Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

No photos!

Oier Araolaza 2008/03/25 16:09
Eibarko Arma museoan ezin da argazkirik atera. Eibarko industri ondarea eta historia ezagutzera emateko sortu zen museoa, baina ez du laguntzarik nahi lan horretan. No photos!

Utah-ko Unibertsitatetik etorritako ballet dantzari talde batekin ibili gara Aste Santuan Eibarren euskal dantzak irakasten. Dantzak irakasteaz gain saiatu gara batera eta bestera eramaten hemengo gauza batzuk ikus ditzaten, Zuberoara maskaradak ikustera joan ginen, Arratera lainoak eta euria ikustera igo gara, Bilbo, Donostia, Deba...

Ostegun santuan Deban geunden, aurretik deitu genuen turismo bulegora eta eliza barrutik ikusteko aukerarik izango ote zen galdetu genuen. Baietz, irekita izango zela. Bertara joan eta eliza itxita. Turismo bulegora joan eta hura ere itxita!
2008-03-18_Arma-Museoa-Eibar_24
Asteartean Eibarko arma museoa ikustera joatea proposatu genien eta baietz, pozik ikusiko luketela. Deitu genuen bertara eta aste santuan itxita dagoela. Arraroa egin zitzaigun, opor egunetan itxita museoa, baina hasi gara ohitzen. Dena den, Eibarko museotik asteartean mesede berezia egin ziguten eta itxita behar zuen orduan guretzat irekin, bikain. Hasi gara museoa ikusten eta Utah-ko dantzarien irakaslea pozik, halako pistola nahiko berezia dela, ez zuela inoiz ikusi eta bere lagunei erakutsiko diela. Atera du argazki kamera, baina berehala etorri zaigu arduraduna eta debekua, ezetz, debekatuta dagoela argazkiak ateratzea museoan. "No photos, no photos".

Ez dut ezer  ulertzen. Benetan. Zergatik ezin daitezke atera argazkirik arma museoan? Museoa Eibarko industria ekoizpena ezagutzera emateko egingo zen ezta? Beraz, argazkiak ateratzeak helburu horretan lagundu baino ez du egiten! Museoko zuzendaria banintz nik zera esango nieke bisitariei: "Take photos please, egin argazkiak ahal beste eta zabaldu mundura!!". 

2008-03-18_Arma-Museoa-Eibar_19

Pristinako dantzen zipriztinak

Oier Araolaza 2008/03/13 08:25
Independentzia aldarrikatzera eta ospatzera atera ziren Kosovon. Bandera yankiak atera zituzten askok, eta kantuan eta dantzan ikusi genituen beste asko. Estatu Batuetako banderena azaldu, esplikatu, analizatu digute atzerri politika adituek eta ez adituek. Nik bandera kontuetaz ezer gutxi dakit eta, independentzia aldarrikapen horretan erabili zen beste sinboloa hartuko dut hizpide, dantza. Pristinako dantzak baditu eta bere zipriztinak.

Pristinako argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat erakutsi du CNN-k. Ez dakigu hotzez ala beldurrez  dauden dardarka zubian daudenek. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak dituzte soinean eta dantzan ari dira. “Kolo” bat, borobilean egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun gainera, dantzari bikainak direla antzematen da. 

Bonba azpiko dantza haien peskisan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla. 

Europako ekialdean, nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera zabaltzeko baliatu dira. 

Independentzia ospaketetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNN-k dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.

Argia, 2008-03-16
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter