Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Beldurrak

Beldurrak

Leire Narbaiza 2014/06/30 18:40

San Juan eguneko goiza. Herriko jaiak badira ere, lanera noa, ondoko herrian egiten baitut behar. Etxarte ezkutu batetik noa eta parez pare mutil bat. Parranda eginda dagoela dirudi, eta piztu zait alarma: zerbait gertatuko da. Jarrera hori du. Usaindu egiten da aktitude hori. Mutila ni baino zatia gazteagoa, eta goapoa. Derrigor berarekin gurutzatu behar, bidea estua da-eta. Badaezpada, ukabila batu eta hatz-koskor bat nahiko irtena laga.

Gurutzatzean, konturatu naiz arrio egin duela, ez didala enbarazu egingo. Lasaitu naiz. Pasatzean, halere, zigarro bat eskatu dit. Ezetz esan eta ospa egin dut, badaezpada ere.

Bai, pasa den astean gertatu zitzaidan, ez dut asmatu pasadizoa. Emakume bakoitzak halako mila du kontatzeko. Bat gehiago baino ez da, bizi duguna ondo azaltzen duen adibide xumea.

Beldurrik, egia esatera, ez nuen pasatu, egunez zelako, bera gaupasaz zegoelako,... Halere, alertan jarri ninduen eta lanerako bidean gogaitu (nahiko gogaituta banengoen lehendik ere!).

Esan bezala, anekdota hau horixe izan zen, anekdota bat. Baina Elena Lakaren txio honek ekarri zidan akordura:

Neskak beldur gizon matxista erasotzaile ugari dabilelako bazterretan #gauaguztientzako pic.twitter.com/WeDzacZLqN

— Elena Laka (@ElenaLaka) June 27, 2014

Gauez bakarrik irteteko beldurra eta leku zehatz batzuetatik igarotzeko ere bai. Adibidez, kontatutakoa, ia beti etxetik trenera eta trenetik etxera joateko erabiltzen dudan bidean gertatu zitzaidan. Baina sasoi baten, oso berandu etxeratzen nintzenean egon nintzen ibilbidea aldatzekotan, prebentzioagatik. Ze demontre! -pentsatu nuen- kikildu egingo naiz zer gerta litekeen pentsatuta? Nire herrian nago, beldurrak aginduko du? Ez!

Dena den, adi joaten naiz ilun dagoenean, prest! Eta inoiz sentitu dut arriskua edo...

Elenaren txioaren harira Joxe Rojasek txio bi hauek bota zituen:

 

@txargain @elenalaka Gaur EUskotrenean nentorrela neska batek inkesta egin dit. Galderen artean, ea trenean inoiz beldurrik izan dudan.(1/2)

— Joxe Rojas (@joxe) June 27, 2014

@txargain @elenalaka Ezetz esan diot ta errieta ez dit egin ba?"Joe, gizonezko guztiok esan didazue ezetz, ta neskek baietz!" #ezdanirererua

— Joxe Rojas (@joxe) June 27, 2014

Zaila da gizonezkoei beldur hauek azaltzea, izan ere, euretako askok ez dute inoiz imajinatu zer den gauean bagoi hutsean gizon bat igotzea eta gertuegi jartzea, edo etxerakoan pausu hotsak aditzea eta giltzak hatz artean sartu zer gerta ere.

Baina ezin gara beldurtuta bizi. Niretzat pozgarria izan zen neure buruak onartu zuenenean aukeratutako bidetik segitu nuela etxera joaten, erreparoak erreparo. Beldurrari aurre eginda, ziurrago sentitzen naiz, kale zati estu eta zikin hori nirea ere badelako, inork ezin duelako nire ordez erabaki non ibili behar dudan.

Hala ere, askok beldurtu eta kikilduta nahi gaituzte, kalea gurea ez delakoan. Guk geure burua defendatu beharrean, hainbat gauza ezin dugula egin adierazten digute. Hori da Espainiako barne ministerioak egin duena, bortxaketak prebenitzeko emandako aholkuekin. Probokatzaile ez janztea ahaztu zaie... Emango liekete inoiz horrelako aholkurik gizonezko bati? Ezezkoan nago.

Nahiz eta horrela ez dela sinesarazi nahi diguten, kaleak eta jaiak gureak ere badira, eta denbora luzea pasatu bada ere segitu behar dugu hori aldarrikatzen! Har dezagun kalea, nahi dugun moduan jantzita, gerri eta mokorrei eraginda dantza egin! Beldurrari espazioa kentzeko gangarra altxatu eta jarki! Gurekin jai!

etiketak: Txargainen, Kalamuan, more
Joxe
Joxe dio:
2014/06/30 18:56
Bitxia izan zen EuskoTreneko inkestatzailearekin izan nuen elkarrizketa kontu honetaz, txioetan ezin azaldu baina bi gai atera zizkidan ti-ta batean:
1.- Gizonezkook beldurrik ez erakusteko hazi gaituztela eta horren ondorioz, trenean inoiz beldurra sentitu arren, ez niokeela aitortuko. Benetan beldurra sentitu izanez gero esan egingo niokeela esan nion, baina arrazoi puntu bat bazuen noski.
2.- Goikoarekin oso lotuta, neskak beldurti(agoak) izateko hezten ditugula, eta alarma errazago ez ote zaizuen pizten horren eraginez. Egoera berberaren aurrean beldurraren pertzeptzioa eso langa-edo oso diferentea izatera iris daitekeela generoaren arabera, heziketaren eraginez. Goian aioatu duzu zuk, zaila dela gizonezko batek hainbat kontu ulertzea...

Enfin, ostiral arratsaldean inkestak egiten nazkatuta dabilen inkestatzaileak eman dezakeen hizpidea e? ;)
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2014/06/30 19:19
Bai, edozeri atera lekioke etekina!
Ados nago inkestatzailearekin. Beldurra izan dezagun hezten gaituzte, ez geure burua defendatzeko. Prebentzioa, baina larregikoa, kate motzean lotuta nahi izan gaituztelako.
Era berean eta agian horregatik, beldurraren pertzepzioa altuagoa da, baina jasan genezakeen eraso kopurua ere altuagoa da. Eraso guztiak: lapurreta hutsa, berbazko erasoak, ukituak, bortxa, bortxaketak, genero indarkeria... Zuek, oro har, jasaten ez dituzuenak.
Joxe
Joxe dio:
2014/06/30 20:08
Bueno, bueno, nik izan nuen bolada bat, hiru hilabetean birritan atrakatu nindutena, bat kolpeka (bide batez, bi neska eta mutik bat) eta bestean xiringa batez mehatxatuz, oseake.... :P
Elena Laka
Elena Laka dio:
2014/06/30 23:19
Beldurra ez da sentimendu edo hezkuntzan oinarritutako zerbait, gertakizun eta eraso objetiboetan baizik. Guri edo lagunei gertatutakoetan dauka abiapuntu, mutilek (zorionez) jasan ez dituztenak: txikitan pasabide ilun batean mutil batek bazterrean gerarazi eta titiak ikutu dizkizu; gauean etxerakoan tipo bat sartzen zaizu igogailuan, zakila atera eta masturbatu egin da zuri begiratu araziz; neskatilatan agure bat gerturatu zaizu eta "te pica el coño,eh" xuxurlatu dizu; jaietan etxerakoan mozkor bat atera zaizu bapatean,lizunkeriak ohikatuz... Guztiak gertu-gertutik ateratako adibideak, orain mikromatxismo izenaz ezagutzen den hori, askoz ere eraso larriagoak eta bakanduagoak ez aipatzeagatik.
Eraso guzti hauek inguruan, nola ez duzu beldurra izango, nola ez diozu zure alabari hori trasmitituko? Ados gainditu beharra daukagula, eta horrek gure ohiko jarduna ez oztopatu, baina ez dago bakarrik emakumeon esku.
idoitxu
idoitxu dio:
2014/07/01 10:46
Ba agian eta nire kasuan horrelako bortxakeriek eta lizunkeriek gogortu egin naute. Beraz ez dut normalean beldurrik sentitzen kapaz ikusten dudalako neure burua edozeini aurre egiteko. Baina nire kasua nahiko atipikoa da
idoitxu
idoitxu dio:
2014/07/01 10:46
Ba agian eta nire kasuan horrelako bortxakeriek eta lizunkeriek gogortu egin naute. Beraz ez dut normalean beldurrik sentitzen kapaz ikusten dudalako neure burua edozeini aurre egiteko. Baina nire kasua nahiko atipikoa da
Martin Kitto
Martin Kitto dio:
2014/07/01 11:35
Leireri berari erantzun diot Twitter bidez, eta ez dakit hau toki aproposa den "propaganda" egiteko, baina gai honen gaineko liburu interesgarri bat dago: "Teoria King Kong". Erreferentzia egokia izan liteke norbaitek gaian sakondu nahi izanez gero.
Aitziber Iriarte
Aitziber Iriarte dio:
2014/07/01 13:20
Bi eraso saiakera izan ditut, bata 14 urtekin eta bestea 23kin, bietatik korrika ihes egitea lortu izan dut, bigarrenean azken momentuan erasotzailearen aurpegian etxeko peorako atea itxiz. Beldur itzela pasa nuen baina denborakin pasa zait eta esan dezaket ez naizela beldurrez bizi. Hori nahi dute eta, beldurturik eta otzan!
leire
leire dio:
2014/07/02 18:45
Eskerrik asko lagunok erantzuna lagatzeagatik!
Joxe, bai zorte txarra 3 hilean birritan atrakatzea! Halere, esan behar dizut eraso sexualez gain, atrakatu ere egin gaitzaketela emakumeok, horretaz ez gaudela libre!
Elena, guk jasaten dugunak beldurti bihurtzen gaitu, ados. Baina ematen dizkiguten aholkuak beti dira geure buruarendako murriztaileak, soka motzez lotzen gaituztenak. Hezkuntzan eta heziketan oso sartuta dago hori. Eta horri ere agur esan behar diogu!
Idoitxu, hori suertea! Oraintxe bertan bulego huts batean nago eta birritan pentsatzen badut, edozein zarata egiten zait susmagarri. Baina izatez oso beldurtia naiz edozein kasutan.
Martin, ea uda honetan irakurtzen dudan. Komentatuko dizut.
Aitziber, nik hain latzak ez ditut jasan, baina txikiagoak bai. Erantzuten ahalegindu naiz beti, eta beldurrez ez naiz bizi. Halere, alarma erraz pizten zait!
Ematen du gaiak, ezta, lagunok?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua