Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Eibar inguruan oinez: Txonta - Unbe - Ipurua

Eibar inguruan oinez: Txonta - Unbe - Ipurua

Mikel Larreategi 2016/10/04 20:40
Amaña-Torrekuako pasealekuan, Aixolan, saihesbidean edo Olaberen zelaian oinez ibiltzen direnentzako alternatibak eskaini nahi ditut. Betiko pasealekuetatik ihes eginda, natura bete-betean eta ixiltasunean, lasaitasun pixka batekin gozatzeko moduko ibilbideak.

Azkenaldian, denbora libre gehiago dudalako-edo, lanetik irtenda ibilalditxo bat egiteko ohitura hartu dut. Egunero ez, baina sarri egiten dut ibilalditxoa. Udaberritik udazkena bitartean behintzat, ilundu aurretik etxera bueltatzeko bezalako ibilalditxoak egin nahi ditut, eta hemen azalduko ditut egindako batzuk.

Hemen aipatuko ditudanen artean denetik dago, batzuk gora beheratsuak dira aldapa asko dutenak, beste batzuk agian lasaixeagoak. Nire helburua ordubete edo ordu eta erdi inguruko bueltatxoak egitea da eta kotxerik hartu gabe egitea, guztiak etxetik abiatuz egin daitezkeenak.

Urkusutik Ipuruara Unbetik zehar

Maparen arabera, ordu eta erdi inguru eta 5 kilometroko luzera du ibilbide honek. Hasiera Txonta kalearen hasieran du, Agiñazpi tabernan. Txonta kalean zehar aurrera egingo dugu bukaerara iritsi arte, bertan Salbadorrera doan pista hartuko dugu. Pistan zehar Mertxete baserrirako bidegurutzeraino joango gara. Bidegurutzetik metro batzuetara, pista bitan banatzen da eta eskumako bidea hartuko dugu, Unbe dioen kartelari segika.

Aldapak gora egiten du eta pista Iraegi txikia baserrira helduko da. Han gorantz doan mendi-bidea hartuko dugu, BTT ibilbideen kartela duena eta Altamira goikoa baserrian bukatzen dena. Han 180 graduko itzulia egin eta segi egingo dugu, hurrengo bidegurutzeraino.

Altamira goikoa baserri aurreko zuhaitza
Altamira goikoa baserri aurreko zuhaitza

Bidegurutzean 3 bide bereizten dira: ezkerrekoa Azurtzara doa, erdikoa Galdaramiño puntara eta eskumakoak beherantz egingo du Unbe kirolgunera arte; azken hau hartuko dugu. Unbe kirolguneko goiko zelaira heltzean, ezkerrerantz doan pista hartuko dugu. Erreka gurutzatzean pista mendi-bide bihurtuko da eta aldapan gora jarraituko dugu.

IMG_20160418_190243719

Unbe eta Ipurua arteko bidea

Hemendik aurrera, bideari jarraitu besterik ez dugu egin behar, ez baitago bidegurutzerik. Mendi bidea amaitzen den tokian bidegurutze txiki bat dago: txabola bat dago eskumatan eta haritz handi bat haren ondoan. Ezkerreko bidea mendian gora abiatzen da, eta eskumako txaboletara doa. Erdiko bidetik jarraituko dugu Ipurua gaineko ur-arazgailura iritsi arte. Han pistari segika Elgetako bidera irtengo gara, eta han espaloitik, kiroldegi atzetik futbol zelaira iritsiko gara eta ibilbidea bukatuko dugu.

Eguneraketa 2016-10-7: Eskerrik asko Aimar Goenagari azken bidegurutze horren informazioa sartzeko gogoraratzearren.

@erralin Araztegira iritsi baino lehen, nahiz eta pista bideari segitzea den logikoena, alde banatara mendibide bana dagoen (1/2)

— Aimar Goenaga (@aimargoenaga) October 5, 2016
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.