Hiru ahizpa
(Berria-n atzo argitaratutako artikulua, Ignacio Martínez de Pisón-ek idatzitako "El tiempo de las mujeres" nobelari buruzkoa)
Nire idazle bilakaeran beti ondoan sentitu dudan egilea da Martínez de Pisón aragoiarra; orain dela ia hogei urte lagun batek deskubriarazi zidanetik, atseginez eta ia konplizitatez irakurri ditut haren ipuin-bilduma eta nobelak; eta, azken hauek arrakasta handiagoa izan duten arren, narrazioetan jo izan du goia nire ustez, perfekzio teknikoa eta hunkitzeko gaitasuna uztartuz, literaturak tarteka sortzen dituen une magiko horiei esker.
Azken eleberria du hau hala ere; azkena, orain artekoetan luzeena, eta alderdi askotatik berezia. Betiko ezaugarriei dagokienez, ondo idazten eta ondo kontatzen dakien idazle gisa ageri zaigu beste behin Pisón; ondo idatzi diodanean bere estiloaz ari naiz, soil, dotore eta sendo, loramendurik, klixerik eta lirismorik gabe; ondo kontatu esatean, mikroistorioen erritmo eta interesari eusteko abildade eta baliabideez ari naiz; izan ere, irakurlea eramaten duten liburu horietakoa da hau, hizkuntzaren eta kontagintzaren jarioan gozo garraiatzen zaituena.
Bere narratibaz ez baizik nobela honetaz jardun behar dugu ordea. Argumentua azalduko dut labur eta gainetik: hiru ahizpa dira protagonista eta kontalari, Maria, Carlota eta Paloma; haien izaera hitz banatan ematearren, zuhurra, histerikoa eta ameslaria; nor bere historia eta familiarena kontatuz doaz, txandaka, luzera ia bereko kapituluetan, beren garaztaroari dagozkion dozena erdi bat urteko mosaikoa osatu arte, Espainiako trantsizio garaiarekin bat egiten dutenak. Pisón maisua da xehetasun psikologikoak eta inguruabar soziologikoak modu harmonikoan nahasten, baina oraingoan nahiago izan du alderdi pertsonal eta psikologikoari lehentasuna eman, bestelako zertzelada batzuk zirriborratzen dituen arren: Tejeroren kolpe-ahalegina, Felipe Gonzalezek 82an lorturiko garaipena
Liburu honen bereizgarri seinalatuena (ez dakit meritutzat hartzerainoko kontua den) emakumeen mundua, sentiera, ikuspegia islatzeko ahalegina dela esango nuke. Emakume-literatura estereotipotik ihes egitearren andrazko idazle batzuek mundu maskulinoak agerraraztera jo duten moduan, Pisón-ek bere buruari erronka jo balio bezala, normalean emakumezkoena bakarrik den barruti hori deskribatzeko eta biziarazteko gauza ote den. Nire iritziak ez du asko balioko auzi honetan, baina esango nuke asmatu duela, horretan behintzat.
Hiru ahizpen eta ama alargunaren gorabeherak ezagutuko ditugu: lana, ikasketak, lehenengo hurbilpen sentimentalak, sexua, politika, droga eta abar. Hala ere, gairik nabarmentzekotan, bi aipatuko nituzke: beraien arteko harremanak (maitasunaren eta erresuminaren arteko joan-etorrian) eta gizonezkoekikoak (ia beti gatazkatsuak baina ezin utzizkoak). Julian Peñak nobela psikologikoaren monopolioa salatzen zuen berriki, pertsonaien sentimenduak eta zoriontasunaren bilaketa beste gairik ez balego bezala. Arrazoia du seguru asko, baina mendebalde osoko joera dugu, gu bezala auzoko herriak ere harrapatzen dituena noski.
Nobela honen dohainen artean dago hiru nortasun diferente horien oreka, nor bere ahots eta izaerarekin, bataren kontaerak bestearena osatzen duela baina kontrasteetan errazkeriara jo gabe. Goraipatzekoa da, halaber, egileak uko egin diela bai idealizazioari eta bai gehiegizko dramatismo nahiz eztikeriei. Hala eta guztiz, emakume horien egunerokotasun xumea azaldu nahi horrekin, idazlea bere tranpan erorita geratu dela esango nuke, izaera domestiko horri lotuegi eta hegada altxatu ezinik. Beti ezin ba asmatu.
Atzo hasi nintzen liburu hau irakurtzen. Goizeko ordu-batak ziren eta gainetiko begirada bat botatzea erabaki nuen baina... keba, ordubete luzez ezin izan nuen eskutik kendu eta ohera joan. Itxura ona du, eskerrik asko gomendatzeagatik.