Soka-dantzaren inguruan Forumen
Datorren urtarrilaren 9an, ETB2ko Forum saioan agertuko naiz David Barberok elkarrizketatuta. Orain pare bat aste grabatu genuen elkarrizketa Iurretan eta soka-dantzaren ingurukoa izan zen.
Aurretik, David Barberorekin berarekin bildu nintzen arratsalde batez eta gaiaren nondik norakoak komentatu genituen. Informazio harekin osatu zuen berak elkarrizketarako gidoia, eta elkarrizketa osatzeko telebista irudiak eta argazkiak ordenatu genituen.
Iurretan, albistegiak egiten diren platoan egin genuen elkarrizketa. Platoan hormak berde-berdeak dira, goian fokoak eta aurrean kamerak. Horma berde horiekin hartzen dira irudiak eta ondoren, errealizazio gelan, horma berdeen gainean programarako diseinatu den dekoratu-birtuala ezartzen da.
Gustora egon nintzen elkarrizketan, lasai eta hitzak ondo neurtu nahian, baina ikusiko dugu emaitza zer nolakoa den. Bueno, nik ikusi dut, elkarrizketa bukatu bezain pronto, DVD bat eman baitzidaten, elkarrizketa grabatuarekin, eta baita argazki pare bat ere.
Forum
Urtarrilak 9, asteartea
9.00etan ETB2n