Artxiboa Urria 2009
Bigarren zatia
Mansillara iritsi nintzen. Ordurarte, orain bi urte baino egun gutxiago behar izan nituen. Abiadura handiagoa eta denbora gehiago bizikleta gainean. Baina bostgarren egunetik aurrera, lasaiago ibili nintzen. Hauek dira egindako azken lau egunak:
- Bostgarren eguna: Mansilla de las Mulas - Rabanal del Camino
- Seigarrena: Rabanal - Cebreiro
- Zazpigarrena: Cebreiro - Palas de Rei
- Zortzigarrena: Palas - Santiago
Santiagora iristea polita da, baina onena bidea da eta bertan topatzen den jendea. Holandan hasi zen gazte bat, orain hogei eta hamar urte Londonetik Indiara bizikletan joan zen ingeles bat, izen bereko bi pertsonaia, Henry Chinaski, ... ondo, esperientzi ederra.
Bidaiaren lehen zatia
Idatziko nuela esan nuen, baina hitzak haizeak eraman ditu. Egin ditut jada lau egun bidean eta hona hemen apunte txiki batzuk, bizi naizela, gutxienez, esateko. Hauek dira orain artean egindakoak, labur-labur:
- Lehen eguna: Orreaga - Iruñea
- Bigarrena: Iruñea - Najera
- Hirugarrena: Najera - Hontanás
- Laugarrena: Hontanás - Mansilla de las Mulas
Leonetik gertu xamar nago, bihar after-sun pixkat erosi beharrena nago. Uste baino eguraldi hobea egiten ari da eta aurpegia erre dut. Gainerakoan ondo, ipurdia eta bizkarra nola dauzkadan hobe ez esatea.
Bide batez, txorakeria bat. Vodafone eta halakoek diote estaldura %99,99koa izaten dela. Ba atzo %0,01 horren parte den leku batean egin nuen lo. Munduko zulo horretan estaldurarik ez, eta gomendatu zidaten jaitsi berri nuen aldapan gora egiteko telefonoz hitzegitea nahi banuen. Ia gaua zela hor eman nituen bost minutu txankletetan aldapan gora...
Horrela jarraituz gero ostiralean iritsiko naiz, biba ni!
Berriz ere bidean
Blog honi Bidean izena jarri nion. Berau sortu baino aste batzuk lehenago Done Jakue edota Santiago bidean nengoen (bertakoak dira headerreko eta profileko argazkiak), On the road Jack Keruac-en liburua alboan nuela.
Oraindik ere opor-egun batzuk geratzen zaizkidanez berriz ere bidean jarri behar gara bizikleta eta biok. Eta berriz ere Done Jakue bidea egitera noa, bide frantsesa deritzanetik.
Zergatik egin behar dudan berriz ere bide bera? ba ez dakit, gogoa daukat eta kitto. Hori bai, aurkitu dut nire burua zertxobait zuritzeko moduko aitzakia: OpenStreetMap-erako datu bilketa masiboa egitea.
Zortzi egun beharko ditut, gutxi gora-behera eta eguraldia lagun, Santiagora iristeko, beraz zortzi egun emango ditut mapa-jai konstante batean. Datuak jasotzeko GPS-a, argazki kamera eta koadernoa, besterik ez ditut eramango.
Orain bi urte bidea egin nuenean Tagzania & CodeSyntax-en hastear nengoen. Garik GPS-a eman zidanez, han grabatutakoa OSM-ra igo zuen. Oraingoan helburua herrien mapak hobetzea eta erromesentzako puntu interesgarriak gehitzea da.
Bidaitxo hau egiteko gogo bizia dut. Badaukat halako sentsazio bat aurrerago etorriko den bidaia luzeagoren baterako prestaketa dela. Prestaketa, batez ere, mentala eta pertsonala.
Ahal izanez gero, hementxe bertan joango naiz eguneroko bat egiten. Orain bi urte idatzi nuen hura irakurri dut jada; ea orduan bezain ondo pasatzen dudan.
Ultreia!