Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).

Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).

Luistxo Fernandez 2014/02/24 20:35
Gure aita, Jose Luis Fernandez Zubimendi, gaur hil da Eibarren, 91 urterekin. Zertzelada batzuk bere bizitzaz.
Jose Luis Fernandez Zubimendi (Elgeta 1922 - Eibar 2014).

Jose Luis Fernandez Zubimendi, 1998an

Elgetan jaio zen gure aita, Jose Luis Fernandez, 1922eko martxoaren 19an. 91 urterekin hil da beraz. Duela gutxi agertu zen medioetan, egun berean jaio zen beste pertsonaia bat, 2. mundu gerrako azken gerlaria (esan nahi baita, borrokatzen jarraitu zuen azkena), Hiroo Onoda tenientea. Hori ere aurten hil da, 91 urterekin. Albisteei erreparatu nionean fijatu nintzen bere jaiotzaren data bitxian, San Jose egunez, 1922 hartan jaio zelako gure aita ere.

Onoda tenientea ez bezala, gure aita ez zen sekula gerlari izan, eta ez zen errenditu, beraz. Eskopeta izan zuen, bai, kazaria izan zelako, baina afizio hori zorionez berarekin desagertu da familian. Gerra bizi izan zuen, bai, eta bera gazteen agertzen den argazkia Durangoko bonbardaketako hau da. Ez zaio igartzen, baina hor dago, Ezkurdi plazan, 15 urte bete berritan, 1937ko martxoaren 31n. Argazki hau duela gutxi ikusi zuen gure aitak. Hondakinen artean jaiki zen bonbardaketa igarota, zauri barik.

Gerra arte Elgetan bizi izan zen. Panaderokua etxean jaiotakoa zen, aita zuen Agustin, grabatzailea (Bergaran sortua), eta Juanita Zubimendi plasentziarra (gaur soraluzetarra). Gerran etxea galdu zuten, eta errefuxiatuta ibili ziren batetik bestera. Beste bonbardaketarik ere jasan zuten, adibidez Zaramillon (Bizkaia), baina aita ez zuten berriz hegazkinek sekula herrian harrapatu: hegaldietarako eguraldia bazegoen, Durangokoaz geroztik, basoan igarotzen zituzten eguna berak eta anaiek (Jose eta Miguel, biak sozialistak, gure aita ez bezala).

Aitita-amamak Errusiara zuzendu behar zen untzi baten zerrendan apuntatu zuten aita 1937ko udaberri hartan. Zorionez, Bilbo lehenago jausi zen, eta untzia galdu zuen. Gerra amaituta, beraz, Elgetara itzuli ziren eta ia etxea ere lortu bertan (alkate berriak bat eskaini zien), baina Bergarako falangista batzuek bestela pentsatu zuten eta aitita errepublikanoari ukatu egin zioten etxea, eta alde egin zuten (Elkoro delako jauntxo batek esan zion, gure aititari, "heuretzat ez daok etxerik hemen, hoia herrittik!"; irudikatu dezakezue noren aita izan zen hori). Antzuolan aurkitu zuten bizileku berria, eta handik mugituta, lehen lanbidea Eibarren topatu zuen aitak nerabe zela BH lantegian, ez bizikletak egiten baizik eta pistolak (gerra negozio handia zen Europan urte haietan). Urte beretsuetan Eibarko Eskola Armerian maestria industriala ere ikasi zuen aitak (azkarra zela uste dugu), eta geroxeago, soldadutza egitea ere tokatu zitzaion, 3 urte bata eta bestearen artean, Burgosen eta Donostian koarteletan.

Peripezia horien ondoren, bizitzako lanpostua aurkitu zuen: Alfan, josteko makinak egiten. Eta hantxe eman zuen lan-bizitza, jubilatu arte. Mallabiako baserritar batekin ezkondu zen (Joxepi Ostolaza), Logroñora egin zuten eztei-bidaia (aurrerago Madrilera ere joan ziren behin; aitak beste bidaia bat ere egin zuen Parisera behin Alfako talde batekin), eta Eibarko Bidebarrieta kalean bizitzen jarrita, lau seme-alaba izan zituzten: Agustin, Mariasun eta Ernesto jarraitu samar eta 3ak etxean, eta Ernesto munduratu eta 12 urte eta erdira, neu, Luis, Eibarko maternidadean. Aitari Jose Luis zeritzon, baina Luis esaten zioten, eta horregatik ni txikitan (edo familiarentzat) Luistxo nintzen, eta Interneteko aroan berpiztu nuen izen hau.

Bizitza osoan erre zuen tabakoa (akaso marihuana ere bai behin, ez dago argi); eta ardoa edan ere, azken unera arte, eta asko gainera. Modu nahiko harrigarrian, osasunez ondo eutsi zion azken urte hauek arte (baina aipatu beharko dut ama hil zitzaigula biriketako minbiziaz, erretzaile pasiboa izanik, suposatzen dut - erreprotxerik gabe esana, bide batez). Etxetik irtetea zaila izan zaionean ere, zainduta baina buruz argi, eta umorez (eta malaletxe puntuarekin), bizi izan da, lehenbizi Irma Ruiz kolonbiarrak zainduta, gero Mari Carmen de la Cruz dominikarrak. Azken gainbehera azkarra izan da, ez mingarriegia; urteberriarekin izan zuen beheraldia, eta gaur joan zaigun arte, jada ohean nagusiki.

Nik asko miresten dut nire aita, gizon zintzo eta langile bat izan da. Abertzale bat, bakezalea ere bai. EAJkoa izan zen, Francoren garaian propaganda banaketaren batean ere parte hartu izan zuen. Trantsizioatik ere jeltzale izan zen, baina EAra igaro zen, Garaikoetxearen aldekoa zelako. EArekin zapuztu egin zen gero, eta alderdi hori ere utzi zuen, Inaxio Oliveriren garaian (ez zitzaion gizon hori gustatzen). Beti izan zen ETAren kontrakoa, nik uste, baina zentral nuklearrik gabeko Euskal Herri bat lorpen bat izan zela entzun izan nion inoiz (seguruenik ez zituen une horietan Ryan ingeniariaren hilketa edo beste kasu batzuk kontuan hartuko).

Ia 55 urte zituela lortu zuten gurasoek etxea erostea. Ordura arte alokairuan bizi izan ginen. Ez zegoen diru asko, lau seme-alaba hazten nahiko lan, eta hala ere, egin zuten inbertsio esanguratsurik, bat estrategikoa, nik gehien eskertzen dudana: Eibarko Ikastolari lagundu zioten. Ni hara bidali ninduten, nire anai-arreba nagusiagoek eduki ez zuten aukera, eta Eibarko lokal batzuetan banatuta geunden umeek ikastetxea eduki genezan, dirua ere jarri zuten (dexente diru, gure etxean zegoenarentzako), eskola eraiki zedin. Ze suertea izan dudan horregatik, euskaraz ikasteagatik, beti eskertu ahal izango diot aitari.

Lau seme-alaba, eta hiru biloba (Ane, Peru eta Lili) geratzen gara haren oinordeko, denak harro aita eta aitita izan den gizonaren oroimenarekin.

(Asteartez, otsailak 25, Eibarko tanatorioan egongo gara bere kutxarekin, 11.00etatik 18.00etara; hileta katolikoa 19.00etan izango da Eibarko Karmengo elizan, gorpurik gabe. Erraustu egingo dugu eta familian barreiatuko ditugu errautsak, akaso Elgetako Asentzion, ikusiko dugu).

ana morales
ana morales dio:
2014/02/24 21:21
Besarkada handi bat, Luistxo, eta mila esker gizon handi horren erretratua egiteagatik ezagutu ez dugunoi.
Iban arantzabal
Iban arantzabal dio:
2014/02/24 21:29
Panaderokuan jaiotako beste honen partetik besarkada, Luistxo eta familia.
Ander
Ander dio:
2014/02/24 23:49
Ederra kontakizuna, Luis.
Besarkada bat.
Oier Gorosabel Larrañaga
Oier Gorosabel Larrañaga dio:
2014/02/25 09:44
Doluminak.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2014/02/25 10:38
Besarkada handi bat Luistxo. Oso gustura irakurri dut aitaren biografia labur hau, semeak maitasunez eta zintzotasunez egina.
matx
matx dio:
2014/02/25 12:08
Besarkada goxo bat Luistxo.
Patxi Petrirena
Patxi Petrirena dio:
2014/02/25 15:51
Nire doluminekin batera, Luistxo, Luis, besarkada bat, eta eskerrik asko lekukotasun eder honengatik. Ezin ukatu gure aita zenaren gauza batzuk ere etorri zaizkidala gogora.
joseba barandiaran
joseba barandiaran dio:
2014/02/26 08:19
doluminak, luistxo eta familia.
Marijo Deogracias
Marijo Deogracias dio:
2014/02/26 21:02
Doluminak Luistxo. Ederra kontakizuna.
marijuli
marijuli dio:
2014/02/27 16:15
Atta joan zaizuenaren berri jaso dut gaur.Tira, agur goxo baten akorduak luze dirau bihotzean.Luze izan dezute atta onduan eta hori gauza handia da.Muxu handi bat eta besarkada bat bihotz bihotzez anai arreboi.

eme.o
eme.o dio:
2014/02/27 16:26
1922ko martxuaren 19an jaio zan gure amama ere, eta hamen daukat aldameneko kuartuan azkeneko arnasetan. kasualidadiak klaro. baina mundu hau saretu eta zentzutzeko bihar hori beti burrukan.
doluminak,
LAURA LOPEZ DE EGUILAZ
LAURA LOPEZ DE EGUILAZ dio:
2014/03/27 15:12
Besarkada handi bat, Luis.
Polita historioa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004