Hitzen atzean ezkutatzen dena
Xuan Bello idazle asturiarraren "Los cuarteles de la memoria" ari naiz irakurtzen egunotan: gogoeta, irakurketa, pasadizo, hausnarketa, oroitzapen eta halakoekin oratutako saltsa pertsonal eta gustagarri bat. Asturiarra bakarrik ez, asturieraduna ere bada Bello, bertako hizkuntzan idazten duena; gero bere testuak espainolera itzuli ohi ditu, eta azken aldian arrakasta polita ari da lortzen.
Aipatu dudan liburu honetan, une jakin batean idazleak komentatzen du nola herri ipuinen atzean ipuinetik harago dagoen zer bat, zerbait dagoen, adierazten erraza ez dena. Bere pasarte bat itzuliko dut:
"Bizitza erdia daramat ahoz kontatzen Paniceiros-eko istorioak, eta askotan ezgauza sentitu naiz kontakizun batean edo poema batean adierazteko istorio horren atzean sumatzen nuena. Neure ideia da geure baitan baditugula barne uharteak, mapetan ez datozenak; argi eta itzalezko irlak, oroimen kolektiboaren tolesetan ezkutatuak, eta horietatik argi ilun bat edo oihartzun gor bat geratzen dela, bat-batean amaren ahotsa entzungo bazenu bezala haurtzaroko udako arratsalde batean. Uste osoa daukat herrietan kontatzen ziren eta diren kantu, kondaira eta istorioen atzeko aldean pasadizo hutsa baino zerbait gehiago dagoela, zerbait sakon eta esentziala; haurrentzako ipuinetan bezala, egunerokoa eta miresgarria lotzen dituen korridore sekretu bat".
Orain dela egun batzuk irakurri nuen pasarte hori, eta gaur etorri zait gogora, nire lankide Joxan Ormazabal entzun dudanean, beste norbaiti pasadizo bat kontatzen.
"Horren aitonagatik esaten zuten -azaldu du Joxanek- zela, Gipuzkoako gizonik aberatsena, egunero abarkak janzten zituztenen artean".
Hitzen ordena ere ez da nolanahikoa. Joxanek berak seguru ez lukeela horrela jarriko idatziz ipini beharko balu. Baina ordena horixe eskatzen du esaldiak (koma desegoki horiek nik idatziak dira, ahozko geldialdiak nolabait adieraztearren).
Hitz-ordenatik harago joanda, ze esaldi polita, bitxia eta airosoa! Baina bitxikeriatik haraxeago joanda, zenbat esaten duen esaldi horrek, esaten duen horrexez gain! Mundu oso bat, tradiziozkoa, seguru asko betiko galbidean dagoena; klase-diferentziei buruzko klase magistral bat, hitz bitan; eta umore maltzur berezi bat, gizarte hartatik sortua eta hari lotua.
Nik behintzat hala sumatzen dut, baina, Xuan Bellok zioen moduan, ez dut asmatzen hor igartzen dudan guztia egoki adierazten. Zuek ere sumatzen baduzue, gaitz erdi.
Hiru ahizpa
(Berria-n atzo argitaratutako artikulua, Ignacio Martínez de Pisón-ek idatzitako "El tiempo de las mujeres" nobelari buruzkoa)
Nire idazle bilakaeran beti ondoan sentitu dudan egilea da Martínez de Pisón aragoiarra; orain dela ia hogei urte lagun batek deskubriarazi zidanetik, atseginez eta ia konplizitatez irakurri ditut haren ipuin-bilduma eta nobelak; eta, azken hauek arrakasta handiagoa izan duten arren, narrazioetan jo izan du goia nire ustez, perfekzio teknikoa eta hunkitzeko gaitasuna uztartuz, literaturak tarteka sortzen dituen une magiko horiei esker.
Azken eleberria du hau hala ere; azkena, orain artekoetan luzeena, eta alderdi askotatik berezia. Betiko ezaugarriei dagokienez, ondo idazten eta ondo kontatzen dakien idazle gisa ageri zaigu beste behin Pisón; ondo idatzi diodanean bere estiloaz ari naiz, soil, dotore eta sendo, loramendurik, klixerik eta lirismorik gabe; ondo kontatu esatean, mikroistorioen erritmo eta interesari eusteko abildade eta baliabideez ari naiz; izan ere, irakurlea eramaten duten liburu horietakoa da hau, hizkuntzaren eta kontagintzaren jarioan gozo garraiatzen zaituena.
Bere narratibaz ez baizik nobela honetaz jardun behar dugu ordea. Argumentua azalduko dut labur eta gainetik: hiru ahizpa dira protagonista eta kontalari, Maria, Carlota eta Paloma; haien izaera hitz banatan ematearren, zuhurra, histerikoa eta ameslaria; nor bere historia eta familiarena kontatuz doaz, txandaka, luzera ia bereko kapituluetan, beren garaztaroari dagozkion dozena erdi bat urteko mosaikoa osatu arte, Espainiako trantsizio garaiarekin bat egiten dutenak. Pisón maisua da xehetasun psikologikoak eta inguruabar soziologikoak modu harmonikoan nahasten, baina oraingoan nahiago izan du alderdi pertsonal eta psikologikoari lehentasuna eman, bestelako zertzelada batzuk zirriborratzen dituen arren: Tejeroren kolpe-ahalegina, Felipe Gonzalezek 82an lorturiko garaipena
Liburu honen bereizgarri seinalatuena (ez dakit meritutzat hartzerainoko kontua den) emakumeen mundua, sentiera, ikuspegia islatzeko ahalegina dela esango nuke. Emakume-literatura estereotipotik ihes egitearren andrazko idazle batzuek mundu maskulinoak agerraraztera jo duten moduan, Pisón-ek bere buruari erronka jo balio bezala, normalean emakumezkoena bakarrik den barruti hori deskribatzeko eta biziarazteko gauza ote den. Nire iritziak ez du asko balioko auzi honetan, baina esango nuke asmatu duela, horretan behintzat.
Hiru ahizpen eta ama alargunaren gorabeherak ezagutuko ditugu: lana, ikasketak, lehenengo hurbilpen sentimentalak, sexua, politika, droga eta abar. Hala ere, gairik nabarmentzekotan, bi aipatuko nituzke: beraien arteko harremanak (maitasunaren eta erresuminaren arteko joan-etorrian) eta gizonezkoekikoak (ia beti gatazkatsuak baina ezin utzizkoak). Julian Peñak nobela psikologikoaren monopolioa salatzen zuen berriki, pertsonaien sentimenduak eta zoriontasunaren bilaketa beste gairik ez balego bezala. Arrazoia du seguru asko, baina mendebalde osoko joera dugu, gu bezala auzoko herriak ere harrapatzen dituena noski.
Nobela honen dohainen artean dago hiru nortasun diferente horien oreka, nor bere ahots eta izaerarekin, bataren kontaerak bestearena osatzen duela baina kontrasteetan errazkeriara jo gabe. Goraipatzekoa da, halaber, egileak uko egin diela bai idealizazioari eta bai gehiegizko dramatismo nahiz eztikeriei. Hala eta guztiz, emakume horien egunerokotasun xumea azaldu nahi horrekin, idazlea bere tranpan erorita geratu dela esango nuke, izaera domestiko horri lotuegi eta hegada altxatu ezinik. Beti ezin ba asmatu.
