Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Coliseoa badator, eta orain zer?

Coliseoa badator, eta orain zer?

oier_a 2007/01/08 08:17

Eibar, herriaren arima aldizkariaren 2007ko urtarrileko 75. zkian argitaratutako artikulua.(Ego Ibarraren gunean aurki daitezke aldizkariak osorik pdf formatoan, hemen azken hau)



Datorren otsailean, martxoan, apirilean edo dena delakoan (hori bai, maiatzaren 27a baino lehenago seguru baietz!) Coliseoaren ateak berriz irekitzen direnean, Eibarko kultur dinamikan aro berri bat hasteko aukera izango dugu. Paradoxa izan da antzerki jardunaldi entzutetsuak horrenbeste urtetan antolatu eta gozatu dituen herriak ez izatea antzokirik hiri-gunean.

Coliseoa antzoki bihurtzeko egokitze eta berritze lanek luze eta korapilotsu jo dute. Badirudi Eibarren egiten diren obra publiko guztiak aldez aurretik kondenatuta daudela atzeratu eta hamaika arazorekin laberinto burokratiko eta politikoetan galtzera. Kiroldegiarekin hasi, Portalearekin jarraitu eta Udaletxea berarekin segi, obra bakoitzak bere kalamitateen historia propioa du, eta ziur aski pisuzko arrazoiak izango ziren tartean, baina, ekimen publikoaren patu petralak zer pentsatua ematen du.

Aurrera begiratzeko unea dugu orain, eta egokitze lanen azken txanpan sartuta dagoen Coliseoaren etorkizunari begiratzeko garaia da. Coliseoa zinea zen, ez zen antzokia, eta beraz, hasi aurretik erronka zuten arkitektuek: zine bat antzoki bihurtzea. Hori egin ahal izateko besteak beste eskenatokiarekin izan dira arazo latzak. Coliseoak eszenatoki txikia zuen, zineak ez baitu eszenatoki beharrik, eta eszenatoki hori handitzeko harmailak txikitu behar izan dira nabarmen.

Zinea antzoki bihurtzeko prozesu horretan arkitektuek izan dute azken hitza, baina aipatzekoak dira azken bi urteotan Eibarko zenbait ordezkarik egin dituzten ekarpenak. Eibarko udaleko teknikari eta hautetsi politikoek antzokietan adituak direnei eskatu zieten aholkularitza. Eta antzokietan adituak nortzuk dira? Ba, antzokietan lan egiten duten teknikariak eta antzokietan aritzen diren artistak. Alegia, antzokiak barrutik bizi eta sufritzen dituztenak. Eibarko Antzerki Jardunaldietan formatu eta bere ibilbide profesionala antzokietako teknikari bezala egiten ari direnek erantzun diote gonbidapenari. Manolo Murillo da horietako bat, eta berari zor dizkiogu Coliseo antzokia izugarri hobetu duten hainbat hobekuntza proposamen.

Kezka dantza taldeko kideok ere izan dugu Coliseoaren berritze eta egokitze lanak hurbiletik jarraitu eta gure iritzia emateko aukera. Ezin esan antzokietan aditu-adituak garenik, baina azken urteotan hainbat antzoki barrutik ezagutzeko aukera izan dugu, eta gure eskarmentua baliatzen saiatu gara. 1994tik Juan Antonio Urbeltzek sortutako ikuskizunetan parte hartu dugu eta Argia dantzari taldearekin Euskal Herriko antzoki gehienetan dantza egitea tokatu zaigu. Donostiako Victoria Eugenia edo Iruñeko Gayarre antzoki zaharrak sufritu ditugu, Kursaal eta Euskalduna bezalako auditorio erraldoietan gozatu dugu, Gasteizko Printzipal berrituan edo Miarritzeko Gare du Midi zoragarrian aritzeko zortea izan dugu, Andoaingo Bastero inauguratu dugu, eta Basauri, Tolosa, Barakaldo, Azkoitia, Elgoibar, Ermua, Agurain, Durango, Arrasate eta beste hainbat antzoki probatu ditugu. Eszenatoki txiki baten mugak gure larruan jasan ditugu, agertokiaren sorbalden –eskenatokiaren alboetan, teloiek estaltzen duten espazio hori- garrantziaz ohartu gara, aldageletan espazioaren aprobetxamendu onak zein garrantzi du ikasi dugu.

Orain bi urte inguru Coliseoko planoak ikusi genituenean kezka handiak sortu zitzaizkigun antzoki bezala erabiltzeko zituen mugak ikusita. Planoan ikusitako eszenatokia txiki-antzekoa iruditzen zitzaigun, mugatu samarra, baina batez ere eskenatokiaren sorbaldetan ikusten genizkion arazo larrienak, ez baitzuen horretarako tokirik. Uni Kultur Elkarteko lagunak ere arazo horren jakitu ziren, eta beraz, eszenatokia eta bere inguruak handitzera eta egokitzera bideratu ditu Manolo Murillok bere zuzenketa-proposamen nagusiak. Azken hitza arkitektuek dutela esan dut lehen, eta beraz, proposamen batzuk onartu dizkiote eta beste batzuk bidean geratu dira. Baina azaroa hasieran Udalak lanak bertatik bertara ikustera gonbidatu gintuenean Coliseoa antzoki itxura hartzen hasita zegoela ikusteko aukera izan genuen. Eszenatokia aurreratu egin da eta sorbaldak agertu dira alboetan. Agertoki polita izango du Coliseoak. Mugatua, eta hainbat ekitaldi ertain edo handitarako ez du aukera askorik emango, baina oro har izugarri hobetu da planoek erakusten zutenaren aldean, eta pozik egoteko moduan gaude. Hobekuntzak askotarikoak izan dira, eta artisten eta aktoreen lana erraztea, eta mugarik ez jartzea, izan dute helburu gehienek. Ikusleei begira ere egin dira hobekuntzak. 500 eserlekutik gora izango ditu Coliseoak, lehen zituenak baino dezente gutxiago, baina zinea antzoki bihurtzeak eragindako murrizketa da hori. Ikusleak eskenatokitiik hurbil eseriko dira, eta antzoki beroa izateko ezaugarriak ditu. Ikusiko dugu hala ere, urtean zenbat aldiz betetzen den…

Eta barruan zer?

Edukiontziari begira denbora asko daramagu, eta bada garaia edukiarekin berarekin arduratzen hasteko. Antzokia izango dugu Eibarren, hiriaren erdigunean, baina zertarako? Orain arte toki desegokietan egiten ziren hainbat ekitaldi bertan egingo dira aurrerantzean. Baina hortik aurrera Udalak ez du jakinarazi antzoki horretarako programaziorako ahalegin berezirik egiteko asmorik ote duen. Antzerki Jardunaldietatik kanpo urte osoko antzerki programazio interesgarri bat izango al dugu? Musika, dantza eta bestelako ikuskizun erakargarriek egingo al digute bisita Coliseon? Horretarako aurrekontu bereziak jarriko al ditu Udalak? Coliseoa lan-ildo estrategikoa izan da Udalarentzat azken hilabeteotan, baina behin edukiontzia inauguratuta bukatuko al da atentzio berezi hori? Udal hauteskundeak gainean ditugu, beraz, alderdi politiko guztiei zuzentzen dizkiet galdera hauek. Zein proposamen programatiko ditu zuen partiduak Coliseoaren funtzionamendu eta dinamizazioari buruz?

Zerbitzu, merkataritza eta aisialdiaren alorrak izugarri indartu dira azken urteotan. Badirudi zenbaitek Corte Inglesaren gain utzi nahi dituela Eibarrek izan ditzakeen erakarmen dohain nagusiak. Kontsumo globalizatuaren eta aisialdi merkantilizatuaren eredu penagarria ginateke bide horretatik itsuan joko bagenu. Inbertitu dezagun programazio kultural ausart, anitz eta indartsu batean, eta izan dadila gure jarrera kultural dinamikoa Eibarrek duen erakartze gaitasunaren sinboloa. Gizarte bezala hazi, jantzi eta sendotuko gaituen mugimendu kultural indartsua sustatu dezagun, eta izan dadila Coliseoa Eibar zuzpertu eta bizi baten akuilu. Udalak kulturaren aldeko apustu garbia egitea gustatuko litzaiguke zenbaiti. Eta eibartarrek apustu horri interesez, parte-hartzez eta jarrera kritikoz erantzutea. Coliseoa badator. Baliatuko dugu aukera hori?

etiketak: dantza
Josu
Josu dio:
2007/01/09 00:40

Hara hor gakoa: barruan zer? Galdera hori egiten diot nik ere neure buruari. Harritzen nauena da horren inguruko informaziorik ez izateaz gain, kalean eztabaidarik sortu ez izana. Ea egiten dituzun galderek laster jasotzen duten erantzuna. Batzuk aspalditik daramagu jakin nahiean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter