Mila urte igarota
Mendeurrenek ez dute ezer askorako balio baina, aitzakia ematen digute aspaldi ahaztutakoak gogora ekartzeko. Gurean Lauaxetarena izan genuen iazkoa, eta hainbat gauza interesgarri egin ziren: herritarren antzerkia Mungian, Valverderen diskoaren berrargitaratzea, hamaika kantariren bertsio berriak, idazle mordoxka baten komentarioak.
Aurten, berriz, Andima Ibiñagabeitiaren jaioatzak beteko du mendea. Badakit Andima ezezagun erabatekoa dela, baita hau irakurtzen dutenetako askorentzat ere, eta ez naiz hasiko inori errietaka. Bizpahiru datu emango ditut hala ere: ikasketaz-eta gerra aurreko belaunaldikoa izan arren, gerraosteko ilunpean egin zuen benetako lan kulturala, erbesteko hainbat aldizkaritan idatziz; bera izan zen Jon Miranderen irakasle eta bultzatzaile nagusia, eta bera da halaber, izengoiti bromosoa barkatzen badidazue, lehenengo Euskal Taliban Jatorra.
Gerraurreko intelektual euskaltzaleen belaunaldia sinetsita zegoen euskararen alde erdaraz (ere) egin beharra zegoela, eta asko idatzi zuten gaztelaniaz Lizardik, Lauaxetak, Orixek... Aitzolen idazlan ia guztiak dira espainolezkoak. Gerra ondorenean euskarari ia erabat utzi zion euskaldun jendeak, dela debekuz, dela giroak laguntzen ez zuelako. Izan zen ordea taldetxo bat, euskarari gogor heltzeaz gainera, egiazko kultur hizkuntza izan behar zuela tematu zena. Guatemalan argitaratzen zen "Euzko Gogoa" taldeaz ari naiz, eta horren barruan Jokin Zaitegi arrasatearra eta Andima Ibiñagabeitia elantxobearra nabarmendu behar.
Efemeride-kutsua hartzen ari da nire idazki hau, eta baten bat marmarka, nondik nora azpititulu hori. Azalduko dut zergatik.
Egunotan plazaratu da blog berri bat pornoa euskararen alde jarriko duela esanez, eta eztabaida piztu da bazterretan , holakoek euskarari kalte edo mesede egiten ote dioten. Ez zait polemika interesatzen, baina burura etorri zait Ibiñagabeitia zena. Izan ere, Andima gureak ere "Euzkera ta liburu lizunak" artikulua idatzi zuen 1952an, gure hizkuntzaren alde baldin bazen horrelakoak ere behar genituela esanez eta ikamika handi samarra sortuz. Hona artikuluaren pasarte bat:
"Aberri batean guztietariko jolasak, jokaerak eta izaerak hausnartzen dira: onak, bigunak, ederrak, gozoak, alaiak eta baita ere txarrak, gogorrak, lizunak, mingotsak eta itunak. Eta batetik eta bestetik, abar eta abar: abar asko.
Hauxe esan nahi dut: Aberri barruan, TASUN eta KERIA guztiak izaten direla: Edertasunak eta Arinkeriak; Maitasunak eta Maitakeriak. Horra gauza bi berdingeak.
Esku garbiz bizi direnak eta lapurreta maite dutenak. Beti gogo garbiz dabiltzanak eta noizik behin ez bada ere lizunkeriara jotzen dutenak.
Orain esango dudana, beharbada, astakeria irudituko zaio norbaiti. Baina nik neuk, gure Herrian, lapurreta bera ere euskaraz egingo balitz, nahiago nuke.
Orain arte, euskararen alde zerbait egin nahi izan dugunok "tasunez" bakarrik jokatu gara, "keriaren" alde hori aldebat utzita. Ez dut esango okerreko bidetik ibili garela, ez horixe, baina gizatalde askori opor egin diegula, hori bai. Beraz, "keria" talde horiek ere euskaraz elikatu behar direla deritzot.
Nik neuk, erbestetik etorri ohi diren eresiei ere euskal hizkia jarriko nieke, Herriak erdaraz barik, euskaraz abes ditzan. Ez ikaratu tango nahiz pasodoble bat aditzen delako. Euskal hitzak ezarri eta abes dadila".
Tango eta pasodobleak ez dira blog porno baten berdina baina...
(Ibiñagabeitiaz jakiteko eta haren lanak irakurtzeko libururik egokiena: "Andimaren idazlan hautatuak", Pako Sudupek prestatua).
Ai, ilehoriak bagina
Joan den abenduaren 28 eta 29an "Gau laburra" izeneko jaia antolatu zuten nire herriko zine-klubekoek, azken aldian gure artean egindako film laburrak ikusteko aukera emanez. Dozena bat pelikula guztira, bat frantsesez eta beste guztiak espainolez (horra gure zinemaren egoeraren ispilua, etxebesteen oasi edo espejismoak ahantzarazi behar ez ligukeena).
Bi saioetan ezin eta bakarrean izan nintzen, bai eta gozatu ere, Joxemari Goenaga ordiziarraren "Sintonia"rekin gehiena (lehenago ere Gabiriak komentatua). Hala ere, hori ez baizik beste bat aipatu nahi dut gaur, frantsesez egindakoa filma hain zuzen ere.
Carole Alves emakume lohizundar gazteak egina da "Amaiur" izeneko laburra, eta, berau ikusten ari nintzela, gogotik kendu ezinda neukan nire lankide ohi eta lagun Gexan Lantziriren irudia. Geroago azalduko dut zergatik.
Filmean Amaiur izeneko mutil gazte bat da protagonista: ilehoria, guapoa, osasuntsua, naturala, halako ogibide erromantikoa daukana: itsasontzien kroskoak garbitzen ditu, Sokoako kaian. Horrez gain, pilotaria dela jakinen dugu filmak aurrera egin arau, lehengusu batzuk datozkionean partida bat jokatzeko. Eta ez hori bakarrik: aita preso duela ere esango zaigu, eta haren estradizioaren kontrako kalapitak izan direla bart gauean, koktelak eta beste. Amaierarik ez dugu aipatuko, ikustera baldin bazoazte misterioari eusteko.
Horra ze koktel ederra: mutil gisako eta plantakoa, itsasoaren maitale, pilotari, abertzale... Garai bateko Ramuntxo gaurkotu bat. Gure irudi positiboa ematen duela-eta poztu egin beharko genukeela pentsatuko du egileak gainera. Azken batean, ordea, kolonizatzailearen begirada paternalista dago sakonean, piztia itsusi ez baizik salbaia on agerrarazi nahi gaituena, oraingoan. M'ongolo itxura onekoa.
Lantziri utzi dut hor zintzilik: euskal kulturaren alde makina bat lan egindako gizona, gaur egun erretreta harturik dago, eta bera baino ospetsuagoak ditu seme-alabetako batzuk. Hala nola Amaiur, munduan barrena belaontzian ibiltzen den abenturazalea, edo Ellande, esku-huska aritzen den pilotaria. Denak ere jator, euskaldun, abertzale, eta vikingoak bezain ilehori.
Hobekuntza genetikorako programak abiatu bitartean, horrelako film hauekin ederretsi beharko dugu geure burua...
