Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Logofiloaren txokoa / Banpiroa

Banpiroa

Txiliku 2014/06/28 20:24
Hemofagica infestans

Hemofagica infestans. iz. Asmatutako bakterio baten zientzia-izena. Hemofagica infestans bakterio flageloduna omen da, infekzioa duen gizabanakoaren odol-basoetan kokatzen dena eta hara eta hona ibiltzen odolarekin batera. Bakterio horrek odoleko hematieak bereganatu eta fagozitatu egiten ditu, baina ez denak, neurri batean bakarrik. Gainerako hematieak (bakterioak bereganatu eta suntsitu ez dituenak), gorputzeko ehunetan banatzen omen dira; horrela, gorputz horrek metabolismo mugatua izan dezan lortzen du. Bakterioak infektatutako biktima koma itxuran geratzen da eta ez du bizidun itxurarik izaten mikroorganismo bizkarroia gorputz osora hedatu, odol-sistema bereganatu eta giharrak aktibatzeko gaitasuna bereganatzen duen arte. Balizko Hemofagica infestans horrek sortuko luke banpirismo izenarekin ezagutzen dugun gaixotasuna. Horrela, bakterioak eramango luke odola zeluletara, banpiroen sintoma guztiak sortuz: fotofobia, sexu-grina, odol berriaren beharra… Zientzialarien ortodoxiak ukatu egin izan du behin eta berriz bakterio horren izate, izaera eta ahalbidea, baina zientziaren mugetan ate joka ibili ohi diren parazientzialari zenbaitek gogora ekartzen dute behin eta berriro zientzialari horiek berak behin eta berriz ukatu zutela Helicobacter pylori bakterioa bazela, zeinari zientziaren izenean ukatu baitzitzaion urdaileko inguru azidoan bizi ahal izateko izate, izaera eta ahalbidea. Gaur dakigunez, ordea, Helicobacter pylori bakterioa bizi gizakion urdailetan bizi ohi da, hainbat pertsonari ultzerak sortuz. Bazen halako mito bat esaten zuena bizitza ez-egokiak eta kontzientzia kezkatia edo txarra edukitzeak sorrarazten zuela ultzera; orain mito hori bazterrera baztertu du (neurri batean behintzat) Helicobacter pylori bakterioak. Horretan oinarriturik, zenbait mitozale berrik adierazi nahiko luke beste behin ere zientzialariak oker edo berandu dabiltzala eta izan badela Hemofagica infestans bakterioa, eta banpirismoa sortzen duela.

Desmodus rotundus hegaztien eta ugaztunen odolez elikatzen den saguzar mota bat da. Hortz eta hagin zorrotzak ditu, eta zauri txiki bat egin ondoren, animaliari zauritik isurtzen zaion odola zupatzen du mihiaz. Listuak badu odola mamitzea eragozten duen osagaia, eta denbora luzez (ordu laurdena edo) zupatzen dio odola lasai asko, animalia koitadua ez baita konturatu ere egiten. Badakigu Desmodus rotundus saguzar banpiro arruntak ez duela zerikusirik balizko Hemofagica infestans bakterioaren hedakuntzarekin, eta badirudi dagoeneko bakterioaren teoria bultzatu nahi dutenek ere bazterturik dutela banpirismoa kutsatzeko bektore hori (saguzarra); banpiroen inguruko literatura horiak, ordea, beti esan izan du banpiroek badutela Desmodus generoko piztian itxuraldatzeko gaitasuna. Banpiroen kontu hauek guztiak friki kutsua dute, beharbada, baina saguzar batek hozka egin zidanetik arreta bereziz ikertzen ditut horrelako kontuak. Oraindik ez dut inolako sintomarik izan. Kontatuko dizuet zerbait sumatzen dudanean.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Hitzen maitaleentzat baztertxoa, Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'ren bloga

Erantzunak
Ez nekixan! Nere ustez ginbeleta taratulu ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2014/09/10 15:34
Zarautzen erregina estimatua izan zela dirudi; ... Txiliku, 2014/06/10 19:55
    Ez dakit blog bat arrakasta izateko onena zer ... Trebi, 2014/06/09 21:11
Monarkikua ez naizen arren, argittasun pizkat ... Oier Gorosabel Larrañaga, 2014/06/08 15:20