Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Gerardo Luzuriaga 2001/03/18 10:00

Egilea: Gerardo LUZURIAGA

Beste batzuekin batera, gure taldeak, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak, azken urte hauetan egindako hausnarketa eta aldarrikapenei esker, Euskal Herriko Liburutegi Nazionalaren beharra agerian geratu da. Herri guztiek duten erakunde hori, Liburutegi Nazionala alegia, Euskal Herriarentzat guztiz premiazko bihurtu da. Estaturik gabeko beste zenbait lurraldetan ere sortu dituzte Liburutegi Nazionalak. Hor daude esaterako, Katalunia, Quebec, Gales eta Eskoziakoak. Eta gezurra badirudi ere, Andorra eta Gibraltar ere ez dira atzean geratu. Euskal Herrian, aldiz, oraingoz behintzat, proiekturik ere ez dugu. Material bibliografikoari dagokionez, kopuru nahikoa eta kalitatezkoa dugu. Autonomia Estatutuak indarrean jarriz geroztik, 1980 urtetik hona, sortu den ekoizpen bibliografikoa ikaragarria da. Beraz, bildu dugu jadanik aski material bibliografiko zaindu eta zabaltzeko (liburu, aldizkari, egunkari, grabatu, kartela, mapa, marrazki, argazki, diapositiba, mikrofitxa, disko, zinta, cd-rom, bideo, agiri elektroniko, inkunable, eskuizkribu eta abar). Era berean, beste herri batzuetan gertatzen den bezala, erakunde zibilek, erlijiosoek edota partikularrek egindako erosketez, trukaketez aparteko bilduma osatzen joango gara. Horrela, Euskal Herrian bertan sortzen den ondare dokumental baliotsua eta, kanpoan ere, gure herriari buruz argitaratzen den guzti-guztia gordez gero, ondorengoko belaunaldietakoei iritsiko zaie gure altxor preziatu ordainezina.

Bestalde, erakunde horrek nazioarteko araudiak egokitu eta unibertsaltasunaren printzipioei eta nazioarteko irizpideei jarraituz egin beharko lituzke katalogatze prozesuak. Halaber, Euskal Herri osoko liburutegietako buru eta koordinatzaileak bideratuko dituen erakundea izango da. Aipatutako koordinazio lana eta eginkizunak gauzatzeko beharrezkoa diren diru, giza baliabide zein baliabide tekniko guztiak ezinbestekotzat jotzen ditut, baita liburutegi hori toki jakin batean izatea ere. Bitarteko, tresna eta gidaritza hauek sortzeak lan handia eskatzen du, eta urteetan zehar egin behar duen teknikari talde baten lana eta politika bibliotekario serio baten plangintzaren burua beharrezkoak dira.

Gauzak horrela, harrigarria da, gaia gizarteratu eta gutxira, proiektuaren diseinuaz mintzatu beharrean han-hemenka, eraikuntzaren beharrik ez dagoela entzutea. Nik neuk Liburutegi Nazionala toki jakin batean egotea ezinbestekotzat jotzen dut, zereginak duintasunez betetzeko behar diren baliabide guztiak ahalbidetuta. Ez dut ulertzen kasu honetan liburutegi birtuala izatea, eta susmoa daukat ez ote den izango proiekturik eza, borondate falta edota azken hogei urteotan bezala jarraitzeko aitzakia.

Irudi birtualaren kontzeptua berritzat, aurrerakoitzat jo arren, kasu zehatz honetan egokia ez delakoan nago. Informazio eta dokumentazio munduan lan egiten dugunok ondo baino hobeto dakigu birtual hitzaren esanahia eta balioa. Gure dokumentazio guneetan, teknologia berri hauek dauzkaten abantailez baliatuz %30 aurre egiten diegu gure eguneroko beharrei. Zinez lagungarri eta erabilgarri bi- hurtuz. Aitzindariak gara, beraz, bitarteko hauek erabiltzen, eta, gainera, ezin da inolaz ere ahaztu informazio eta dokumentazio arloa, gaur egun, erabat lotuta dagoela teknologia berriekin.

Ez dago ezer asmatu beharrik. Liburutegi nazionalak aspaldi sortu ziren. Eta mundu osoan ez dago Liburutegi Nazionala modu birtualean eratu duen herririk, herri guztietan erakunde horrek bete dituen eginkizunak kultura komunitate baten erreferentzia bibliotekario zuzena eta nagusia izan baitira, herri baten memoria izanik, finean.

Horrenbestez, azkenaldi honetan, kultura sustatzeko asmotan, Euskal Herrian bertan beste eraikin batzuk aurrera ateratzen ari diren moduan, Oñatiko lau solairuko Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa, Errenteriako Eresbil Musika Artxiboa, edo Gasteizko Arte Museoa, Liburutegi Nazionalaren etxea eraiki beharra dagoela defendatzen dut. Teknologia berrienak, liburu elektronikoak, programa eta sistema aurreratuenak, interneta, sare informatikoak eta beharrezkoak diren giza baliabide guztiak ere jarri beharrean gaude. Baina, berriro diot hori guztia bilduko duen eraikina egin beharra dagoela. Kristalez, titanioz eta plastikoz egindako eraikin adimentsua, agian, baina, esan gabe doa, dauzkagun premiei egoki erantzungo dien liburutegi moderno eta ikusgarria behar dugula, eta ez birtuala.

Gerardo Luzuriaga

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.