Legebiltzar(retako)kidiei, abstentzionista baten partez
Tira, nik ezin dot aukera hori hartu daben guztien izenian berba egiñ, jakiña; hamen argitaratutakuak nere arrazoi pertsonalak baiño ez diraz izango. Beste bi hónek be, esate baterako, eukiko dabe bere pelikulia atzian (via Asier Sarasua -uste dot hala esaten dala sare sozialen mundu honetan-):
http://goiena.net/blogak/faroa/gaur-ez-dut-bozkatuko
https://twitter.com/IbanZ/status/260010173266022401
Beti bardin gertatzen da: hauteskunde prekanpañan eta kanpañan partiduen helburu nagusixa “indezisuak” mobilizatzia izaten da. Iratargixa prometitzen; asmo onez gaiñezkako otzarak erakusten; ixa ixa sexu oral saio pertsonalizauak eskaintzen, demokrazian klimax honetan botua emon daigun (euren alde, esan barik doia). Azken egunetan paroxismora allegatzen dira partehartzian aldeko aldarri epiko-patetikuekin; ez bakarrik kanal ofizialetatik: baseko militantiak be tabarria emoten ibiltzen dira kontakto guztiei, sare sozialetan-eta. Bixamonian, ostera, emaitzak interpretatzerako orduan, abstentziñuan errua egualdixari botako jako, edo ganora gitxixari... Politikuengan dagon konfiantza falta orokorra be aittatuko da iñoiz, baiña buelta asko emon barik: eskaño banaketa festarako dira indar guztiak.
Botua emotera juan ez garanok hain errez ahaztutzia, baiña, erroria da. Errore larrixa gaiñera. Sistema parlamentariua bera sitzak janda dagonian ez da ezikusixana egin bihar (oiñ dabizen moduan), konpondu egin bihar da. Batzu ez dira konturatzen poltrona kopurua mantentzen bada be, ordezkatzen gaittuen jente kopurua gero eta txikixagua dala. Botua iñori emon ez detsagunoi behintzat, ez gaittue ordezkatzen.
¿Zergaittik ez doten joko horretan parte hartu nahi, nik? Hara: pentsau daigun Legebiltzarra traiñerua dala, eta Herrixan mesederako estropadia ondo jokatu bihar dala. Lau urtetik behiñ traiñeruan patroia aldatzen da; hauteskundiak dira. Baiña bittartian, traiñerua noraezian dabil. ¿Zergaittik? Arraunlarixak ez dirazelako sekulan kapazak izaten norabide berian erremutan egitteko. Patroia Patxi danian, bere alderdikuak boga hasiko dira eta beste guztiak zia; aurrera biharrian, traiñerua ezkerrera bueltaka ibilliko da. Patroia Pepe danian, papelak aldatuko dira; baiña zia eta boga, traiñerua eskumara bueltaka. Sekula bez zuzen.
Aurreko baten Legebiltzarrak putetxe batzu dirazela aittatu neban ETB-ko Azpimarran; Lourdes Idoiaga pizkat ofendidu jatan, ia adarra jotzen nenguan. Baiña ez: serixuan nebixan. Nik neuk ez dakat ezer, printzipioz, sistema parlamentariuan kontra. Idea teoriko ona begittantzen jata gaiñera, baiña... jarkera konstruktibuakin juan bihar da Legebiltzarretara, bestela akabo. Partiduak indar guztia zankadilla-jokuan gastatzen dabenian... “enpatia” berbian esannahixa ezezaguna jakenian... ekimenen mamiñari baiño gehixago, ekimenan autoriari erreparatzen jakonian (alde ala kontra agertzeko)... lau urtian behin aurrekuak egin daben guztia desegitteko diru eta errekurtso pillua gastatzen danian... jentia inkonpetentez betetako putetxiekin nekatu egitten da. Horren aurrian, batzu abstenitzeko aukeria hartuko dogu; baiña beste batzuri... diktaduren nostalgixia ixotuko jako.
Badirudi “aro berri bat” datorrela Hegoaldeko ezkerraldeko Legebiltzar horretara. Lourdesi esan netsana: hala nahiko neuke. Ia hurrengo hauteskundietan botua emotera juateko konbentzitzen gaittuzuen.