Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskal Biblioteka Nazionala

Euskal Biblioteka Nazionala

Pruden Gartzia 2000/06/01 10:00

[PDF]Egilea: Pruden GARTZIA

1. TESTUINGURU HISTORIKOA

Euskal Herrian, bibliotekei dagokienez, funtsean orain dela ehun urteko egitura bera dugu. Aldundi bakoitzak berea, eta udal bakoitzak beste horrenbeste. Ukaezina da azken bi hamarkadetan ahaleginak egin direla biblioteka berriak zabaltzeko eta zeudenak modernizatzeko, baina salbuespenak salbuespen bakoitza bere aldetik dabil, eta beraien arteko loturak oso makalak dira. Egun, elkarlana oso kontu zehatzetara dago mugatua. Zergatik ez dago biblioteka guzti horiek koordinatuko lukeen Biblioteka Nazional bat? Proiektua ez da berria: Eusko Ikaskuntzaren Igo Biltzarrean (Oñati, 1918), Euskal Unibertsitatearen eskaerarekin batera, Euskal Biblioteka bat sortzeko proiektu bat aurkeztu zen (Tomas Etxebarria: Proyecto de creación de una biblioteca exclusivamente vasca). Ez zetorren “nazional” izenondoaz lagundurik eta soilik euskal gaietara mugatuko zitzatekeen biblioteka aldarrikatzen zen (zentzurik zabalenean hartuta, hori bai). Baina erakunde berria izango litzateke, hots, 1918an garbi ikusten zuten erakunde berri bat behar zela euskal kulturaren premiei erantzuteko; ez zela nahikoa egitura zaharrak indartzea eta modernizatzea. Gaur egun, ditugun biblioteka-egituren mugak eta erakunde berri baten beharra inoiz baino nabarmenagoak dira.

Nolako erakundea zehazten hasita, berriz, planteamendu bat baino gehiago egin daitezke. Duda barik, 1918ko proiektua, bere horretan hartuta, neurri batean baino ez da baliagarri gaur egun. Aldaketa franko izan dira ordutik hona. Badago zertaz hitzegin, zertan sakondu, hausnartu. Tabuak eta fetitxeak, biak apurtu behar dira. Ez dut zeruan idatzita ikusi nolako biblioteka behar dugun. Bi gauzatan, ordea, ados egon gaitezke danok: Euskal Herri osoko biblioteken arteko harremana bultzatu behar da, eta harreman horietan euskara da oinarria eta giltzarria. Arazo politikoak (noiz eta non ez daude?) ez dira, ez lukete izan beharko, bi baieztapen horien gaineko adostasuna pitzatzeko gauza.

2. LEGE TESTUINGURUA

Ezen, gaur egungo legeria berez nahikoa eta sobera da Biblioteka Nazionala sortzeko, borondaterik badago. Ikustagun. Nere uste apalean, abiapuntua honako hau izan beharko luke: egungo Euskal Herria, sozialki, herri eleaniztuna da. Eleaniztasun horretan historikoki galtzaile bat egon da: euskara. Hori dela eta, azken hogei bat urtetan euskara Euskal Herriko zati batzuetan hizkuntza ofiziala bihurtu da, eta ahalegin bereziak egin dira eta egiten ari dira pairatu duen bidegabekeria historikoa leuntzeko eta elebitasun orekatua lortzeko. Kontu ezagunak dira horiek, jakina, baina euskarari buruz horrenbeste arduragabekeria entzuten den egunotan ez da alperrikakoa berriz ere gogoratzea [1]. Azpimarratu beharko genuke, hala ere, horrenbeste gogoratzen ez dena, alegia, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak egin dezakeela eta egin behar dituela beste erkidego edo estatuekin euskara eta euskal kultura gorde, zaindu eta sustatu aldera [2].

Badirudi, beraz, euskara ofiziala izatez gain kultur-ondare bereziki garrantzitsua denez gero [3], Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak legez batere oztoporik ez dutela elebitasuna biblioteketara eramateko, zein bere erkidegoan edota elkarren artean elkar-laguntza hitzarmenak sinatuz. Horretarako tresna egoki bat, egokiena ziur aski, batek bere aldetik edota bien artean Euskal Biblioteka Nazionala sortzea litzateke, erakunde horrek bidera dezan euskarari buruzko erabaki tekniko guztiak [4] Bibliotekonomiaren esparruan. Goraki esan dezagun, bada, legeriaren ondorio logikoa: Euskal Biblioteka Nazionala bezalako proiektu bat egitea, izen horrekin edo beste batekin, egungo legeriaren arabera erabat posiblea da. Areago, Eusko Jaurlaritzaren kasuan legeak berak helburu hori paratzen dio [5]. Komenigarria litzateke Estatutuaren eta Foru Hobekuntzaren aldekoek zein kontrakoek oinarrizko datu hori bistatik ez galtzea.

3. EUSKARAREN EGOERA BIBLIOTEKETAN

Arrazoi asko dago Biblioteka Nazional bat eskatzeko. Baina badago bat, nire aburuz, guztien gainetik gailentzen dena: euskararen normalizazioa. Ezen eszeptikoenak ere aitortuko du Biblioteka Nazional bat ez bada sortzen, euskararen normalizazioak oztopo izugarriak izango dituela bidean.

Zer egin dute orain arte Herri Aginteek legeak agindutakoa betetzeko, alegia, elebitasuna sustatzeko biblioteketan? Erantzun laburra emango dugu: Bibliotekonomiaren esparruan, une honetan dakigunaren arabera, oso gutxi.

Labur erantzuteak badu bere arriskuak. Kasu honetan, begibistakoa da azken urtetan euskarak aurrerakada haundia egin duela administrazioan, eta ondorioz, baita biblioteka askotan ere. Horrela, euskaraz dakien bibliotekari asko dago egun lanean, eta lanpostu askotarako (ez nahikotarako, ordea) euskara jakitea eskatzen da. Era berean, errotulazioan, oharretan, ordenagailuen menuetan, eta abar, euskarak badu presentziarik, gero eta haundiagoa gainera. Baina guzti hori administrazio osoaren euskalduntze orokorrari zor zaio (hizkuntza-eskakizunak, udal ordenantzak, etab.). Esaten ari garena da Bibliotekonomiaren esparru teknikoan, salbuespenak salbuespen, ez dugula arazo honen tamainari erantzuteko gai den ekimenik ezagutzen.

Har dezagun adibiderik nabarmenena. Denok dakigun bezala, katalogoa da edozein bibliotekaren lan-tresna nagusia, berak ematen baitu zerbitzu guztietara iristeko giltza. Zenbat biblioteka-katalogo egin dira euskaraz? Baina agian galdera ez dago ondo paratua, ezen euskara ofiziala den Euskal Herriaren zatian, legean eta gizartean elebitasuna dugu erreferentzia nagusi. Galde dezagun, bada, zenbat katalogo elebidun dago Euskal Herrian? Kasu biotan erantzuna berbera da: oso-oso gutxi, salbuespen bakan batzuk [6]. Erakundez-erakundeko errepasoa eginez, esan dezakegu Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietako bibliotekek ahalegin batzuk egin dituztela, nahiko motz gelditu badira ere; Eusko Jaurlaritzak hainbat aldiz gai-zerrenda elebidun bat iragarri du, oraingoz bukatu gabea; azken horren menpekoak diren hiru erakundetako bibliotekek (HABE, SHEE-IVEF eta HAEE-IVAP) ahalegin ausartak egin dituzte, baina laguntza premia haundia aitortzen dute; Udalek ez dute ezer egin [7]; Unibertsitateek (publiko zein pribatuek) ez dute ezer egin [8]; eta abar. Azpimarra dezagun beti ere Bibliotekonomiaren esparru teknikoari buruz ari garela.

Bada garrantzi berezia duen beste gai bat: programa informatikoena. Egun, katalogo guztiak formato elektronikoan egiten dira. Eta hemengo hutsunea biziki larria: gaur egun biblioteketan erabiltzen diren programak ez daude gertatuta katalogo elebidunak kudeatzeko. Salbuespenak salbuespen, arazo hori ez da kontuan izan programa informatikoa erosteko orduan [9]. Izango ote da aurrerantzean?

Horrelako egoera batean, ba ote dago inork pentsatzen duenik euskara normalizatuko dela Biblioteka Nazionalik gabe?

4. EUSKALTZAINDIAREN LANA

Gaur egun euskarazko katalogogintzan martxan den proiekturik sendoena Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren Katalogoa da. Aurreikuspenen arabera, 2000. urtean bukatuko da eta, beraz, data horretatik aurrera izango dugu Humanitateetan espezializatutako biblioteka baten katalogo oso bat euskaraz, formato informatikoan eta nazioarteko arau bibliotekonomikoen arabera egina.

Euskaltzaindiak borondate garbia adierazi du horren emaitza teknikoak zabaltzeko, eta hori dela eta hainbat bilera egin izan ditu zenbait erakundetako ordezkariekin. Baina, dudarik ez dago, Biblioteka Nazional batek asko erraztuko luke proiektu horren emaitzen hedapena.

5. NOLAKO BIBLIOTEKA NAZIONALA

Egungo egoeran ez dirudi erreza Euskal Herriko hiru erkidegoen artean erakunde amankomun bat sortzea. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko arazorik Euskal Biblioteka “berri”, “nagusi”, “nazional”, edo dena delako bat sortzeko. Horrela jokatu dute, bestalde, Espainiako autonomia erkidego ia guztietan. Erakunde horrek biblioteka nazional baten eginkizunak bereganatuko lituzke EAEri dagokionez, eta Nafarroa eta Iparraldeko bibliotekekin harreman eta elkar-laguntza hitzarmen berriak sortzeko gai izango litzateke. Gutxiegi ote, zenbaitentzat? Euskal Herriko zazpi herrialdeek politikoki bat egingo balute ere (zinez zaila dirudien hipotesia!), hortik sortuko litzatekeen biblioteka-sistema ere oso dezentralizatua litzateke, gure herriaren historiari dagokion bezala.

Gai asko geratu zaigu tratatzeko. Zeintzuk liratekeen Biblioteka Nazionalaren eginkizunak. Non kokatua legokeen. Nor litzatekeen titularra. Zein harreman mota izango lituzkeen Euskal Herriko gainetiko biblioteka guztiekin (motaz-mota zehaztu beharko litzateke). Eta abar.

Gai horiekin eta beste askorekin kezkaturik, zenbait bibliotekarik eta dokumentalistak Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortu genuen orain dela hiru urte. Artikulu honetako hausnarketa asko eta asko, hantxe sortuak eta landuak dira. Hilean behin biltzen gara Donostiako Koldo Mitxelenan. Hortaz gain, posta-zerrenda bat sortu dugu eta, aurki, webgunea izatea espero dugu.

Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendaria

-------------------------------------

Oinak:

[1] Euskara Euskal Autonomia Erkidego osoan (1979ko Estatutoa, 6.1 atala) eta Nafarroako Foru Erkidegoaren zati batean (1982ko Foru Hobekuntza, 9.2 atala) ofiziala da. Horrek esan nahi du administrazioaren jarduera guztiak elebitasunaren printzipioaren arabera antolatu behar direla. Aldiz, Nafarroako zati haundi batean euskararen estatusa apalagoa da, eta Frantziako Errepublikaren lurralde osoan ez du inolako estatusik.

[2] Ikus 79ko Estatutuaren 6.5 atala: "Euskara beste euskal lurralde eta komunitate batzutako ondarea ere izanik, erakunde akademiko eta kulturazkoek beroriekin izan ditzaketen harreman eta loturez kanpo, Euskal Herriko Komunitate Autonomoak eskatu ahalko dio espainol Gobernuari lurralde eta komunitate horiek kokaturik daudeneko Estatuekin itunak eta komenioak egin ditzala--edo eta halaber behar izanez gero Gorte Jeneralei horretarako eskabidea ager dezan, berauek hura onartzeko--, horretara euskara zaindu eta bultza dadin [enfasia neurea da]". Baita ere Euskal Kultur Ondareari buruzko Legea, 7/1990, 8. atala: "1. Jaurlaritzak, euskal kultur ondarea aldezteko, babesteko eta sustatzeko lagungarritarako, Nafarroako Foru-Elkartearekin lankidetza-ituneak egin eta harremanak izateari bultz egingo dio [enfasia neurea da]. 2. Halaber, Euskal Herriko Autonomi Elkarteak Estatuko Jaurlaritzari, euskal kultur ondarea osatzen duten ondasunak beren lurretan dituzteneko Estatuekin kultura-hitzarmenetan jartzeko bide emango duen hitzarmen nahiz ituneak egin eta, hala behar izanez gero, horiek onartzeko Gorte Nagusietan aurkez ditzala eskatu ahal izango dio."

[3] Ikus Euskarari buruzko Foru Legea, 18/1986: "Nafarroa bezala beren ondarean hizkuntza bat baino gehiago edukitzeaz ondratzen diren Komunitateak, altxor hori begiratu eta babestera behartuak dira, baita hura hondatu eta galtzea eragoztera ere [enfasia neurea da]."

[4] Erabaki teknikoak diogu, ezen erabaki politikoak lurralde bakoitzean dagokion erakundeak hartuko baititu, jakina.

[5] Ikus 2. oin-oharrean Kultur Ondareari buruzko Legean 8.1 atala.

[6] Azkue Bibliotekaren Katalogoa alde batera utzita, euskara hutsezko hiruzpalau katalogo baino ez ditut ezagutzen: Bertsozaleen Elkarteko Xenpelar Dokumentazio Zentruko katalogoa, HABEko bibliotekakoa, SHEE-IVEF erakundekoa, eta besteren bat. Katalogo elebidunen artean, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien bibliotekek zenbait neurri hartu dituzte, baina elebitasun orekatutik urrun daude oraindik. Gainetikoetan, ezer ez (pozik hartuko dut baieztapen borobil horri eginiko edozein zuzenketa).

[7] Zenbait udalek, Gipuzkoan batez ere, kezka bizia agertu diote Eusko Jaurlaritzari gai hau dela eta, berehalako neurriak har ditzan eskatuz. Era berean, nabarmen utzi dute beraien ezintasuna horrelako arazo tekniko korapilatsu bati irteeraren bat aurkitzeko.

[8] Berriki onartu den UPV/EHUko Euskararen Erabileraren Normalizazioarako II. Plangintzan lehenengo aldiz aipatzen da arazo hau, zenbait neurri proposatuz, Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Ikus 7.3.2. atala, Liburutegiaren Katalogoa.

[9] Berriz ere zehaztuko dugu gauza bat dela programa informatikoaren menuak bi, hiru edo hainbat hizkuntzatan agertzea (erabiltzailearen aukeran), eta guztiz bestelako bat katalogoa bera elebiduna izatea.

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.