Gesala eta Argitasuna
Nerabea izan baino lehen Britainia Handiko familiarengana ni neu bakarrik egindako bidaia batek askarazi eta bideratu zizkidan barruan pil-pil egosten ari zitzaizkidan musikarako grinak, besteak beste.
Makina bat urte beranduago, ondo heldua ordurako, beste hegazti handi baten hegoen artean egin nuen bidaia, hari ikustezin batzuek eramanda bezala, sekula egon gabeko Amerikako lurralde ezagun batera, bakarrik, turismo sasoitik eta ingurutik kanpo.
Hango bizimoduaren kontrasteak pertzepzio berrietarako erne jarri ninduen, tartean, oharkabe, ingurugiroaren zirrara lauso batzuk. Etxera itzulitakoan, berauek buruan ate joka hasi ziren eta musikaren txokora jo zuten.
Melodia bat iritsi zen, instrumentala, eta giro bat berarekin batera, koloreak, argitasuna, erritmo bat. Hunkipen haien umea jaio zen eta “Gesala eta Argitasuna” izena eman nion.
KM 96 Elgoibarren ospatu eta grabaketa estudio batean apainago jantzi eta Elgoibarko musikarien agerpen CDan aurkezteko aukera izan nuen .
"Oinaztargiak"-en ondorengo sasoia irekitzen du musika honek.
Hemen entzun dezakezu.
Sasoi batean egindako musika-lan guztiekin nolabaiteko lotura afektibo bat gordetzen badut ere, “Gesala eta Argitasuna” -k oraindik beste bertsio berri bat egitera gonbidatzen nau.