Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Errazagoa da dantza egitea

oier_a 2007/07/27 10:01

Argia, 2007-07-29

San Fermin eguna da, eta ez gaude ez Iruñean ez Lesakan, baina dantzan ari gara. Miranda do Douron gaude, Portugalen, makila-dantzen nazioarteko jaialdi batean. Miranda inguruko pauliteiroak eta Zamorako paloteoak dira nagusi jaialdian, eta gu urrutitik iritsitako euskaldun exotikoen papera egitera etorri gara. Gure emanaldia bukatu eta zenbait ikusle hurbildu zaizkigu egin ditugun dantzei buruz galdezka. "Zer esan nahi du egin duzuen ezpata-dantzak? Guda-dantza bereziren bat al da?" galdetu dit batek. "Emankortasunarekin zerikusirik al du?" besteak.

Portugalera joan gabe ere, ezkontza batean dantza eginez gero ohikoa da gonbidatuetako bat hurbiltzea eta "aizu, azalduko al diozu gure Albaceteko lehengusuari zer esan nahi duen aurreskuak?" Gure dantzek esanahai magiko eta mistikoen gordailu direla sinestarazten lan handia egin dugu dantza taldeetatik. Are gehiago, tradizionalari exotikoa gehitzen badiogu musika zelta egiten dutela dioten zenbait talderen iruditeria osoa martxan daukagu: errito paganoak, sinbolo ezkutuak eta arte primitiboaren superbibentziak.

Ez dut ukatuko superbibentziarik dagoenik gure dantzetan. Ensaioak gogorrak dira, izerdia majo isurtzen dugu, makilakadek minberak uzten dituzte hatzak, eta koreografiaren joan-etorriak sasi artean galtzen direnean, oxigenoa urritzen hasten da burmuinetan eta esku eta oinen koordinazioak kale egiten du. Heroiek bakarrik segitzen dute aurrera, superbibienteek.

Zahar itxura badute ere, erne, XXI. mendeko gizartearen eta kulturaren emaitza dira gure dantzak. Bai, tradizio zaharren ondorengoak dira; ustez behintzat, zenbait kasutan, aspalditik datozen tradizioak dira. Egia esan gehienak egozten dieguna bainodezente berriagoak dira, baina hori beste baterako utziko dugu. Geniona, aspaldiko tradizio batzuen ondorengo ditugu zenbait dantza, etengabe egokitzen eta eraldatzen joan arren, zahar itxurako osagai batzukin funtzionatzen jarraitzen dutenak. Baina egungo gizartean ekoiztu eta kontsumitzen dira, beraz, egungo kulturak eragiten die, beste edozeini bezala. Eta esanahiak ere egungo jardueran eman nahi dizkiogunak ditu. Zer esan nahi duen ezkonberriei egindako aurreskuak? Ba norbaitek ordaindu duela hori egiteko. Ados, horrelako gordin esatea ez da batere erromantikoa. Izan daiteke dantzariak lagun dituela eta horrela zoriondu nahi izan dituela ezkonberriak. Besterik ez? Bai, noski, bakoitzak erantsi nahi dion guztia. Eta erantsi nahi ez diona ere bai.

Ideia eta kontzeptu abstraktuak eraiki eta komunikatzeko erabiltzen dugun funtsezko tresna  azaleratu ziguten Lakoff eta Johnson-ek: metafora. Hizkuntza bidezk komunikazioa metaforaz josita eta metaforen gainean eraikita badago, dantza komunikazioa sinbolikoa da goitik behera, eta metaforan hezurmamitzen da bere adierazteko gaitasuna.

Beste garai batzuetan sortu eta eraldatu zituzten arrazoi eta esanahiak fosilduta aurki litezke tradiziozko dantzetan. Koreoarkeologia jarduera erakargarria da eta emaitza irudimentsuak eskaintzean ditu, gure historiara hurbiltzeko aukera ematen digu\neta aurrera egiteko bideak irekitzen dizkigu. Asko gara horrelakoekin gozatzen dugunak. Ruperrek kantatzen duen bezala "Nik ere, gauza orotarik, gauza erabiliak ditut gehien maite" Baina orain eta hemen dantzatzen denak, orain eta hemen du zentzua eta esanahia, eta horixe da biziarazten duena. Ez da erronka makala hori hitzetan jartzea, alegia, 2007an ezpata-dantzan ari garenean, zer adierazi nahi dugun eta, ikusleak zer ulertzen duen hautematea eta hitzen lengoaiara ekartzea. Errazagoa da dantzan aritzea.

Ihesean korrika doan elefante taldea

oier_a 2007/07/23 12:07

Aritz Ibañez-ek egin didan elkarrizketa argitaratu da asteburuan Berriako kontraportadan. Udako elkarrizketa fresko horietako bat izan nahi zuela esan zidan, eta saiatu nintzen erantzunetan serioegi ez aritzen. Orain elkarrizketa irakurrita konturatu naiz galdera batzuetan nahiko serio erantzun dudala. Baina nire erantzunetan nire burua neure esanekin kontraesanetan harrapatu dut, eta poztu naiz, horrelakoa naizelako finean, kontraesanez betea.

«Ihesean korrika doan elefante talde baten modukoa da euskal dantza tradizionala» agertu da nire ahotik ateratako titularra (Ez dakit Aritzek ala Berriako erredakzioan aukeratua). Zalantzak ditut metaforarekin ondo asmatu dudan. Indartsu, eroantzean korrika, baina norabide argirik gabe ari den sektorea irudikatu nahi nuen adibide horrekin. Bisonte estanpida nuen buruan eta elefanteena atera zitzaidan.

Neurri batean behintzat adibideak nahiko ondo erantzuten dio nire asmoari, baina gero konturatu naiz badagoela ezaugarri bat ez dela nik nahi beste nabarmenduta geratu. Nire irudimenean sortutako elefante ihes horretan bakoitza norabide batean doa, batzuk aurrerantz, beste batzuk atzerantz, beste batzuk eskumaruntz... Eta harrotzen duten hautsaren eraginez ez dute ikusten taldean jarraitzen duten korrika ala bakarrik doazen.

Izarren anaiarentzat izen bila

oier_a 2007/07/02 17:52

Abuztu bukaerarako iragarri du Izarren anaiak bere etorrera. Zein izen jarri pentsatzen ari gara baina ezin erabaki gabiltza. San Bartolome jaietarako jarrita du data, eta lehen aukera Bartolo izan da, baina proposamenak ez du babes handirik jaso eta baztertu egin dugu.

Orain Ainhoak hiru proposamen egin ditu, eta Izar eta biok hiruen artean aukeratu ezinda gaude. Hauek dira hiru hautagaiak: Iker, Ekain eta Unai.

Ah, bai, mutila izango omen da. Omen diot, gaurko ekografian ginekologoak ez diolako zerako zera hori ikusterik lortu. Edo lotsatia da (aita bezala, ni ere aukeran saiatzen naiz jendaurrean ez erakusten) edo txikia dauka (hemen aitarekin ez dut konparaketarik egingo).

Bueno, baina izenari buruz zer? Iritzirik, bozketarik?

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter