Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Bilatzaile akademikoak, OAIster, Microsoft, Google, ...

Eneko Astigarraga 2006/04/21 00:21

Duela egun batzuk Microsot-ek bilatzaile akademiko berria kaleratu du: Windows Live Academic , gaur eguneko joerei jarraituz Beta fasean, jakina.

Bilaketetarako tresna berri hau Microsoften oinarrituta eta momentuz gai akademiko batzuei zuzenduta dago: informatika, konputazioa, fisika, injeniaritza eta hauei lotutako gaiak indexatu eta bilatzen ditu. Diotenez, 6 miloi errejistro , 4.300 argitalpen, 2000 konferentzia, Internet atariekin loturak, ... Etorkizunean gai eta zerbitzu gehiago gehituko omen dira.

Bilaketak liburutegi elkartuetan egiten dira. Windows Live Academic bilatzaileak Open Archives Initiative (OAI) protokoloa erabiltzen du. (Duela urte t'erdi Durangoko Azokan aurkeztu genuen OAI protokoloaren inguruan egindako ikerketa bat eta honetaz jardun genuen hemen.)

Windows Live Academic bilatzailean Echenique, P. M. bilatuz emaitza sorta ederra lortzen dugu. Zehazki 313 emaitza lortzen dira.

Apur bat lehenago Googlek Scholar Google bilatzaile akademikoa atera zuen. Bilaketa berdina eginez, hau da Echenique, P. M. , lortutako emaitza kopurua 2.200 da.

OAIster University of Michigan Digital Library delakoak bultzatutako bilatzailea akademiko garrantzitsua da. OAI protokoloa erabiltzen du elkartuak dauden beste 620 liburutegi eta erakundeen data basetako datuak bilatzeko eta emaitzak lortu eta aurkezteko. Bilaketa berdina eginez, Echenique, P. M. , 70 emaitza lortzen ditugu.

Justu "OAI-PMH" terminoak bilatuz, azterketa sakonagoa egin dute www.escholarlypub.com/digitalkoans webgunean. Aipatutako hiru bilatzaileak ACM Digital Library, Engineering Village, Information Science & Technology Abstracts eta Library Literature & Information Science data base komertzialekin konparatu dituzte eta dirudienez emaitza gehiago lortzen dira On-lineko OAIster, Google Scholar edo Windows Live Academic bilatzaileetan. Eta azken hiru hauen arteko konparaketa azkarrean, hauxe azpimarratzen dute:

  • OAIster bilatzailearen bitartez dokumentu eta argitalpen libretara eramaten gaitu.
  • Windows Live Academic bilatzaileak hein handian dokumentu osoak lortzen ditu.
  • Google Scholar bilatzaileak emaitza gehiago lortzen ditu (Googlek OAIster erabiltzen du, hilero bidaltzen diete datuak) baina apur bat nahastuak.

Onena denetan froga egitea, beraz.

Aldaketak: zitazio indexak eta editoretzarekiko harremanak

Bestalde, ezaguna da zitazio edo aipamen zientifikoak unibertsitatean egiten diren argitalpenen ebaluaketarako duten balioa. Ikertzaile baten ibilbidea, bere karrera edo ikerketa talde baten balioa eta ondorioz lortuko duen finantziatzioa neurtzeko balio dute. ISI, S.C.I. (Science Citation Index), J.C.R. (Journal Citation Reports),... dira erreferentziak.

Dirudienez, bilatzaile akademiko berri hauek, kontsultatzeko hain errazak direnez, arrakasta eta ospe edo prestigioa kontrajartzen dute. Aldizkari zientifiko "popularrak" arrakasta gehiago dute eta kontsulta gehiago jasotzen dute, baita aldizkari "prestigiosoen" aipamenak, Weighted PageRank hobea lortuz eta alderantziz.

Editore akademiko eta Google, Yahoo, Microsoft bezalako erraldoien arteko harremanetan "saltsa" aurreikusten dute adituek. Testu, argitalpen, artikulu edo idatzi zientifikoen bilaketak on-line egiten dira gaur egun, baina aipatutako erraldoiak ganorazko emaitzak eskaintzeko editore akademikoek dituzten "edukiak", eta ondorioz azken hauekin ezinbesteko tratu komertzialak, lortu beharko dituzte.


Technorati Tags: , ,

Joerak: Enpresa 2.0

Enejo Astigarraga 2006/04/14 00:07

Azken boladan, 2.0 akabera duten berba guztiak bezala gero eta gehiago entzuten dugu 2.0 Enpresa hitza eta kontzeptua.

Harvard Business School delakoan irakasle elkartua den Andrew P. McAfee , enpresetan Informazio Teknologien kudeaketa eta erabileran adituak MIT ospetsuaren MIT Sloan Business eskolako aldizkariaren udaberriko zenbakian artikulua idatzi du 2.0 Enpresa kontzeptuaren inguruan: Enterprise 2.0: The Dawn of Emergent Collaboration .

Artikuluan enpresetan lankidetza bultzatzeko eta barne-ezaguera jasotzeko, banatzeko eta kudeatzeko sortu diren tresna berrietaz (blogak, wikiak, posta zerrendak, ...) idatzi du.

McAfee-k SLATES (search, links, authoring, tags, extensions, signals) akronimoa darabil teknologia eta tresna berri hauei buruz hitz egiterakoan, eta bere ustez enpresetan ezartzeko honako baldintza hauek behar dira:

  • Enpresa kultura irekia teknologia hauek bideratzen dituzten praktika berriei lekua uzteko.
  • Plataforma amankomuna lankidetzarako azpiegitura legez funtziona dezan.
  • Tresna berriak modu informalean ezartzea, aldaketarako prozedura formalak ezartzea baino askoz hobea delako.
  • eta azkenik, kritikoa delako, zuzendaritzaren lidergoa eta sustapena.

Guztiz ados egon behar, honelako tresnen erabilera hasi baino ez da egin enpresa eta erakundeetan. Esaten nuen bezala ez da joera zabalegia, baina bidea egiten doa.

Baina argi dago, Enpresa Fakultateetan eta negozio eskoletan gaiak kezka eta hausnarketa sortzen hasia dela. Horrela, McAfee-k berak Harvard Business School delakoan duen blogean Enpresa 2.0 kontzeptuaren azpiaren dauden joerei buruz hitz egiten digu The Trends Underlying Enterprise 2.0 artikuluan.

Bere ustez, hiru dira 2.0 enpresarantz ematen ari den trantsizioan azpimarratu beharreko joerak:

  • Iritziak, ideiak edo ezaguerak adierazteko plataforma erraz, merke eta libreen sorrera: blogak, wikiak, zerrendak, ...
  • Inposatuak izan beharrean, lankidetzaren bitartez eraikitzen diren egituren agerrera. Adibide paradigmatikoa Wikipedia da, baina beste asko aurkitu daitezke, baita enpresa barneko proiektuetan ere.
  • Kaosetik ordenoa sortzeko aukera. Tag edo etiketak, folksonomiak, RSS-ak, jario agregatzaileak, bilatzaile indartsuak,... bideratzen duten aukera.

Edozeinek, Harvardeko irakasle batetik hasita Arrigorriagako tabernari bateraino, blog bat sortu eta bertan argitaratzen badu, Wikipedian editatzen badu, Flickr-en argazkiak gehitzen baditu, ... erabili ezinezko informazio gehiegitasuna, kaosa edo Lertxundik esaten zuen anabasa sortuko delaren beldur izan gaitezke. Baina McAfeek, eta beste askok, erantzun garbia dugu: EZ!

Harvard-eko irakasleak azpimarratzen duen bezala, web 2.0 deitu den honetan lanean dihardutenak informazio guzti hori filtratu, sailkatu eta lehentasunak sortzeko tresnak garatu dituzte eta garatuko dituzte.

Bilaketetarako tresnak, tag edo etiketak, folksonomiak, RSS jarioen biltzaileak eta horren inguruko automatizazioa, ... informazio eta ezagueraren bilketa, banaketa eta kudeaketa errazten dute, norberaren interesaren arabera edo talde, erakunde edo enpresa baten interesen arabera. Behintzat CodeSyntaxen honetan McAfee irakaslearekin bat gatoz, eta horretan gabiltza.

Nahiz eta tresna hauek balio duten edo ez ikusteko, inbertsio gutxi behar izan, egia da McAfeek dioen bezala, gaur egungo buruzagi eta zuzendariek oraindik ez dituztela joera hauek ondoegi ulertzen.

------------

Oharra: 2006-04-16

Informazio Teknologiak, enpresen estrategia eta lehiakortasunari buruz asko idatzi eta web 2.0 deitu denarekin kritikoa den Nicholas G. Carrek (www.nicholasgcarr.com) McAfee aipatu eta ea enpresak prest dauden galdetzen duen artikulua idatzi du aste honetan (Is Web 2.0 enterprise-ready?) eta komentario horiei erantzunez McAfeek web 2.0 eta enpresa 2.0 gaien inguruko artikulu berria idazten zuen atzo: Does Web 2.0 guarantee Enterprise 2.0?.

-------------

Harvard eta MIT famatu eta punta-puntako tokietan honen inguruan idazten eta hausnartzen hasi badira, nik uste noiz edo noiz, laster seguruenez, gurera ailegatuko direla.

Gaiari buruz gazteleraz: Tendencias Empresa 2.0


Technorati Tags: , ,

Software librea: ez dago atzera egiterik

Eneko Astigarraga 2006/04/11 17:59

Newcon zentroan egon naiz gaur goizean eta Isabelek erakutsi dit Innovandis proiektuaren blogean agertu zen bideo hau, nere klaseetan erabiltzeko modukoa egia esan, eta baita software librearen promozioan.

Red Hat-ek Software Librea  promozionatzeko egin duen bideoa.

Bideoa hemen dago eta euskarazko beste blog honetan : www.blogak.com/bideoak

Egun hauetan publikatu dute Red Hat-ek JBoss Java aplikazioen zerbitzari librea erosi duela, ( Zdnet-en irakur daiteke albistea ), eta bertan dioten bezala ez dago atzera joaterik Software librearekin.

Ikusi dut Maalako parkean izeneko blogean aipatu eta azpimarratzen dutela albiste hau.

Zientzia 2020

Eneko Astigarraga 2006/04/10 23:57

Microsoft erraldoiak Science 2020 txostena argitaratu du.

Ondorio batzuk:

  • Zientziak gehiago eragingo du ekonomian
  • Gizarteak parte hartze handiago izan beharko luke zientziaren etorkizunean
  • Ikerkuntza zentru berriak sortu behar dira
  • Ezaguera zabaltzeko era berriak garatu behar dira
  • Berrikuntza bultzatu behar da, publiko-pribatu sareak indartuz

etabar

Guztia irakurtzeko, hemen duzue .pdf formatoan (Adi: 2.103 KB)

Zientziaren inguruan euskarazko pare bat blog interesgarri ezagutzen ditut:

Agian izango dira gehiago, ez dakit, baina aipatutako biak gomendagarriak dira.


Technorati Tags: , ,

Hizlari isila

Eneko Astigarraga 2006/04/09 23:58

Alperrik da musika topera duen taberna batean aldamenekoekin berba egiten saiatzea, edo zerbait esatea tailarrean prentsa makina alboan duzunean jotake piezak egiten. Espazioan ez du inork entzungo zure deiadarrak, alperrik da oihuka ibiltzea.

Hori konpontzeko, Charles Jorgensen ikertzailea Subvocal speech recognition teknologia garatzen dabil NASAko ikerketa talde batean . Demoa hemen .

Hau da, berba egin barik, soinurik atera gabe, esan nahi duguna irakurtzeko kapaza den teknologia garatzen dabiltza. Esan nahi duguna ordenadore baten idatzita agertzeko, esate baterako, edo gero ahots automatikoa bihurtzeko, edo beste aplikazio batzuetarako.

Forbes aldizkarian agertu da, eta beste hainbat tokietan .

Halakoak eta agian idazteak (fisikiko esan nahi dut) etorkizunean zentzua galdu egingo duela komentatu nuen Markos Literatura eta teknologia gaiari buruz UEUn egon zenean berbetan, baina ez dakit nik aipatutakoarekin oso konbentzituak ikusi nituen :-)

Argazkia: NASA


Technorati Tags: , ,

Blogak Bilbon

Eneko Astigarraga 2006/04/07 00:47

Azken orduan baina Deustun egin den blogak 2.0 jardunaldira hurbildu naiz. Berandu zen, egitaraua atzerapen handiarekin eta jendea nekatuta ikusi dut. Azken orduko mahaingururako desertzio asko, Les Luthiers nahiago. Pena, horrelako jardunaldietan ordutegiak zaindu beharreko gauzak dira.

Aurkezpenen kalitateari edo aurkeztutakoaren berrikuntza mailari buruz, ezin askorik esan batzuk baino ez ditut entzun eta. Mapak eta geolokalizazioaren ingurukoa (gure Tagzania barne) eta blogak univertsitatean inguran antolatutako mahaiak entzun ditut eta ondo iruditu zaizkit. Orokorrean Javiri ez zaio larregi gustatu, batez ere ordua ez betetzearena, eta Ibanek dio euskalblogosfera ondo ordezkatuta egon dela, baina euskara gutxi entzun duela. Patxi , aldiz itxaropentsu ageri da eta aukerak ikusten dio euskarari web 2.0an.

Dena den, Bilbora gerturatu ez arren jardunaldia jarraitzeko modua zegoen Interneten:

Adibiez, txukuna Gorka Juliok jarraipenerako prestatu duen tresna spyblogak.bloginfluence.net/ eta kuriositateak bultzatu pare bat aldiz kuxkuxeatu dut jardunaldiko txat-ean.

Euskal blogosferan jarraipen zuzena egin dute Multimediako neska-mutilek, www.mutilmedia.com , Ander Goñi, napar renegauak , era oso kritikoan (kaos 2.0, entzufe 2.0, hizlari 200.0, ...), ezagutzen ez nuen Zaindu Buruba eta jardunaldian egon diren beste euskaldun askok. Gazteleraz jarraipena egin duten blogariek, asko ere. Eta nahiz eta batzuk Live blogging edo zuzenean hitzaldi-aurkezpenetan blogatzearekin gustoregi ez ibili (E-gor -ek berdina dio), jotafuego bloga-bloga ikusi dut jendea.

Ezagun asko aretoan, eta beste asko ni ailegatu orduko alde eginda, baina emozionantea Maite Sei "ikasliburuetara erotuta ere itzuliko ez litzatekeen" IKTrarekin topo egitea eta ezagutzea (blog eta eposta bitartez baino ez ginen ezagutzen). Eta nahiz eta justu-justu zer moduz, kaixo, agur esateko denbora baino ez dugun izan, polita izan da. Hurrengorako barriketa gehiago, eta gorantziak Ordiziako beste IKTro guztiei.

Batek esan dit Alianzok egiten duen rankina gaur berritu egin dutela eta, parametro arraro batzuen arabera, Pais Vascoko hamairugarren bloga dela hau. Ez dut ondo aztertu, baina rankin hori kalkulatzeko moduan zerbait oker dagoelakoan nago.

Info gehiago: spyblogak.bloginfluence.net/


Technorati Tags: , ,

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.