Orain urtebete
Orain urtebete nintzen idaztekoa post hau. Baina ez nuen abagunerik aurkitu edo aldarterik, ez dakit. Aurten bai. Azkenean gertatu eta sentitutakoaren kronika antzekoa izan daiteke, nahiz eta orain urte honek eman duenaz analisia egin genezakeen.
Nire asmoa ez da hori. Ez dut ukatuko orduan sentitu nuen zirrara, askotan gobernuak zapuztu didala, eta inpasse batean gaudela iruditzen zaidala. Espainiako gobernuak zerbait egin beharko luke, duela urtebete jasotako berri on hori osoa izan dadin.
Baina noan harira. Denok gogoratuko dugu non geunden 2011ko urriaren 20an. Ni lanean, 3. mailakoei (EGAkoei) klasea ematen. 8ak aldera, lankide batek atea jo zidan esateko bazihoala eta bakarrik geratzen ginela eta orduan eman zidan albistearen berri.
Ikasleei esan nien. Ezin agoantatuta. Ez dut horrelako gairik inoiz jorratzen klasean, eroso ez naizelako sentitzen eta, gainera, Ermuan nabilelako beharrean. Baina hain garrantzitsua iruditu zitzaidan, non ezin izan bainion eutsi. Gainera, arbel elektronikoan jarri nien bideoa, ikus zezaten. Pentsaezina, ETAren komunikatu bat klasean! Gero esan nien, galdetzen zietenean, euskaltegian zeudela erantzungo zutela beti. Ahaztezina zelako.
Momentuaren emozioak gainezka egiten zidan. Ikasle batzuek arraro begiratzen zidaten. Kontuan izan behar da, kurtsoa hasi berria zela eta askok ez genuela elkar ezagutzen. Ez nuen nahi euskara beste kontu batzuekin lot dezaten, baina une hori gomutan izatekoa zen.
Bideoa ikusi, komentatu eta klase normalarekin segitu genuenean, buruan pertsona asko agertu zitzaizkidan, aurpegiak izen eta abizenekin, eta batzuen iritzia jakiteko gogoz nengoen. Baina denen gainean hiru gizonezko akorduan, ume bi eta joandako bat: gure iloba biak eta gure aita.
Umeak etorri zitzaizkidan lehenbizi. Nagusiak urte bi eta erdi zeuzkan orduan eta txikiak lau hilabete. Beste Euskal Herri bat ezagutuko zutela otu zitzaidan, ez hain muturtuta eta indarkeria gutxiagorekin. Beraiek beste bizipen batzuk izango zituztela, nik sekula bizi bakoa; izan ere, ETAren lehenengo ekintza armatua eta biok urte berekoak baikara. Zer ote da ETA barik haztea? Zelan aldatuko zitzaien bizimodua?
Eta denen gainetik, aita. Penaz, une hori bizi ez zuelako. Lastimaz, ez jakiteagatik zer pasatuko zitzaion burutik albistea ezagutzean, sentimendu gazi-gozoa, seguruenik. 50 urte lehenago kide izandako baten bihotzak zer sentituko zuen jakin barik, Artzain Onaren katedralaren dorrean ikurrina jartzeko eskalatzeak izango zuen ibilbidearen amaiera ikusi gabe.