Hil da diskoa!
Atzo ere nire herriko aldizkarian irakurri nuen diskoaren defentsa. Ezin dugula pirateatu, gure artista txikien krisia eta hori dena. Bale, txintxoak izango gara.
Baina absurdoa iruditzen zaidana da diskoaren defentsa hori, industria bat hilko dela, ez dakit zenbat lanpostu galduko direla eta abar. Noski baietz, aurretik gertatu den bezala beste hainbeste kasutan. Pentsatzen dudana kokatzeko, nonbaiten irakurri nuen zerbait kontatuko dizuet: izotz saltzaileen historia:
Izotz saltzaileak
Lehen, etxeetan ez zegoen hozkailurik. Bostonen enpresa batzuk bazeuden, izotza blokeetan fabrikatu (auskalo zein prozedura erabiliz) eta zaldiz tiratutako gurdi batzuetan hiri guztian banatzen zutenak.
Halako batean norbaitek etxeko hozkailua asmatu zuen, eta pixkanaka izotz banaketa negozio hau krisian sartu zen. Enpresa hauek, ikusirik gutxiago saltzen zutela, taktika berriak frogatzen hasi ziren, diseinu erakargarridun gurdiak, prezio beherapenak eta abar. Alferrik. Urte gutxiren buruan inork ez zuen izotz gehiago erosi.
Enpresari hauek ez zuten beraien negozioa ulertu. Beraien produktua, bezeroek ordaintzearen arrazoia, ez zen izotza, hotza baizik. Bezeroak hotza nahi zuen, eta hozkailuak hori ematen zion (jakina, inbertsio baten ondoren) beste erosotasun batekin. Enpresa hauek hori ulertu eta hozkailu salmenta eta konponketan sartu izan balira, lanean jarraituko lukete. Are gehiago, zenbat eta hozkailu gehiago saldu eta beraien negozio orijinala erahil, orduan eta merkatu gutxiago galtzeko aukera izango zuketen.
CD Saltzaileak
Nik antzera ikusten ditut CD saltzaileak. Ez dute ulertzen jendeak benetan musika nahi duela, eta ez objektu borobil hori. Bai... badago fetitxismo apur bat batez ere biniloaren eta baita CDaren munduan, ("nik albuma nahi dut, libreto, testu, argazki eta guzti") baina ez da oso jarrera zabaldua, eta gero eta gutxiago. Are gehiago, ez da nire kasu partikularra (familia eta abar) baina ziur naiz geroz eta musika gehiago kontsumitzen dugula, baina musika kontsumitzeko modua aldatzen ari da.
Kontua da musikaren industria osoa horretara bideratuta dagoela, CDak saltzera, eta hori bukatzen ari dela, gure eskalan beiñipein.
Industria hori desagertu eta lanpostuak galtzeak pena emango digula? Bai ba, baina hori egunero gertatzen ari da. Alemanian lanpostu asko galdu dira guk hemen autoak fabrikatzen ditugunetik adibidez, eta beste sektore askotan lanpostu batzuk desagertu dira beste batzuk (gehiago edo gutxiago) sortuz. Eibarren lanpostu asko galdu dira azken 30 urteetan, eta Gasteizen asko sortu. Hori horrela da, eta musikaren industriak ere bere bide berriak aurkitzen ikasi beharko du.
Gainera, CD salmentaren industria ez dago sortzaile minoritarioentzat pentsatuta. Begira prozesua: grabazio garestiak Miamin, milaka kopia atera (hau da merkeena), promozio garestiak telebistaz-telebista, hegazkinak, kritikoei gonbidapen eta opariak, eta gero salmentaren zai, ahal dela stock guztia hustuz, almazenean erreferentzia zaharrek tokirik kendu ez dezaten eta abar. Hori dena da Ricky Martin, Bisbal eta Metallica bezalakoentzako negozioa. Milaka kopia saldu eta aberasteko.
Euskal CD saltzaileak
Ni ez nago musika industrian sartuta, eta horregatik datu zehatzik ez dut, baina zenbait inpresio bai. Agian erratuta nago, baina datuak ikusi ezean ezin dut besterik pentsatu:
Hemengo musikariak inoiz ez dira diska salmentarekin aberastu. Bakarren bat egongo da bai, baina orokorrean zuzenekoak izan dira beraien iturri nagusia. Profesionalak? oso gutxi, eta normalean beste jarduera batzuekin konpletatuta: musika irakasleak, grabazio teknikariak, estudioko musikariak besteekin kolaboratuz, musika instrumentu saltzaileak, berbena taldeak, psikiatrak... Pixka bat denetik, eta ez da pasa den urteko kontua. Inork imajinatu dezake orain dela 20-30 urte zenbat musikari ezagun profesional zeuden? Nik Errobi, Oskorri, Kortatu, Hertzainak, Itoiz eta horrelako beste lauzpabost esango nituzke. Gehiago ez.
Orduan, diska salmenta medio bat izan da beti, ez helburu bat. Medio artistiko bat izan da batetik, zure lana nolabait ezagutarazteko, bete beharreko formatu bat, eta bestetik promozio bide bat, diska publikatu eta kontzertuak han-hemenka emateko aukera.
Ba hori, garbi izan dezagun diskak medioa direla, ez helburua. Ez dezagun pentsatu Urdangarinen eta Bisbalen diska batek inolako zerikusirik dutenik. Ausardia pixka bat eskatzen diot euskal musika industriari, bide berriak asmatu eta frogatzen has dadin. Herriko talde ziklistak babesleak baditu eta elastikoan haien izenak badaude, zergatik ez herriko rock taldeen elastikoetan?
Beste adibide bat: lehengoan entzun nuen telefonoetarako soinuek (politono eta horiek) kasu askotan CD salmentak baino diru askoz gehiago ematen dutela egile eskubideen bidez. Pentsatzen dut Bostongo izotz saltzaileek ere zalantzak izango zituztela, ez zuten pentsatuko etxe guztietan hozkailua egongo zenik, baina bide hauek guztiak ireki beharko dira, eta negozioak diskoarengandik lotura galtzen joan beharko du.
Azken puntu bat: errealistak izan gaitezen. Gure tamainarekin ezin dugu espero milaka musikari profesional izatea. Hobe bestela izango balitz, baina txikiak gara.
Nik uste dut liburuaren esperientzia desberdina dela, eta ez dela hain gauza teknologikoa. Musika berdin entzun dezakegu CD-an, MP3 katxarroan edo irratian, azken efektua ez da aldatzen.
Paperean aldiz, paperezko liburu baten "user experience"-a izateko tresnarik ez dut uste oraindik asmatu denik.
Paperari terrenoa beste alde batetik jaten zaio nire ustez: aisiatik. Geroz eta denbora gutxiago hartzen dugu lasai jarri eta zerbait irakurtzeko. Baina hori bizimodu aldaketaren kontua da agian, ez tresnak balio ez duelako.