Gero arte Depor!
2005eko irailean, engainatuta, deitu ninduten bilera batera. Orduko presidenteak postua laga nahi zuela Kultura Batzordearen lanetan laguntzeko eta neu ikusten ninduela presidente izateko. Harrituta ezetz esan nion, ez nuela nere burua hor ikusten, ... nahi bazuen hitz egingo genuela laguntzeko...
Beste hitzik ez 2005eko abenduko Zuzendaritzaren bilera ostera arte, orduan xake batzordearen arduraduna nintzen. "Ze, prest duzu lantaldea? Badut norbait buruan..." WTF. Nire burua ezetz esan ezindako egoeran aurkitu nuen hurrengo egunetan... eta urtarrilaren 27ko Batzar Nagusian presidente izendatu ninduten.
Hasieran nirea lan handia ez zela uste izan nuen, eta hala aitortu nuen elkarrizketa baten. Egia esateko, horrela izan zen urtebete edo pare bat urtez, baina ondoren gauzak okertzen hasi ziren, eta horren errudun bakarrak Administrazio Publikoak izan ziren.
Egun batetik bestera klubak jasotzen dituen dirulaguntzak (Eibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta neurri askoz txikiagoan Eusko Jaurlaritza) justifikatzeko egin beharreko lanak hirukoiztu eta laukoiztu egin ziren. Ia ezer ez entregatzetik, aurrekontuak prestatu, paperak bete, Ogasunera ziurtagiri bila joan eta beste hainbat tramite egiten igarotzen zen nire denbora.
Gero sinadura elektronikoarekin burrukan hasi ginen, "hau online aurkeztu behar duzu", "bai, baina zure aplikazioa kirol bakarra duten klubentzat prestatuta dago eta ezin ditutu nire 10 atalen datuak sartu".
Eta fakturak, nola ez: "bidali fakturak eskaneatuta, konpultsatuta eta sinadura elektronikoa darabilen aplikazioarekin" bulego batetik eta aldamenekotik "eskaneatu eta bidali emailez". Batek "bidali 5. fakturaren agiria" (transferentzia baten komisioa, guztira 15 zentimo) eta besteak "zuen gastu guztien fakturak behar ditut" (100.000 €tik gora) eta Pegorako langileak "nork eskatu dizu faktura guzti hauek fotokopiatzeko?"
Inork hartu du kontuan klub honetan lan egiten dugunok gure lanetik kanpo sartzen ditugula orduok? Agian errua gurea da, lan hauek egiteko administrazio-langilerik ez dugulako, baina uste dut hori ez dela bidea. Ez da bidea, administrazioek ematen diguten dirua, gure kirol ekintza, emaitza eta antolakuntzengatik delako, ez primerako administrazio-langile bat dugulako faktura guztiak eta kontu guztiak era eredugarrian eramaten dituelako. Dirua ekintzetarako da, ez administrazio-langileari edo aholkularitza bulegoari ordaintzeko.
Eta hori ez dute ulertzen gure inguruko administrazioek. Eta aitzakia gisa "Legeak esaten du" diote eta kitto. Bukatu da eztabaida. Bai, arrazoia dute. Dirulaguntzen Lege Orokorrak derrigortzen ditu prozesu horiek egitera eta paper horiek eskatzera. Baina koordinazio apur bat mesedez: Eibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatzen dituzten betebeharrak oso bestelakoak izaten dira-eta!
Ezin da Europar Batasunaren dirulaguntzen kontura lihoarekin izandako iruzurrak etorkizunean ekiditeko onartutako lege berberarekin (Europako dirulaguntzak milioka eurotakoak izaten dira), 1000 €ko edo 20.000 €ko irabazi-asmorik gabeko elkarte baten dirulaguntza fiskalizatu.
Baina artikulu hau Administrazioen aurkako purrustada bihurtu ez dadin (horretarako badut beste bat), klubaz hitz egin dezadan.
Klub Deportiboa 1924an sortu zen Eibarren atletismoa, txirrindularitza eta alpinismoa bultzatzeko elkarte gisa, sortze-agirian agertzen den bezala. Ordutik hainbat ekintza ezberdin egin dira klubean, gimnasioa ere euki zuen, edo Esperanto klaseak ere eman ziren, Euskal Herriko leize ikerletzan aitzindiariak izan ziren klubeko kdieak eta zer esanik ez mendizaletasunean, Euskal Mendizale Federakuntzaren sortzaile izateraino (1924an Elgetan). Askotan indar gutxi duten ekintzen bilgune dela kluba esaten da. Mainstream diren ekintzak ez dira klubean egiten, bestela ia denetariko gauzak ditugu: xaketik hasi eta atletismora, pilotatik squashera, edo urpekaritzatik, leizeak ikertzera. Eta hori, kultura arloa ahaztu gabe. Izena "Klub Deportiboa" izan arren, kultura beti izan da presente gure klubean, eta horren eredu guztiaren muin izan zen "Comisión Artístico-Cultural" eta Kezka Dantza Taldea, edo Argazkilaritza Batzordea, eta zer esan gaur egun Euskal Jaia antolatzeaz arduratzen den Kultura Batzordeaz.
Jende asko mugitzen du klubak, ekintza asko egiten dira, asko isilak, beste batzuk oso ikusgarriak, baina denak beste guztiak bezain garrantzitsuak. Eta horrela ikustarazten eta erakusten saiatu izan naiz klubean 10 urte hauetan.
Nik ahal nuen guztia eman dut, eta nire atzetik datozenek ere hori egitea espero dut. Erronkak hor daude: kudeaketa profesionala/amateurra, gazteengana iristea, kluba gizartean gehiago ezagutaraztea eta nola ez: erreleboa. Hori da, agian, zailena. Gaur egungo jendeak aisialdiko ekintzak "eginda" nahi ditu: izena eman eta aurrera, oso jende gutxi bustitzen da ekintza horiek antolatzeko eta aurrera eramateko garaian. Hortxe behar da erreleboa.
Erreleboaz hitz egin dudanez, horretan jardun dut azken hilabeteotan. Erabakia aspaldi hartua nuen eta ekainean jakinarazi nuen Zuzendaritzan. Ordurako erreleboan pentsatzen nengoen, baina besteen erantzuna norberak landu ezin duenez, erantzunak ez dira gozoak izaten. Beraz, Zuzendaritzara erreleborik bilatu gabe joan nintzen, eta horrela jardun dut. Beste lan-taldetxo bati komentatu nion gaia azaroan, eta orduandik jendea bilatzen ari dira...
Baina ez nuen egin nuen hori lasai egingo (inor aurkitu gabe ospa egin), lan pixka bat aurretik egin aurretik. Orain dela bi edo hiru urte, klubeko bazkide batzuk, kluben funtzionamendua eta kudeaketa hobetzeko asmoarekin sortutako 3 K proiektuan lanean hasi ziren. Foru Aldundiek eta Euskalit-ek bultzatutako proiektu honetan, kirol erakundeen kudeaketa prozesuan laguntzeko prestakuntza saioak antolatu ziren. Burua sartu genuen horretan baina Zuzendaritzako kideok beste lan baten gure burua ez sartzeko, lan-talde horrek hartu zuen proiektuaren gidaritza. Hainbat urtean prestakuntza saioetara joan eta Excel giganteskoak bete ostean, diploma bat jaso genuen, saio haietan ikasitakoa praktikara eraman eta klubaren bi ekintza antolakuntza eredu harekin islatzearren. Zuzendaritza jakinaren gainean egon zen, baina ez zuen zuzenean parte hartu.
Proiektua bukatu zenean Batzordeei eskeini zitzaien, euren lan-prozesuak dokumentatzeko, eta hasieran begirada onak bai, baina azkenean beste lan bat gehiago bezala ikusi zuten. Eta ulertzen dut. Nik, ordea, egin beharrko zerbait gisa ikusi nuen: zergatik? alde batetik modu bat izan daitekeelako nire erreleboa aurkitzeko edo errazteko, eta bestetik egiten duguna dokumentatuta egoteko.
Dokumentu horiek gabe, otsoaren kobazuloan sartzea bezalakoa da gurea bezalako elkarte bat, aitortzen dut. Uste dut dokumentu horiekin ulertu egin daitekeela zer egiten dugun eta nola egiten dugun. Gauza batzuk oso detaillatuta daude eta ondo etorriko zitzaizkidan bere garaian jaso izan banitu. Oraingoak jasoko ditu bada. Ez dira osoak izango, zerbait faltako da, osatu beharra egongo da, baina barne kudeaketa beste pertsona bati lagatzeko erraztasunak eduki nahi badituzu, egin ezazu ariketa: banatu zure kudeaketa-lana hainbat dokumentutan eta idatzi, hartu denbora apur bat eta idatzi.
Denbora eskatzen du, baina asko eskertzen da. Barrua libratzeko ere balio diezaioke norbaiti. Gero eman kudeaketa horretatik kanpo dabilen pertsona bati, eta esan aurkitzen dituen zalantzak galdetzeko, zuloak aurkitzeko, ulertzen ez dena galdetzeko. Eta berrekin dokumentuak berridazteari. Egia esateko asko lagundu dit prozesu horrek. Eta orain beste erakunde baten ere horixe egiten ari naiz. Irten aurreko pausoa ematen. Erreleboa prestatzen.
Eta errelebo horrekin batera laguntza da elkarteek behar dutena. Administrazio publikoen laguntza. Eibarko Udalak uste dut ez dakiela zein altxor duen Eibarko kirol eta kultura arloko elkarteekin. Urte baten greba deklaratu eta Eibarko kirol eta kultura arloko elkarteek ezer antolatuko ez balute, Eibarko Udalak ezingo luke laurdena ere antolatu, ez litzateke gai izango. Eta hori presente edukita, elkarteen lana sustatu behar dute, ez administrazio-karga gehiago jarriz, baizik eta ekintzak antolatzeko dirua mahai gainean jarriz. Hau diruarekin konpontzen da. Dirua eta medioak jarriz. Bestela antolatu ditzatela eurek.
Sartu naiz berriz administrazioarekin :)
Azken hitz bezala, esan ez naizela oso urruti joango. Klubean jarraituko dut, xakeak sartu ninduen klubean eta hortan jarraituko dut. Ostiralero han ikusiko nauzue. Eta beste ekintza batzuetan ere bai. Ez nauzue begi bistaz hain errez galduko.
Eskerrik asko 10 urte hauetan zuzendaritzatik pasatu zareten guztioi, eta inguruan lan egin duzuen guztioi. Bihotz-bihotzez.