Estreinako zurrupaketa, zakilaren ikuspuntutik
Inkestek diotenez, gizon heterosexualak gara atzera begirako jelosian sarrien jausten garenak, neskalagun berria tankera honetako kezkez nazkatzen paregabeak: “Eta lehengo mutilagunak nola ukitzen zintuen, non egiten zenuten larrutan, ederragoa al zuen zakila nik baino?” “Bai noski”. “Gezurrra! Puta zikina!”
Ederki kontatu du Philip Roth-ek Suminez eleberrian atzera begirako jelosia horren aldaeretako bat: Messner protagonista unibertsitate puritano batean dabil, nekez bilatzen dute bertan hemeretzi urtetik gorako neska-mutilek elkarrekin ibiltzeko bideren bat, Messner eta mutilak oro har potroetako minak jota bizi dira, baina halako batean, ezustean, Messnerrek neska batekin hitzordua egin, afaltzera joan eta, erabat irudikaezina eta txundigarria, lehenbiziko hitzorduan bertan auto barruan neskak zakila zurrupatzen dio.
Zorion betean eta guztiz esker oneko eta maiteminduta gelditzen da Messner, harik eta deabruak zalantza itsatsiko dion arte kaskoan: zurrupatu ote dio besteren bati niri baino lehen? Trebetasun polita erakutsi baitu, eta jakinduria hori ez da zerutik erorita tanpez eskuratzen.
Hots, Messneren kasuak nabarmentzen du gizon heterosexualaren nahia (sentimendua, apeta), zurrupaketari eta gisako beste sexu jarduerei dagokiena, paradoxazkoa dela eta irtenbiderik gabekoa, ezinezkoa: iaiotasun handiz zurrupa diezaguten nahi baitugu, baina aldez aurreko inongo esperientziarik gabe.
Ordea, zurrupaketaren arloan maisutasunari dagokion grazia eta soltura ezin da erdietsi ariketa eta entrenamendu luze baten bitartez baino, gainerako arlo guztietan bezalaxe.
Messnerrek azkenean galdetu egin dio neskalagunari aurretik besteren bati zurrupatua ote dion, eta neskak inongo lotsa edo arazorik gabe erantzuten dio “bai noski”.
Etikan 10
Alaba batek kontatu dit Institutuko beste ikasgela batean Etikako azterketan irakasleak “Zer da etikoki ausarta izatea?” galdetu duela, eta ikasle batek ez duela erantzun “Hauxe!” baizik, ez duela ezer gehiago idatzi, eta irakasleak 10 jarri diola. Ikerketa arin batek erakutsi dit ez dela benetan gertatu.
Orain dela hogeita hamar urte Hondarribiako Institutuan ikasten ari nintzela pasadizo berdina zebilen bolo-bolo.
Jean-Bruno Renard adituak istorio horixe bera dakar hiri-kondairen gaineko bere liburuaren hasieran, hiri-kondaira eredugarritzat jotzen baitu Etikako azterketari dagokiona.
Nondik nora iraunaldi eta hedadura hori? Zer da zehazki hiri-kondaira?
Renardek ezaugarri hauek ikusten dizkio: kontakizun anonimoa da, aldaki ugari dituena, laburra, harrigarria, egiazkoa eta berriki gertatua balitz bezala adierazia, eta kokatua eta kontatua den jendarteko beldurrak eta nahiak adierazten dituena.
Etikako azterketaren kondairak nabarmentzen du ikaslea irakaslea bezain azkarra izan daitekeela. Hamar bat ipiniz omenduko du irakasleak ikaslearen trebetasuna. Pasadizoak ikasleen gurari gutxi-asko inkontziente hau ere adierazten du: ekintza eta bizitza gogoetaren gainetik jartzeko nahia, ikasi beharraren eta bibliografiaren gainetik. Beste zergatiko bat istorio hori nerabeei atsegina izan dakien: ikasleen mendekua dakar irakaslearen nagusitasunaren aurka, ikasketa zailek eragiten duten estresaren aurkako antidotoa da, azterketengatiko estualdia sendatzeko botika.
Renarden ustez, hiri-kondairek jendearen larridurak eta desirak adierazten dituzte, egia bailiran kontaturiko ipuin sinbolikoak dira.
Zurrumurrua eta hiri-kondaira
Herriak goretsi egiten du esamesari uko egiten dion laguna, erdi heroitzat du, erdi santutzat. “Horrek egundo ez dik inoren gaineko berba zantarrik erabili, ez dik zurrumurrurik zabaldu, hain gutxi asmatu”. Santuaren belarritik sartu bai, sartu egiten da zurrumurrua, baina gero ez zaio ahotik irteten, santuaren gorputzaren baitan itzaliko da. Bere buruari inperatibo kategoriko bat ezarri dio zorrozki: ez duzu inori kaltegarri izan dakiokeen zurrumurrurik aipatuko. Are gehiago, hain izaten da zenbaitetan erradikala santu mota hau, kaltegarri izan litezkeen egiak ere ez baititu ahotan erabiltzen.
Aire hotza maite du, garbia, eta nazkatu eta gaixotu egiten du zurrumurruzko zaratak, esamesak, errazkerian jausiriko giza gogoak.
Zurrumurruaren eta hiri-kondairaren arteko desberdintasunari dagokionez, luzera hartu izan da kontuan, zabaltze-prozesua, egitura…
Baina etikoki ere bereiz litezke:
Zurrumurrua ia beti gaiztoa izaten da, lagun jakinen bat baitu jomuga, eta gezurraren bidez bere izen ona suntsitu nahi izaten du.
Aldiz, hiri-kondaira ez da hain koipeztoa, kontatzeko atseginak bizi du (zurrumurrua berriz seinalatzekoak), eta kontalaria eta entzulea ez ditu etsai baten aurka biltzen, baizik pasadizo bitxi baten aurreko harriduraren inguruan.
Sarritan praktikoa ere izaten da. Hurrengo hiri-kondairak, interneteko kontrola zure alde erabiltzeko bide bat erakusten du.
Agure arabiar bat AEBetako Idahon bizi da, orain dela berrogei urtez geroztik. Urtero bezalaxe, aurten ere baratzean indabak erein nahi zituen, baina lurra iraultzea gogorregi egiten zaio dagoeneko.
Bere seme bakarra, Ahmed, Frantzian da, ikasten. Agureak email bat bidali zion, arazoa azalduz:
“Ahmed maitea: triste nabil, aurten ezingo baititut indabak baratzean erein. Zaharregia nauzu halako lanetarako. Hemen bazeunde, badakit niregatik lurra irauliko zenukeela. Dagoela Ala zurekin. Aita.”
Lau egun igarota, semearen erantzuna jaso zuen epostan:
“Aita maitea, kontuz mesedez, ez irauli baratzeko lurra, otoi eta arren, hortxe ezkutatu bainuen hura. Ez adiorik. Ahmed.”
Egun hartako gauean bertan, goizaldeko laurak aldera, Udaltzainak, FBIko agenteak, CIAkoak eta Pentagonoko kide batzuk baratzean sartu eta lur guztia irauli zuten, antrax bila, lehergailuak egiteko osagaien xerka. Ez zuten ezer aurkitu haatik; ospa egin zuten.
Biharmanunean, agureak semearen beste email bat hartu zuen:
“Aita maitea: honezkero ziur aski indabak erein ahalko dituzu. Egoera kontuan hartuta, bururatu zaidan egokiena izan da. Maite zaitut. Zure seme Ahmed.”
Neska gaztearen errua?
Biharamuneko pilulari buruzko eztabaidak erakusten duenez, neska gazteak errudun dira larrua jotzeagatik. Are, larrua jo nahi izateagatik.
Zergatik onartzen da berehala eta berezko egia balitz bezala neska gaztea gizon heldua baino txoriburuagoa dela?
Oro har, sexu indar handiagoa duelako. Sexu gogo handiagoa beharbada ez, baina sexu indarra bai.
Dena den, horren erantzule ez da neska gaztea, baizik biologia, bizitza bera. Hilekoa duenez geroztik, neska gaztea prest dago biologiari dagokionez seme-alabak ekartzeko.
Arazoa sortzen da gizarte tradizionaletan ez bezala, bertan aski parean baitoaz bizitzaren eskakizunak eta gizarte ohiturak, gure gizarteetan gero eta denbora tarte luzeagoa ezartzen dela umeak ekartzeko ahalmenaren eta umeak ekartzeko normaltzat jotzen den adinaren artean.
Biologiatik gero eta libreago ibiltzeak ez dirudi txarra. Edonola ere, hori ez du neska gazteak erabaki. Eta Rouco eta Mayor Orejaren adierazpenak irakurrita, ematen du neska gazteari leporatzen zaiola bizirik egotea eta neska gaztea izatea.
Legearen arabera, hamasei urteko neskak gurasoen baimenik gabe lan egin dezake, maitasuna, haurrak eduki eta ezkondu; nondik nora orduan biharamuneko pilula hartzeko gurasoen baimen behar hori?
Bide batez esanda, deigarri gertatzen da hamasei urtekoek inoren baimenik gabe lan egin ahal izatea, amodioa, haurrak, abortatu… eta ezin bozkatzea.
