Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Udako 'sugeak'

Udako 'sugeak'

Leire Narbaiza 2015/09/04 22:51
2015eko irailaren 4an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

 

Gaztelaniaz "udako suge" esaten zaie uda sasoian komunikabideek ateratzen dituzten albiste ganorabako eta (ustez) harrigarriei. Batez ere abuztuan, besterik gertatuko ez balitz bezala. Pozoi gabeko sugeak, alegia.

Gurean, tradizionalki, suge horiek pozoidunak izan dira. Baina barruan daramaten benenoa negukoarekin alderatuta, dosi gutxikoa izaten da, ernegatzeko beste, baina ohituta gaudenez, jasangarri.

Banderen kontua izaten da bat. Aurten, besteetan ez bezala, pozgarria ere izan da batzuendako ikurrina ikustea Nafarroako hainbat udaletxetan. Sugeak kosk egin die euren aulki erosoetatik kanporatu dituztenei. Letaginak beste baten haragian sartu, behingoagatik.

Banderenaz gain, gobernuaren ordezkarien sugeak ere espero genituen, udan eltxoak bezain presente egoten baitira. Merituak egin behar dituzte, erridikulua egiten badute ere txokolatadak eta brindisak debekatzen. Boa hertsatzaile izan nahi, baina azkenean sugegorri baino ez dira. Patetikoak.

Beste patetiko batzuk agertzea ere itxaro genuen, jaietako nardagarriak, adur-jarioan dabiltzanak, eskuak izan beharrean garroak dituztenak: gizon erasotzaileak, emakumeei jazarri eta esesten dituzten matxistak. Jaiak aitzakia. Betikoa bada ere, eraso bakoitzean barrua irauli, eztarria estutu eta odolak irakiten digu. Baina (h)ar horiei ematen zaien erantzuna gero eta ozenagoa da; jendeak arbuiatu egiten ditu, biktimek esan egiten dutelako.

Eraso horiez gain, erailketa matxista bat ere izan da. Hilketa hori istripuz mozorrotzen ahalegindu zen hiltzailea, baina ez zuen lortu. Hitzik ere ez dut gertatu zena kontatzeko. Itzela.

Baina udako suge bat albiste handi bihurtu zaigu. Egia esatera, notiziaren larritasunak eragin du albistegietan espazioa hartzea. Jakina, udan ere ganorazko berriak ere badaude, eta sugeena langile falta estaltzeko eta oporretako ilusio happy hori hauspotzeko baino ez da.

Etorri diren irudiak hain dira bortitzak, agertutako gorpuak hainbeste, ezen ezin baitzuten beste alde batera begiratu. Tragedia handia eta luzea. Ez zegoen sugerik begi-bistako drama ezkutatuko zuenik: familia osoak estatuak zeharkatzen ahal den eran. Gerra, jazarpen eta gosetik ihesi Europa ustez eskuzabalera. Hor dago gakoa, gure estatuek asmatutako izendapenean. Batzuk etorkinak, migratzaileak dira; besteak, errefuxiatuak. Pobrezia nahikoa gerra ez balitz legez.

Uholde horrek gogoa eraman dit ia laurogei urte atzera, gure familiak hala ibili zirenekora. Amama Virginia bi seme gazteenekin (tartean 3 urte zituen aitarekin)Goizeko izarra ontzian Frantziarantz abiatu, beste sei seme-alabak Europan zehar barreiatuta, jakin barik onik irtengo ziren, etxera inoiz itzultzeko aukera izango zuten, zer izango ote etorkizuna…

Gureak, zorionez, beso zabalik hartu zituzten Europa horretako biztanle eta agintariek, bistan denez. Ihesa eta babesa ondo antolatu ziren kasu horretan, beste hainbatena ez bezala. Orain gure txanda izan behar da, eta itzuli beharko genuke gure aurrekoei eskaini zitzaien abegia. Giza duintasunez baino ez bada ere. Erantzukizun morala aitatu ere ez dut egingo, nahiz eta Europak indartutako gerren biktima diren.

Ez nuke nahiko albistegiak betetako desgrazia hau, udako sugetzar bihurtuta, neguan lehenengo orrietatik desagertzea. Har ditzagun duin!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua