioa sortu Ipar Euskal Herrian. Bertzalde IKAS euskal pedagogia zerbitzuak, irakaskuntzako lau sareak biltzen dituenak, azken urte hauetan abiatu egitura berriarekin eramaten duen dokumentazio zerbitzuaren berriak helaraziko dizkizugu; Ipar Euskal Herriko leku bakarrenetako bat da euskaraz katalogatzeko orduan. Parada ona ere irakaskuntzari lotua den CNDP sareaz hitz egiteko, eta Frantzian gaindi eta Ipar Euskal Herrian arrastoak dauzkan eskola edo ikastetxe liburutegietaz hitz egiteko, Kanboko Xalbador kolegioa barne.

1. Ipar Euskal Herriko liburutegiak

Ipar Euskal Herriko liburutegiek (eta liburu tokiek orokorki) egoera ezberdinak ezagutzen dituzte gaurregun ere. Aldea oso handia da herri liburutegiak konparatzen balin baditugu, adibidez Hendaiako herri mediateka (20 000 liburu, 3 200 CD audio, 110 harpidetza, sei langile soldatapeko, 12 000 biztanlentzat) eta Donibane-Garaziko liburutegiaren artean (langile bat denbora erdiz, 10 000 biztanle duen arro batentzat). Ber aldea aurkitzen dugu euskararen edo euskararen inguruko eskaintzan: leku bakarretan hiru hizkuntza erabiltzeko eta lekuko (Euskal Herriko) dokumentazioaren balioan jartzeko politika, beste anitz liburutegitan euskararen ez ezagutzerik eta/edo euskarazko eta euskararen inguruko fondo aberaste politika oso eskasa. Honekin batera esan nahi dugu ez dela gure solasa ulertu behar egiten denaren kritika soil bat bezala, bereziki dakigularik liburutegietan lan egiten dutenak beren lana ahal bezain ongi egiten entseiatzen direla. Bakarrik eskaintza eskas gelditzen den eremuetako hutsuneei gure kezken zuzentzean datza.

Ipar Euskal Herriko leku anitzetan aurki daiteke liburu gordailu edo depositurik [1]: herri liburutegi, mediateka, artxibategi, dokumentazio zerbitzu... Lehen biak agerkari honetan bertzalde aipatuak izanki besteetaz bi hitz eginen ditugu.

Euskal mundua hunkitzen duten artxibategi nagusiak Parisen, Paben, Londresen... aurkituko ditugu. Nafartarrok Iruñera joan beharko dugu; halere zenbait hirik beren artxiboak kontserbatzen dituzte; Baionako kasua hor dago, XII. eta XIII. mendeetako hiri aktak gordetzen dituela. Bertze leku aipagarrienetan, Baiona eta Euskal Herriko Merkatal eta Industria Ganbarako artxibategia (ekonomia eta itsaso ingurukoak besteak beste), Baionako apezpikutegia eta Belokeko frailetxea (erlijio eta musika ingurukoak)...

Dokumentazio zerbitzuetan aldiz ugaritasuna agertzen da: Senpereko INRAren zentruak ur-ingurumena, eta arrainen hazkuntzaz arduratzen da; Baionako Erizainen formaziorako erakundearena medikuntzaz baita beste anitz gaietaz (liburu zaharrak...); Biarritzeko Zientzia ikerketen zentruarena itsaso, itsasgizon eta naturalisteei buruzko arloetaz... Geroko utziko ditugu irakaskuntzari lotu bi dokumentazio zerbitzu, CDDPa, CRDP sarean sartzen dena (frantsesez funtzionatzen duena) eta Ikas euskal pedagogia zerbitzua (euskaraz).

Euskal Erakustokia 1924an sortu zen gauzen biltzeko eta erakusteko. Bete nahi duen beste funtzioetan, dokumentuen bateratzea badago. Herri Ohitura eta Arte Erakustokiei dagokienez, eskualdea ordezkatzen duen dokumentazioaren bilatzea, biltzea, kontserbatzea eta sailkatzean oinarritzen da, Baionako Euskal Erakustokiko dokumentazio zentruak euskarri ezberdineko dokumentuak biltzen ditu: liburuak (“Frantzian, euskal mundua hunkitzen duen liburutegi handiena” [2]), eskuizkribuak (aipagarrienak pastoralak), mikrofilmak, agerkariak (XIX. mendekoak ere), artxiboak, argazkiak, filmeak, bideoak, entzunezkoak... Erakustokian aurkituko ditugu adibidez Joanes Leizarragaren liburua, edo Axularren “Gueroco guero”... Gaurregun Dokumentazio zerbitzua publikoari hetsirik gelditzen da, berritze obrak direla eta; garai horretan informatizatze lanari ekin diote. Agian laster baliatuko dugu horrelako gunea. Ohar bat dokumentu katalogatzeari buruz: arlo bereko dokumentazio zentruen ereduei segitzen diete, eta hori zoritxarrez erdara hutsean.

Ipar Euskal Herriko liburu zerbitzugintzari azken deskribapen baten emateko aipa dezagun Pabekoari iratxikia dagoen Ipar Euskal Herriko BDP-a [3]. Hazparnen kokatua da, gehienbat literatura hunkitzen duten 200 000 liburu dauzka eta departamenduaren menpe dago, Zerbitzu honek 10 000 biztanle peko 90 bat herri hunkitzen ditu, herri liburutegiak (18) elkarte liburutegiak edo eskolak liburu gordailuak bihurtuz. Bibliobus sistema batek liburuen banaketa segurtatzen du, hiru hilabeterik behin. Liburu gordailu bakoitzak galde edo behar zehatzak helaraz diezazkioke egoitza nagusiari.

Ipar Euskal Herriko herri liburutegiak

Bakarrik agertuko ditugu herri liburutegiak eta dokumentazio zerbitzu bereziak, elkarte liburutegiak edo publikoari ideki liburu gordailu guziak gehiegi bailitezke. -------

Leienda:

-- HL: herri liburutegia; PL: parropiako liburutegia; M: Mediateka; BDP: Bibliothèque départementale de prêt; DZ: Dokumentazio zerbitzua; EE: Euskal Erakustokia; B: beste liburutegia

2. Euskarari buruzko zenbait kezka eta urratsen proposamena

Gure euskarari buruzko kezka bi arlo nagusitan agertzen da: lehena euskarazko fondoen biltze, aberaste eta denen eskuetan ezartzean, bigarrena dokumentu horien euskaraz tratatzeko garaian.

Herri eta elkarte liburutegi bakoitzak bere fondoaren aberasteko politika eramaiten du, barne ohiturei segituz edo galdeei erantzunez. Azken pundu honetan irakurlegoaren portaera euskararen egoerari lot diezaiokegu: leku gehienek aitortzen dute euskarazko irakurlegoaren kopuru murritza, gehienetan haur eta gazteek ordezkatzen dutelarik. Beste alde batetik salatzekoa da duela zenbait urte Eusko Jaurlaritzak herri liburutegiei egin zien liburu eskaintza anitz lekutan luzaz kutxetan egon dela, hamaika arrazoinengatik. Horietan liburuzainen euskaraz ez jakitea agertzen da.

Gure ustez profesionalen elebidun izateak baimenduko luke irakurlego berri baten lortzea, interes berri batzuen piztea, ideien barreatzea, beste jende batzuei amets egiteko eta jorratu gabeko bideen idekitzea... hots liburuak berez opari ditzakeena publiko zabalago bati eskaintzea.

Liburuzain euskaldunek deitoratzen dugun fondoen eskasa eta hizkuntzari buruzko ezagutzaren eskasarekin batera, egun guzietako lanerako behar diren tresnen falta agertzen da. Katalogatzeko garaian, zenbait tresna beharrezkoak dira eta alde egiten digute. Hala ere, ezin gaindituzko arazorik ez delako, zenbait urrats eginak edo egitekotan dira, bereziki dokumentazioaren kudeatzeko logizielaz eta thesaurusaz aritzen garelarik.

Euskaraz katalogatzen dugunok, Grenoble hiriko enpresa batek sortu SuperDoc logiziela erabiltzen dugu, malgutasun handi bat proposatzen baitigu. Ohidurazko funtzioak eskaintzeaz gain (dokumentu kudeaketa, informazio bilaketa, emaitzen hustirapena, maileguen kudeaketa...), programak baseak nahi den kopuruan eta nahi den formatuan eraikitzeko moldakortasun handia eta thesaurus ezberdinen erabiltzea baimentzen du; horietan euskarazkoa nahiz norberak moldatutakoa erraz sartuko genukenean. Bertzalde esteka batzuen bidez, baseen arteko loturak eraik ditzakegu, baita Internet edo Intranet-erakoak ere.

Beste tresna bat eskasten zaiguna, euskarazko gai zerrenda da, nahiz thesaurusa hobetsiko genukeen. Azken honen osatzeko hitz edo hitz multzo batzu baditugu, deskribatzaileak deitzen direnak. Egituratuak eta antolatuak (hierarkizatuak) dira erlazio batzuen bidez. Sailkapen bat baino indexazio finagoa eskaintzen du: deskribatzaileak nahi den kopuruan hauta daitezke, dokumentuaren aspektu ezberdinak agertaraziz. Hezkuntza Nazionalak Motbis thesaurusa sortu du irakaskuntza mundua erabil dezan: ikastetxe, CRDP eta irakasle formakuntza leku... sare lana baimenduz. Irakaskuntzari lotu beste thesaurus bat ezagutzen dugu ere, hau da Europako Kontseiluak sortu duena, EET (European Education Thesaurus)(4).

Urratsak urrats!... gauzak aurreratzen dira eta pentsatzen dugu Motbis thesaurusaren euskaratzea urte hasiera honetan abiatzen ahalko dela; bertzalde SuperDoc dokumentazio-logizielaren euskaratzeko lehen pausoak emanak dira.

Liburuzain euskaradun profesionaleen ezak eta oraino euskarazko eta euskararen munduko dokumentazio bilgune baten faltak erakartzen digu Bretainian agertu den proiektu baten aipatzera: “Al levraoueg vrezhonek” (la bibliothèque bretonne)[5].

Bretainiarrek ere bretoierazko dokumentuen bateratzeko eta publikoaren eskuetan uzteko liburutegi baten beharra senditu dute. Emglev elkartea sortu dute eta xedetzat hartu kultur egoitza berri baten sortzea, bretoiera ez duena museo batean bezala finkaturik utziko baina balorizatuko duena, egun guzietako lan tresna eginez. Egoera zertan den abiatu dira: bretoierazko liburutegirik ez izanki, orai arte sailkapen bibliografikoa egiteko orduan bretoiera hizkuntz arrotza bezala hartzen da, eta bretoierazko liburuen sailkapena egiten da, hizkuntzaren araurik kontutan hartu gabe. Ondotik ikus genitzake Liburutegi bretainiarraren misioak(6), euskal munduan geure egin ditzakegunak.

3. (Euskarazko) Irakaskuntzaren inguruan aurreratu pausoak

Irakaskuntzaz aritzeko arrazoiak gorago emanik, euskaraz funtzionatzen duten bi gune aurkeztu nahi dizkizugu, bakoitza Estatu mailan egiten denean sartuz.

Gero ta gehiago lehen hezkuntzako ikastetxeei galdegina zaie liburutegi edo dokumentazio zentru baten antolatzea eta horretan dabiltza bigarren mailako eredua baliatuz. Lehenetan irakasleek (edo ikasleek) kudeatzen badute zentrua, kolegio eta lizeotan dokumentalistek edo profesionalek kudeatzen dute CDI(7) edo Informazio eta dokumentazio zentrua. Hauen misio nagusiak dokumentazioa edozein euskarritan (teknologia berriak, Internet barne), informazioa ahal bezain zabala (prentsa, ikastetxe eta honen inguruko gertakariak, hezkuntzari buruzko legedia...) eskaintzean oinarritzen dira. Zentru horiek hezkuntzaren barne eta ardatz izan nahi dute. Irakaskuntzaren planteamendu pedagogikoa berritzen ari da, ikasleek ez dute soilik irakasleen jakintza iturritik edan behar, ikasketen edukia bezain garrantzitsua da gaiaz jabetzeko erabiltzen den moldea. Premiatsuak dira ikasleak jakin dezan informazio edo dokumentu bat bilatzen, aurkitzen, hautatzen eta erabiltzen. eta irakasleekin partzuergoan, dokumentalistaren laguntza eta gidaritza.

Euskal liburuak eta euskarazko dokumentuak Seaskako eta gela elebidunak (B eredua) dauzkaten ikastegietan baizik ez dira aurkitzen; galdea eginez geroz, aberasteko parada ukan dute azken bi urte hauetan Eusko Jaurlaritzak eman eta Ikasek banatu liburuekin. Kanboko Xalbador kolegioak duela urte batzu CDIa muntatu zuen eta geroztik D ereduko haurrei bi hizkuntzetako liburu eta eskuliburu hautu zabal baten eraikitzen segitzen du, katalogazio lana euskaraz eginez. Ikastetxe gehienek euskarazko eskaintzan zeukaten hutsunearen betetzeko sortu da Ikas euskal pedagogia zerbitzua.

1959an sortu elkarte honek, araudiak berritu zituelarik 1996an, xedetzat hartu zuen “euskararen eta euskarazko irakaskuntza hedatzen laguntzea, bai eta euskal ondarea eta kulturaren ezagutza bultzatzea eskoletan, bide hauek erabiliz:

  • mota guzietako dokumentalak maileguz eskainiz...
  • pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza landuz...
  • dokumentu berriak sortuz eta hedatuz...” (8)

Lehen bideari doakionez, euskarri ezberdineko dokumentalak izan daitezke: liburu (eskolako eskuliburu, literatura obra, entziklopedia, ikerlan...), entzunezko, ikusezko, disko konpaktu, CD-Rom... Bertzalde araudiari begiratzen badiogu berriz ere “IKAS euskal pedagogia zerbitzua kontsultatzen ahalko da komunikabide aitzinatuenak erabiliz”. Urrunago “Zerbitzu horiek oroz gainetik eskola publiko eta pribatuetako irakasleei eskaintzen zaizkie, helduen irakaskuntzan ari direnei, kultur arduradunei, bai eta publiko zabalari”.

Bertzalde IKASek elkarlan-hitzarmena dauka CNDP(9) sarean sartzen den Akitaniako CRDParekin(10), Parisen kokatu sareburuak, eskualde maileko 29 zentruek eta departamendu bakoitzeko CDDPek(11) osatzen dute sarea. Departamendu honentzat, Pabeko zentruak adar bat dauka Baionan. CNDParen misioetan aurkitzen dugu dokumentazio funtzioa, horretan informazioaren kudeaketa eta dokumentu pedagogikoen beharren azterketa. Edizio sailean, edizio pribatua osatuko du eta euskarri ezberdinetan eta publiko mugatu bati eskaini dokumentuetan eskua har lezake. Hor arestian aipatu Motbis thesaurusa, ikastetxeak horni ditzakena. CNDPa bezala, CRDP eta CDDPek dokumentu baliabideen bilgunea behar dute izan.

Baionako CDDParen adarraren parekoa nahi du izan IKAS euskal pedagogia zerbitzua, bereziki liburutegi eta dokumentazio zerbitzuan. Ezberdintasun handi batekin: publikoa irakasle euskaldunak izanki, lanean aritzeko orduan baita katalogatzekoan euskara egun guzietako tresna dela erran behar.

Azken hitza

Liburu mundua zabala zela bagenekien, liburu zerbitzugintzak anitz aspektu dituela Ipar Euskal Herrian ikusten dugu, Frantzia mailako ereduak segitzen dituela behin eta berriz erran behar dugu. Herri liburutegien egoerak hobetzen segitzen du eta pozgarria da; honekin batera agertu nahi ukan ditugun gauzetan gure hizkuntzaren eta honen tratamenduaren gaurregungo izaera da. Deus guttitik zerbaitetara heltzea da orai arte egin dena. Euskaraz eta euskararen inguruko gauzetan egiten dena arlo eta eremu guzietara hedatzea izan behar du gaur eta biharko erronkak. Zenbait egitura beharrezkoak direla erranik, lan bat elkarrekin eraman behar dugu eta zenbait urrats eginak dira: Euskal Herri guziko liburuzainak biltzen dituen eta bil ditzakeen Joana Albret mintegia hor dugu, egin dituen lanekin eta bere errebendikazioekin (Biblioteka nazionalarena barne). Profesionalen borontatea hor dugu, beste gauza batzu oraino gauzatzekoak dira euskaraz lan egiteko garaian, bainan tresna horiek ere mende eta zendako ez urte berriak gure eskuetan ezarriko dituela gutiziatzen dugu. Urratsez urrats...

Xan Othaburu Ikas euskal pedagogia zerbitzuko dokumentalista

-------------

[1] Xehetasun gehiagorentzat ikus: Ondarearen gidaliburua: Ipar Euskal Herria. EKE, 1998.

[2] Haritschelhar, Jean: “Le Musée basque: une institution au service de la culture” in Hommage au Musée basque. Euskal Erakustokiko Adixkideen elkartea, 1989

[3] BDP: Bibliothèque départementale de prêt.

[4] EET new edition, 1998. Interneten kontsulta dezakegu Eurydice Europako Kontseiluaren gunean: http://www.eurydice.org

[5] “Rapport sur la nécessité de créer une bibliothèque publique dédiée au breton et fonctionnant en breton: Al levraoueg vrezhonek, la bibliothèque bretonne” in Kannadig, 56. 1998

[6] Liburutegi bretainiarraren misioak.
1. Bildu: bretoieraz eta bretoieraren inguruan eta euskarri ezberdinen bidez kolekzio entziklopedikoa eraiki, publiko zabalari, ikasleei, ikerlariei idekia dagoena.

2. Kontserbatu: - kolekzio entziklopediko hori ongi erabilia izanen dela segurtatu, lanaren ezagutza baita bretoieraren ezagutza duten profesional batzuen bidez.

  • kolekzioari babesa segurtatu.
  • Liburutegi bretainiarraren geroa segurtatu.

    3. Garatu:

  • bretoierazko fondoen jabeei galdegin Liburutegi bretainiarrean bere ondasuanren uztea. (...)
  • Liburutegi bretainiarreko legezko gordailua sortu, bretoierazko edo bretoierari doazkion dokumentu guzientzat.

    4. Hedatu

  • Liburutegi bretainiarreko fondoa edozeini ikusgai bilakarazi, oraiko komunikaziobide berrien bidez.
  • Liburutegi bretainiarra integratu dokumentazio zerbitzu eta Unibertsitateetako liburutegien nazioarteko sarean...

    5. Animatu

  • idazleak Liburutegi bretainiarrean erakarriko dituzten kultur animazioak antolatu...
  • bretoiera idatzia eta mintzatuaren erabileraren promozioa egin...

[7] CDI: Centre de documentation et d’information/Dokumentazio eta informazio zentrua.

[8] IKASen Administrazio kontseiluaren erabakia, 1995eko iraila.

[9] CNDP: Centre national de documentation pédagogique/Pedagogia dokumentazio zentru nazionala.

[10] CRDP: Centre régional de documentation pédagogique/Eskualdeko pedagogia dokumentazio zentrua.

[11] CDDP: Centre départemental de documentation pédagogique/Departamenduko pedagogia dokumentazio zentrua.

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.