Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Eibar.org aipagai Euskarazko kazetaritzaren I. Kongresuan

Eibar.org aipagai Euskarazko kazetaritzaren I. Kongresuan

Arrateko_Ama 2004/11/15 05:10

Joan den astean Bilbon izandako Euskarazko kazetaritzaren I. Kongresuan, Eibar.org elkarte honen ekimenek oihartzuna izan zuten. Nonbait, hedabide eta kazetaritza kategorietara hurbiltzen dira nonbait, gure blog komunitatearen eta Eibartarrak posta-zerrendaren jardunak... Eibartarrak zerrendaren indarra

Josu Landak bere txostenean aipamen goraipatsua egin zion Eibartarrak zerrendari:

(...) Internetek hedabideen mundura ekarri duen aldaketa pisuzkoenetako bat, lehenago esan bezala, mass media kontzeptua kolokan jartzea izan da. Informazio iturrien fragmentazioa ekarri du. Egia da fragmentazioa ez dela inolako mahuka berez. Oraindik orain, norbanakoei ahotsa emateak sortu ohi duen indibidualismoa kolektiboan nola uztartu konpontzeke dago. Beti egongo da konpontzeke. Baina, gurean, oraingoz ez dago horretan larregi kezkatzerik. Bego, adibide paradigmatiko bezala, Eibartarrak-en kasua: gizabanakoei ahotsa emanda, itzelezko sentimendu kolektiboa sortu dute.(...)
Interneteko beste informazio iturri oso pisuzkoa posta zerrendak dira. Funtzionatzen dutelarik, bistan da. Larregi sinplifikatuta, zerrendotan bi erabiltzaile mota egoten dira: aktiboak eta voyeurak (azken hauetakoa naiz ni, aitortzen hasita). Dozena bat erabiltzaile aktibo egotea aski izan daiteke posta zerrenda batek arrakasta izan dezan, eta helburu hori gure artean bik besterik ez dute lortu: Itzulek eta Eibartarrakek.

Gure blogetan, kazetaririk gabeko kazetaritza

Gainera, blog-gintza nolabaiteko Kazetaririk gabeko kazetaritza dela aipatu zuen Landak, eta bitxia dela hogeita hamar bat euskal weblog edo bitakora ageri direla sarean, "eta horietako bakar bat ere ez da kazetari soldatadun edo «profesional» batek sortua (Amatiñorena izan daiteke bainako bakarra, EBBko komunikazio arduraduna izateari kazetaritzarekin nolabaiteko harremana izatea suposatzen zaio eta).

Amatiñorena gune honetako blog komunitateko ale bat da, baina bada hemen bloga duen beste kazetari bat: Oier Araolaza, Dantzing blogaren egilea. Josu Landari pasatu egin zitzaion hau. Horrez gain, Landak gehitu zuen:

Alde horretatik, jakingarria da oso, weblogek lortutako arrakastaren ondorioz, geure periferiako kulturetan piztu berri den eztabaida. Eztabaida horren izenburua: «Posible al da kazetaririk gabeko kazetaritza?». (...)

Klaudio Landa edo Aurkene Iturriotz kazetari direnik kolokan jartzea nekez onartuko dizu kazetaritzaren inteligentsiak, baina nonbait Markos Zapiain edo Xabier Mendiguren Elizegi kazetari litezkeenik esatea ez da zilegi. Ez dut arrazoia ondo ulertzen baina. Beharbada kazetari horiek segituko dute pentsatzen gaur egun euskal prentsan dauden informazio foko garrantzitsuenak kronikak direla, eta ez, esate baterako, iritzi artikuluak.

Zapiain eta Mendiguren, biak Eibar.org-eko blog komunitateko partaide. Komunitate honek, azkenik, oraindik akaso fruitu gehiago ere eman dezakeela iradoki zuen Landak:

(...) Horrela, euskarazko gune aktibo batzuek inguruko pertsonen esku jarri dute weblog pertsonalak sortzeko aukera (Eibartarrak, Littera Deusto...), eta emaitza aski interesgarriak eman dira hilabete gutxiko ibilbide hasi berri honetan. Emango luke potoloena etorkizun dagoela.

Josu Landaren txostena PDF formatuan, hemen.

Blog profesional eta pertsonal esanguratsuak

Bestalde, Luistxo Fernandez eibarnautak ere egin zuen hemengo blogen aipamena. Bere txosten idatzia, juxtu hemengo blog komunitatea martxan hasi baino lehen entregatu behar izan zuen, baina Kongresurako bertsio eguneratua eraman zuen. Blog-gintza hizpide zuelarik, gero eta interesgarriagoa den panorama aipatu zuen. Panorama horregan, blog kolektiboak daude, profesionalak, eta pertsonalak. Profesionalen artean, Prospektiba aipatu zuen, eta pertsonaletan, Garagoittiko Orakulua eta Etiam apenas irailetik urrira iraun duen blog bat, baina batzuen iritziz, euskaraz orain artean egon izan den weblogik onena.

Luistxorenak, hemen

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: