Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Bibliaren Bahiketa

Bibliaren Bahiketa

nere 2005/01/15 17:00

Iturria: Berria, 2005-01-04

Arrandia handiz erosi eta hamar urte igaro direnean, Nafarroako Kutxak ez daki zer egin Leizarragaren bibliarekin; egoitza nagusiko diru-kutxa batean dauka gorderik

ALBERTO BARANDIARAN - IRUÑEA Haiena da. Haiek erosi zuten 1995. urtean, legezko enkante batean, orduko gobernuaren bultzadarekin. Baina ezkutatuta dute. Lotsagarri ezkutatuta. Iruñeko Carlos III.a kalean, Nafarroako Kutxak duen eraikin nagusiko solairu batean dagoen diru-kutxa batean gordeta. Ez da faksimilerik edo beste alerik egin; liburutegietan banatzeko, esaterako, eta existituko ez balitz bezala jokatzen dute ondare arduradunek. Euskarari buruz antolatutako erakusketa batean erakutsi zuten, baina ikusi, ikertu, aztertu nahi dutenek ikerlariek, historialariek, filologoek, zail dute. Ez dago haiek baliatu ohi dituzten artxibo edo liburutegiren batean gordeta. Ez ditu liburu antzinakoek eta baliotsuek ohi dituzten kontserbazio baldintzak. Kutxa batean dago. Diru-kutxa batean, zuzen esanda. Diru-kutxa hotz eta metaliko batean. Hamar urteotan ofizialki desagertuta egon delaesan daiteke. Ezin da ikusi. Ezin da aztertu.

Gaiaz galdetuta, Kutxako arduradunek «konpondu gabeko afera» dela, besterik ez dute adierazi. Aferari ez diotela soluziobiderik aurkitu, alegia. Esan nahi baita ez dakitela zer egin berarekin. Eta, badaezpada ere, gordeta, hobe.Baina mintzatzen ez dena, aipatzen ez dena, ikusten ez dena, ez ohi da. Liburuaren berririk ez dago. Ez da ondo azaldu, ez da promozionatu, ez da gogoratu. Ez dagoela ematen du. Ez dela existitzen. Gaiak badu munta handi samarra, liburuak balio filologiko, historiko, politiko eta kultural ukaezinak dituelako. Harribitxia. Nafarroan gordetzen den libururik berezienetakoa.

Euskaraz idatzitako bigarren liburua

Orain arte dakigunaren arabera, Joanes Leizarragaren Jesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria hala du izen osoa, euskaraz idatzitako bigarren edo hirugarren liburua litzateke, Juan Perez de Lazarragaren idazkiaren nondik norakoak erabat argitu arte. Egilea ezezagun samarra da, baina Bibliaren inguruko zertzeladak, ez. Liburuak hainbat berrargitalpen izan ditu. Garrantzitsuena, Hugo Schuchardt euskalari alemaniarrak, Theodor Linschmannen laguntzarekin, 1900. urtean prestaturiko argitalpen ia faksimilea. Ia faksimilea. Adituek, horrelakoetan, edizio osoaren garrantzia azpimarratzen dute, akatsak ekiditearren.

Zergatik ez, beraz, faksimilea atera? Zergatik ez ezagutzera eman? Kutxako arduradunek ez dute azalpenik eman nahi izan, behin eta berriz galdetuta ere, baina Bibliaren erosketa posible egin zuen Juan Cruz Allik aitortu du horixe zela asmoa. «Erosi genuenean, teknikariei agindua eman genien faksimilea egiteko modua azter zezaten, baina oso ale hauskorra zela erantzun ziguten, gai zaila zela, arriskutsuegia, hari guztiak askatu beharra zegoelako».Kontsultatutako hainbat adituk «aitzakia» hitza erabili dute. Horrelako lan asko egin direla eta egiten direla, eta badirela horretarako enpresa ondo prestatuak. «Arazoa bada Biblia ez dagoela egoera onean, orduan are larriagoa da afera» aipatu du bere izena eman nahi ez duen liburutegi bateko arduradun eta liburugintzan adituak. «Konpon dezatela!». Nafarroako presidente ohiak ere egunkari honi aitortu dio liburua Nafarroako Gobernuari ematea zela asmoa, gero liburutegietan banatzeko. Baina ez da horrelakorik egin. Badira arrazoi politikoak ikusten dituztenak. Bibliaren azala ederra da. Nafarroako armarria agertzen du, lau aldiz agertu ere, eta, ondoan, Albret errege etxeko zitori horiak eta Biarnoko ezkutua. Biblia bera, Nafarroaren berezitasunaren ikurtzat har daiteke: Espainiako Estatuaren menpe dagoen gisa berean, Frantziako Estatuaren menpe egon zitekeela frogatzen duena. Joana Albretek agindutako liburua bada, neurri batean, Nafarroako espainiartasun ukaezinaren aurkako froga.Bada, era berean, Nafarroako ustezko katolikotasun eztabaidaezinaren aurkako Biblia. Gogoratzen digu errege etxeen arteko orekak desberdinak izan balira, Nafarroa, egun, protestante izan zitekeela. Edo erresuma.Adituak azpimarratu du honek guztiak talka egiten duela oso zabalduta dagoen diskurtso historizistarekin: «Espainia betierekoa da, eta Nafarroa Espainiaren zati izan da beti».Beste adibide bat: Joanes Leizarragaren Testamentu Berriak Euskal Herria hitza jaso du, argi eta garbi, noiz eta 1571. urtean. «(É)batbederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den» dio egileak, Heuscalduney deritzan aitzinsolasean. Honengatik guztiagatik, Biblia, akaso, afera gehiegiren lekukoa da garai hauetarako.Erosketa azaltzeko orduan egin ziren adierazpenen bidez, Nafarroako Gobernuak aitortu zuen ahalegin berezia egin zuela, Nafarroako Kutxaren bidez, Biblia Nafarroan gera zedin. Orduko protagonistetako batek azaldu zuen liburua, Nafarroako historiarako, garrantzitsuegia zela «Euskal Herrira joaten uzteko». Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioak ere enkantean parte hartu zuen beste erakundeak, ahaleginak egin zituen Euskal Herrian gordetzeko, eta Nafarroako Kutxakoek erosi zutela jakin zutenean, arduradunek helburua beteta zegoela esan zuten ofizialki. Bazegoela Testamentu Berriaren ale ederra gure artean.

Eta egon, badago. Bahituta. ------------------------------ **«Satani guerla eguitera»**

itzulpena. Protestanteen eta katolikoen arteko gudu zibilaren atarian, Bibliaren itzulpenarekin erreforma zabaldu nahi zuen Joana Albret Nafarroako Erreginak

  1. B. - IRUÑEA

Joanes Leizarragaren lana Vulgataren itzulpen bitxia da inondik ere. Joana Albret Nafarroako erreginaren enkarguz egina, eta asmo politiko garbia zuena. Historiaz betetako liburua, dudarik ez da.

XVI. mendearen erdialdean, Martin Luther teologo eta erlijio erreformatzailearen iraultza protestantea indar handia hartzen ari zen Europa osoan. Protestanteak hierarkiaren bitartekaritzaren aurkako sutsuak ziren, eta Jainkoaren hitza tartekorik gabe interpretatzea defenditzen zuten. Beraz, testuek sekulako garrantzia hartu zuten haien artean, katolikoen artean baino askoz ere handiagoa. Frantziako errege etxea protestanteen aldekoa zen, eta Iparraldean fede berria zabaltzeko, testamentu berriaren itzulpena euskaraz egitea erabaki zuen Joana Albretek, Enrique II.aren alabak. Paueko sinodoak Joanes Leizarraga Bastidako (Nafarroa Beherea) apaiz higanotari eman zion mandatua. Itzulpena Nafarroako errege etxeak ordaindu zuen.Sarreran, Leizarragak erreginari dedikatu zion lana. «(É)moien hunez Iaincoaren hitz purac ukanen luela fartze eta auançamendu Heuscal-herrian: eta hunetacotzat çu Andreá, hunez cerbitzaturen cinadela trompettabaten ançora, ceinez Iaincoac deitzen baitzaitu hala çure Nafarroaco resuman ere Satani guerla eguitera».Hau historia da. Helburua ez zen bete, hurrengo urtean gudu zibila piztu zelako protestanteen eta katolikoen artean, eta San Bartolome gauean testu kalbinista gehienak, Leizarragaren Biblia barne, erre zirelako. Ibilbide laburreko lana izan zen, beraz. Laburra tamalez, askoren irudiko.

Literatur balioa gaindi zezakeen lana

Frankotan azpimarratu da Martin Lutherren Bibliaren itzulpenak alemanera idatziaren oinarriak finkatzeko izan zuen garrantzia. Eta euskararekin gauza bera gerta zitekeela aipatu izan dute adituek: hitz idatziak hartu zuen garrantzia kontuan hartuta, horrek literatur balioa gaindituko zuela.

Patxi Salaberri Muñoa adituaren hitzak baliatuz, «euskal historiak norabide katolikoa hartu izan ez balu, nonbait literaturan eragiteko potentzialitate hutsaren esparrua gaindi zuketen haren lanaren balioek, literatur arlokoek zein hizkuntz batasunaren abantailek».

Balio filologiko handia ere badu liburu honek. Leizarraga Beraskoitzekoa zen, lapurtarra beraz, baina Iparralde osorako euskara batua egiten ahalegindu zen. Salaberriren aipua har dezagun, berriro. «Gogoan hartzen bada kodetu gabeko hizkuntza zela esku artean zeukana, kasik tradizio idatzirik gabekoa, lokalismoen gainetik abiatu nahi izan zutela eta, okerrago zena, jatorrizkoarekiko inolako hizkuntza tradiziorik ezin onar zezakeen bertsio zehatz eta zuzena eskaini behar zutela, lanaren izaera eskerga eta larria definiturik geratzen da berez». Leizarragak hizkuntza zehatza behar zuen, baina hizkuntza erraza ere bai, helburu praktikoak begi bistakoak zirelako. Koldo Mitxelenak azpimarratu du apaizak ondo bete zuela lana. «Bere lana irakurrita, pentsa genezake urte askotako jardun literarioak normalizatutako hizkuntza batean idatzi zuela».Hitzetan berritzaile, baina soinuetan eta morfologian, arkaiko, hala laburbildu dute bere estiloa. Ahaleginak ez zuen ondoriorik izan. Euskal literaturak Axularren Guero hartu zuen ipartzat, eta Sarako eta Donibane Lohizuneko eskolakoen bidetik abiatu zen. Bide xumeagoa zen, herrikoiagoa.Villasanterentzat, Leizarraga «erraldoi bakartia» izan zen, «ez aurrekaririk, ez ondorengorik». Betirako hertsia izan zen ate zabal bat bezala.

etiketak: Albisteak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.