Coliseoa badator, eta orain zer?
Eibar, herriaren arima aldizkariaren 2007ko urtarrileko 75. zkian argitaratutako artikulua.(Ego Ibarraren gunean aurki daitezke aldizkariak osorik pdf formatoan, hemen azken hau)
Datorren otsailean, martxoan, apirilean edo dena delakoan (hori bai, maiatzaren 27a baino lehenago seguru baietz!) Coliseoaren ateak berriz irekitzen direnean, Eibarko kultur dinamikan aro berri bat hasteko aukera izango dugu. Paradoxa izan da antzerki jardunaldi entzutetsuak horrenbeste urtetan antolatu eta gozatu dituen herriak ez izatea antzokirik hiri-gunean.
Coliseoa antzoki bihurtzeko egokitze eta berritze lanek luze eta korapilotsu jo dute. Badirudi Eibarren egiten diren obra publiko guztiak aldez aurretik kondenatuta daudela atzeratu eta hamaika arazorekin laberinto burokratiko eta politikoetan galtzera. Kiroldegiarekin hasi, Portalearekin jarraitu eta Udaletxea berarekin segi, obra bakoitzak bere kalamitateen historia propioa du, eta ziur aski pisuzko arrazoiak izango ziren tartean, baina, ekimen publikoaren patu petralak zer pentsatua ematen du.
Aurrera begiratzeko unea dugu orain, eta egokitze lanen azken txanpan sartuta dagoen Coliseoaren etorkizunari begiratzeko garaia da. Coliseoa zinea zen, ez zen antzokia, eta beraz, hasi aurretik erronka zuten arkitektuek: zine bat antzoki bihurtzea. Hori egin ahal izateko besteak beste eskenatokiarekin izan dira arazo latzak. Coliseoak eszenatoki txikia zuen, zineak ez baitu eszenatoki beharrik, eta eszenatoki hori handitzeko harmailak txikitu behar izan dira nabarmen.
Zinea antzoki bihurtzeko prozesu horretan arkitektuek izan dute azken hitza, baina aipatzekoak dira azken bi urteotan Eibarko zenbait ordezkarik egin dituzten ekarpenak. Eibarko udaleko teknikari eta hautetsi politikoek antzokietan adituak direnei eskatu zieten aholkularitza. Eta antzokietan adituak nortzuk dira? Ba, antzokietan lan egiten duten teknikariak eta antzokietan aritzen diren artistak. Alegia, antzokiak barrutik bizi eta sufritzen dituztenak. Eibarko Antzerki Jardunaldietan formatu eta bere ibilbide profesionala antzokietako teknikari bezala egiten ari direnek erantzun diote gonbidapenari. Manolo Murillo da horietako bat, eta berari zor dizkiogu Coliseo antzokia izugarri hobetu duten hainbat hobekuntza proposamen.
Kezka dantza taldeko kideok ere izan dugu Coliseoaren berritze eta egokitze lanak hurbiletik jarraitu eta gure iritzia emateko aukera. Ezin esan antzokietan aditu-adituak garenik, baina azken urteotan hainbat antzoki barrutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta gure eskarmentua baliatzen saiatu gara. 1994tik Juan Antonio Urbeltzek sortutako ikuskizunetan parte hartu dugu eta Argia dantzari taldearekin Euskal Herriko antzoki gehienetan dantza egitea tokatu zaigu. Donostiako Victoria Eugenia edo Iruñeko Gayarre antzoki zaharrak sufritu ditugu, Kursaal eta Euskalduna bezalako auditorio erraldoietan gozatu dugu, Gasteizko Printzipal berrituan edo Miarritzeko Gare du Midi zoragarrian aritzeko zortea izan dugu, Andoaingo Bastero inauguratu dugu, eta Basauri, Tolosa, Barakaldo, Azkoitia, Elgoibar, Ermua, Agurain, Durango, Arrasate eta beste hainbat antzoki probatu ditugu. Eszenatoki txiki baten mugak gure larruan jasan ditugu, agertokiaren sorbalden –eskenatokiaren alboetan, teloiek estaltzen duten espazio hori- garrantziaz ohartu gara, aldageletan espazioaren aprobetxamendu onak zein garrantzi du ikasi dugu.
Orain bi urte inguru Coliseoko planoak ikusi genituenean kezka handiak sortu zitzaizkigun antzoki bezala erabiltzeko zituen mugak ikusita. Planoan ikusitako eszenatokia txiki-antzekoa iruditzen zitzaigun, mugatu samarra, baina batez ere eskenatokiaren sorbaldetan ikusten genizkion arazo larrienak, ez baitzuen horretarako tokirik. Uni Kultur Elkarteko lagunak ere arazo horren jakitu ziren, eta beraz, eszenatokia eta bere inguruak handitzera eta egokitzera bideratu ditu Manolo Murillok bere zuzenketa-proposamen nagusiak. Azken hitza arkitektuek dutela esan dut lehen, eta beraz, proposamen batzuk onartu dizkiote eta beste batzuk bidean geratu dira. Baina azaroa hasieran Udalak lanak bertatik bertara ikustera gonbidatu gintuenean Coliseoa antzoki itxura hartzen hasita zegoela ikusteko aukera izan genuen. Eszenatokia aurreratu egin da eta sorbaldak agertu dira alboetan. Agertoki polita izango du Coliseoak. Mugatua, eta hainbat ekitaldi ertain edo handitarako ez du aukera askorik emango, baina oro har izugarri hobetu da planoek erakusten zutenaren aldean, eta pozik egoteko moduan gaude. Hobekuntzak askotarikoak izan dira, eta artisten eta aktoreen lana erraztea, eta mugarik ez jartzea, izan dute helburu gehienek. Ikusleei begira ere egin dira hobekuntzak. 500 eserlekutik gora izango ditu Coliseoak, lehen zituenak baino dezente gutxiago, baina zinea antzoki bihurtzeak eragindako murrizketa da hori. Ikusleak eskenatokitiik hurbil eseriko dira, eta antzoki beroa izateko ezaugarriak ditu. Ikusiko dugu hala ere, urtean zenbat aldiz betetzen den…
Eta barruan zer?
Edukiontziari begira denbora asko daramagu, eta bada garaia edukiarekin berarekin arduratzen hasteko. Antzokia izango dugu Eibarren, hiriaren erdigunean, baina zertarako? Orain arte toki desegokietan egiten ziren hainbat ekitaldi bertan egingo dira aurrerantzean. Baina hortik aurrera Udalak ez du jakinarazi antzoki horretarako programaziorako ahalegin berezirik egiteko asmorik ote duen. Antzerki Jardunaldietatik kanpo urte osoko antzerki programazio interesgarri bat izango al dugu? Musika, dantza eta bestelako ikuskizun erakargarriek egingo al digute bisita Coliseon? Horretarako aurrekontu bereziak jarriko al ditu Udalak? Coliseoa lan-ildo estrategikoa izan da Udalarentzat azken hilabeteotan, baina behin edukiontzia inauguratuta bukatuko al da atentzio berezi hori? Udal hauteskundeak gainean ditugu, beraz, alderdi politiko guztiei zuzentzen dizkiet galdera hauek. Zein proposamen programatiko ditu zuen partiduak Coliseoaren funtzionamendu eta dinamizazioari buruz?
Zerbitzu, merkataritza eta aisialdiaren alorrak izugarri indartu dira azken urteotan. Badirudi zenbaitek Corte Inglesaren gain utzi nahi dituela Eibarrek izan ditzakeen erakarmen dohain nagusiak. Kontsumo globalizatuaren eta aisialdi merkantilizatuaren eredu penagarria ginateke bide horretatik itsuan joko bagenu. Inbertitu dezagun programazio kultural ausart, anitz eta indartsu batean, eta izan dadila gure jarrera kultural dinamikoa Eibarrek duen erakartze gaitasunaren sinboloa. Gizarte bezala hazi, jantzi eta sendotuko gaituen mugimendu kultural indartsua sustatu dezagun, eta izan dadila Coliseoa Eibar zuzpertu eta bizi baten akuilu. Udalak kulturaren aldeko apustu garbia egitea gustatuko litzaiguke zenbaiti. Eta eibartarrek apustu horri interesez, parte-hartzez eta jarrera kritikoz erantzutea. Coliseoa badator. Baliatuko dugu aukera hori?
Soka-dantzaren inguruan Forumen
Datorren urtarrilaren 9an, ETB2ko Forum saioan agertuko naiz David Barberok elkarrizketatuta. Orain pare bat aste grabatu genuen elkarrizketa Iurretan eta soka-dantzaren ingurukoa izan zen.
Aurretik, David Barberorekin berarekin bildu nintzen arratsalde batez eta gaiaren nondik norakoak komentatu genituen. Informazio harekin osatu zuen berak elkarrizketarako gidoia, eta elkarrizketa osatzeko telebista irudiak eta argazkiak ordenatu genituen.
Iurretan, albistegiak egiten diren platoan egin genuen elkarrizketa. Platoan hormak berde-berdeak dira, goian fokoak eta aurrean kamerak. Horma berde horiekin hartzen dira irudiak eta ondoren, errealizazio gelan, horma berdeen gainean programarako diseinatu den dekoratu-birtuala ezartzen da.
Gustora egon nintzen elkarrizketan, lasai eta hitzak ondo neurtu nahian, baina ikusiko dugu emaitza zer nolakoa den. Bueno, nik ikusi dut, elkarrizketa bukatu bezain pronto, DVD bat eman baitzidaten, elkarrizketa grabatuarekin, eta baita argazki pare bat ere.
Forum
Urtarrilak 9, asteartea
9.00etan ETB2n
Elkarrizketak sukaldatzen
Sukaldatzea izan daiteke manipulazio hitzak dituen konnotazio ezkorrik gabe gauza bera adierazten duen hitz bat. Kazetaritzan testuak, eta elkarrizketak, kozinatu egiten dira, sukaldatu. Ahozko diskurtsoa idatzira egokitzeko, bukatu gabeko esaldiak osatzeko, diskurtsoan saltoak saihesteko, maketaren neurrira egokitzeko, eta... elkarrizketatuaren hitzak kazetariaren bahetik iragazita aurkezteko. Aurreko mezuan Lucia Lakarrari egindako elkarrizketa aipatu dut, eta berriz ere nator elkarrizketa horrekin, sukaldatze prozesu horien arriskuak azaleratzeko adibide polita da.
Elkarrizketa bera argitaratu da DVn eta El Correon, kazetari berak eginda, eta galdera-erantzun gorputz berarekin. Baina, batetik bestera hainbat ñabardura daude. Hasteko elkarrizketa bera baina titularrak erabat desberdinak dira. «Lo que más nos ilusionó fue ver la emoción de nuestras madres» jarri diote titularra DVn. Eta Correon berriz "No hay ninguna compañia vasca que me motive" esanarazi diote Luciari. Correoko testuan bertan begiratuz gero hauxe da galdera-erantzuna:
"-¿Le parece esperanzadora la situación de la danza en el País Vasco?
-Teniendo en cuenta que no hay una compañía que te pueda motivar, creo que el trabajo que se está haciendo en el País Vasco es muy bueno. Cada vez más bailarines vascos triunfan en el mundo."
Hortik elkarrizketaren titular hori ateratzea gehitxo izan daiteke, baina oraindik harrigarriagoa da kontua Diario Vascoren elkarrizketan galdera-erantzun hori begiratzen badugu:
"- ¿Le parece esperanzadora la situación de la danza en el País Vasco para alguien que quiera empezar en este mundo?
- No existe una compañía, que es algo que te puede motivar mucho, cuando aspiras a entrar en ella. Pero creo que a pesar de eso el trabajo que se está haciendo en el País Vasco es muy bueno y hay cada vez más bailarines vascos triunfando en todo el mundo."
Esan bezala elkarrizketa bakarra da, Ricardo Aldarondok Donostiatik egindakoa. Beraz, hortik aurrerako guztiak kazetarien sukaldatzeak direla pentsatu beharko dugu. Ricardo Aldarondok normalean DVn idazten duela kontuan hartuta, jatorrizkotik hurbilago DVko bertsioa egon daitekeela pentsatzen dut. Hor galderak, nire ustez, adierazi nahi du ea dantzaren munduan hasten ari den batentzat Euskal Herriko dantzaren egoera erakargarria gerta daitekeen. Eta Luciak erantzuten du hemen dantza konpainia bat ez egoteak ez duela laguntzen, hori beti izaten baita motibaziorako lagungarria, bertara sartzeko gogoa pizten baitezake. Galdera-erantzuna El Correora pasatzean galdera moztu egin dute, eta hemengo dantza egoera Lucia berari zer iruditzen zaion galdetuko baliote moduan geratu da. Ondorioz, badirudi erantzunean bere buruaz ari dela, eta bertan dio ez dagoela dantza konpainiarik hemen, eta horrek laguntzen duela motibazioan. Beraz, manipulazio guzti horretatik El Correoren titularra: "No hay ninguna compañia vasca que me motive". Luciaren hitzen erabateko manipulazioa (bere konnotazio okerrenean) nire ustez, Luciak esan nahi zuena horrelako zerbait baitzen: "No existe una compañia vasca, [que es algo que puede motivar mucho para alguien que quiera empezar en este mundo de la danza]
Dantza ikasketak egiteko bekak
Lucia Lakarrari egindako elkarrizketa luzea argitaratu zuten atzo El Correon eta Diario Vascon. Urte berri eguneko kontzertuan egindako emanaldiak izugarrizko oihartzun mediatikoa izan du. Prentsa osoa telebistara begira jarri da. Hori baino makina bat emanaldi interesgarriago eta hobeago egingo zituen Zumaiako dantzariak, baina telebista telebista da, eta urte berri eguneko kontzertua show mediatiko bat.
Luciari egin dioten elkarrizketa honetatik pare bat gauza komentatu nahi ditut. <dantzan> posta zerrendara bidalitako pare bat kontu dira. Bat post honetan jarriko dut eta bigarrena hurrengoan. Euskal erakunde publikoen bekei buruz galdetzen dio kazetariak, eta Lucia Lakarrak oso argi erantzuten du beka horiei esker izan ez balitz ez litzatekeela iritsi den tokira iritsiko. Hauxe da bere erantzuna osorik:
"- Usted comenzó con becas de la intituciones vascas. ¿Cómo valora ese tipo de ayudas institucionales?
- Comparando con el resto de España, en el País Vasco tenemos una gran ayuda con las becas de la Diputación o del Gobierno Vasco, sin las que yo no hubiera podido estar donde estoy hoy en día. Porque todo eso de irte a Madrid o al extranjero a estudiar es algo muy caro que una familia normal no se puede permitir. Sin las becas no creo que hubiera tenido una posibilidad de lanzarme y hacer algo en el mundo de la danza. Pienso que es una ayuda enorme que tienen los bailarines vascos."
Luciak ikuspuntu ekonomikotik planteatzen du auzia, eta dudarik gabe oso garrantzitsua da hori. Baina nik uste dut beka horien eragina ekonomikoa baino gehiago dela. 14-16 urte inguruko gaztetxo batek dantzara dedikatu behar duela etxean esateak izugarrizko ardura eta kezkak sortzen ditu gurasoengan. Hasteko gehienek (ezta gazteak ere) ez dute argi afizio horrekin ofizio bat egin daitekeenik. Bestetik hezkuntza sistema arrunta albo batera utzi eta ikasketa berezietara jotzea. Eta gainera, kasu gehienetan hori dena etxetik urruti. Adolfo Yebra, Igor Yebraren aitak oso ongi adierazten zituen kezka horiek elkarrizketa batean:
"Nosotros a Igor le mandamos con catorce años a Madrid a vivir solo. ¡Que lo mismo que ha salido un bailarín podía haber salido un golfo! Porque ya a los quince años ganó un montón de tela venciendo en el Festival de Eurovisión de París. Un chaval de esa edad ganando ya dinero... ¡podía haber sido el desastre padre!"
Beka horiek eskaintzen duten babes ekonomikoaz gain, nire ustez konfidantza eta berme bat ere eskaintzen dute. Hau da, gazteari beka bat emateak adierazten die gurasoei erakunde publikoek eta dantza adituek oso modu altuan baloratzen dituztela gazteak dantzarako izan ditzakeen dohainak, eta prest daudela bere ikasketa prozesua ekonomikoki babestera. Gurasoa konturatzen da, erakunde publikoak prest badaude dirua jartzeko bere seme-alabaren formazioan zerbait berezia izango duelako dela. Ez daki etorkizunean lanbide horretatik bizibidea eskuratu ahal izango duen, baina gutxienez konturatu da beste gazte guztiek ikasketak laguntzarik gabe ordaindu behar dituztenean, bere seme-alabak laguntza ekonomiko berezia duela ikasketa horiek burutzeko, eta horrek konfidantza handia ematen die gurasoei seme-alabaren nahia betetzen laguntzeko.
Dantza 2006 urtean
Ibilbide distiratsua egin du, 14 urtez puntako dantza konpainia batean ari da, baina erretiroaren eguna hurbiltzen hasi zaionean iritsi zaio bere konpainiarekin etxean dantzatzeko aukera. Urtzi Aranburu da bera, eta bere betiko konpainiarekin, Nederlands Dans Theater-ekin izan da Donostian dantzan. Beste batzuk ez dute horrenbeste itxaron behar izan. Jorge Nozal-ek hiru urte daramatza NDTen, eta Urtzirekin batera izan da Kursaalen. Asier Uriagereka mungiarra Bilbon izan da Montecarlo Baletarekin.
Urrats sendoekin ari da ezagutzera ematen mundura Ballet Biarritz. Kultura alorreko 2005eko Sabino Arana saria eman diote Thierry Malandainek gidatzen duen taldeari. Nazioarteko errekonozimendua eskuratzen ari da eta aldi berean beti da prest Euskal Herrian bertan dantzatzeko. Taldea ari da poliki-poliki borobiltzen, eta aurten bi dantzari gazte, Ione Miren Agirre eta Fabio Lopez, sartu dira konpainian. Agirrek Ballet Biarritz juniorren borobildu du dantzari profesional izateko prestaketa, eta beraz, gazteen konpainia hasi da bere fruituak ematen. Euskal Herriak badu dantza konpainia nazionala, eta Ballet Biarritz du izena.
Dantzaren aurpegi berritzaileena sustatzen 20 urte bete ditu La Fundicionek. Luque Tagua eta Laura Etxebarriaren ausardia eta bultzadari esker dantzak espazio duin bat du Bilboko programazio kulturalean. Azken urteotako euskal koreografo interesgarrienak galdategi horretatik pasa dira. Horien artean dira Asier Zabaleta eta Blanca Arrieta. Zabaletak Look lan interesgarria aurkeztu du aurten, eta Blanca Arrietak ere urte oparoa izan du, hainbat lan berri bezain ausart plazaratu baititu.
Elai-Alai Fundazioak Folklore Azoka jarri du martxan Portugaleten. Sakabanatuta dauden hainbat ekarpen interesgarri asteburu bakarrean eta teilatu beraren azpian bildu dira. Mereziko luke ekimenak jarraipena izatea. Bildu eta hausnartzeko beharra baitu alorrak. Bide horretatik, Eusko Ikaskuntza musika eta dantza tradizionalaren inguruko gogoeta bultzatzeko ahaleginetan ari da. Festen iragana eta etorkizuna, eta Zuberoako dantzak aztertu dira aurten burutu dituzten jardunaldietan. Hain zuzen ere azken urteotan egindako gogoetak eraman ditu Juan Antonio Urbeltz-ek AEBtara eta bertako zenbait unibertsitatetan aurkeztu ditu. Boisen, Oñatiko dantzak tradizio propiotzat hartu zituzteneko 25. urteurrena ospatu dute. Euskal dantza tradizionalen katalogoan sartu beharrekoa da Idahoko hiriburuan San Inazio egunez dantzatzen diren dantzak.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kulturaren Euskal Plana xehetu eta zehazteko lanean ari da dantzaren sektorea. Enpresa batek prestatutako txostena dugu orain mahai-gainean, eta lehen irakurketak esaten digu nahikoa lan badugula aurretik. Bai txostena bera osatzen eta zorrozten, eta baita, dantzaren alor ahul honi falta zaizkion bitaminak aurkitzen.
