Artxiboa Iraila 2008
Politiko blogariak eta bere manifestuak
Política 2.0 ebento horren harira. Ezin dut eutsi Patxi López kritikatu gabe. Neure onetik ateratzen nau gizon honek. Hara ze polita, idatzi zuena. Pozik esaten du nola sinatu duen dekalogoa, "manifiesto del político bloguero (poli-blogger)". Hara, bigarren eta hirugarren puntuak:
2.- Permite la conversación en los comentarios y conversa personalmente.
3.- Escucha y lee a otros mucho más de lo que escribas. (que tus orejas sean más grandes que tu boca: 2x1= 1 boca + 2 orejas)
Nik askotan egin ditut komentarioak López-en bloguean eta sekula ez nau erantzun. Post horretan ere, jarri nion:
"Pues Patxi, a ver si nos vamos aplicando lo que firmamos.
"2.- Permite la conversación en los comentarios y conversa personalmente."
Nunca me responde usted. Y ya le he comentado unas cuantas veces."
Nere uste apalean, blogariek ez dute zertan dekalogorik firmatu, norberak nahi duena eta nahi duenean esan dezala. Politikari blogariek berdin, nire ustez ez dute zertan dekalogorik sinatu behar. Baina inork zerbait sinatzen badu, bete dezala.
Blogetan norbera den bezalakoa islatzen da askotan. López espertoa da, ez interneten bakarrik, gauza bat esan eta bestea egiten. Manifestu hau sinatuz hori ederki demostratzen du.
Barkatu, arren, nire lagun sozialistok (asko zaudete-eta). Ezin nion purrustadari isilean eutsi.
Militarki
Jokabide inposatzaileei eta errepresioari STOP! Alde hemendik!
Militarren aurka ei daude, baina militarki erasotzen dituzte.
Euskal Herritik alde egitea nahi dute, baina Santoñan jartzen dute bonba-autoa.
Euskal Herria askatu nahi dute. Baina herritarrak lotuta nahi dituzte.
Nazioa eraiki nahi dute. Baina suntsitu egiten dute.
Independizatu nahi gaituzte. Baina independentismoaren zilegitasuna itotzen dute.
Euskal Herriak eta euskal herritarrok ez dugu terrorismoaren laguntzarik behar.
ETA KANPORA. ETA EZ.
Bigarren mailako herritarrak?
Udako parrandetan ezezagun askorekin hitz egiteko aukera izan dugu. Sanferminetan, koadrilako bat Asturiar bikote batekin berriketan hasi zen. Hurbildu nintzen eta politikaz ari ziren. Disgustu handia hartu nuen elkarrizketa hartan entzundakoaz.
Bikote hartatik, bata Espainiaren aurka -eta horren ondorioz Euskal Herriaren independentziaren alde-, besteari berdin zitzaion independentzia -beti ere, independiente izanez gero, "ura, energia eta abar gure kontura lortuko bagenitu"-. Bla, bla, bla, betiko kontuak.
Nire lagunak sartu zuen ba, mingaina eta horrekin batera hanka. Niri izugarrizko ostikada eman zidan, hasteko, bihotzean. Kanpotar asko dagoela hemen, eta bertako jatorria dutenek -lehen lau abizen euskaldunak izanez, tarteko- izan beharko luketela bozka-eskubidea.
Sutan jarri nintzen, diskurtso horiek abertzaletasunaren kalterako baino ez baitira. Aitona galiziarra nuen nik, amaren partetik. Sekula ez zuen euskararik ikasi. Baina haren alabak, nere amak, euskara ikasi eta euskaraz hezi gaitu bere semeak. Nere amak ez dauka eskubiderik hemen zer egin behar den erabakitzeko?
Aitaren aldetik, Valladolid-etik etorritako birraitona. Valladolid-etik bidali zuten irakasle birraitonaren aita, Andrés del Barrio, gure herria linguistikoki espainolizatzeko estrategia baten barruan. Hona heldu eta hemengo egoera ezagutu zuenean, berak -nagusia zela argudiatuz- ez zuela ikasiko... baina bere ikasleei debekatu egin zien gure birraitonari gazteleraz egitea. Birraitona hori, Benito del Barrio, hemen integratu zen eta gazteleraz baino askoz ere finago aritzen zen euskaraz. Benito ALFA enpresaren sortzaileetakoa izan zen. Inork ba al zuen eskubiderik hemengo herritarra ez zela esateko?
Eibartar lagun batzuk Madrilen bizitzen daramatzate 15 urte. Ordutik, bertako hauteskundeetan dute boto-eskubidea. Erabakitzen dute zein hezkuntza jasoko duten euren seme-alabek, zein herrilan behar dituen bere kaleak, eta abar. Madrilgo biztanle baitira. Han inork ez du zalantzan jarri euren boto-eskubidea.
Hemen, kanpotik etorritakoei boto-eskubidea aspaldi aitortua daukagun honetan, orain hasi behar gara komeriatan? Ez EAJk, ezta ETAk ere, ez dute halakorik esaten. Eta Ibarretxek argi eta garbi esaten duen moduan: "orain hemen bizi eta lan egiten dugunok erabaki behar dugu Euskadiren etorkizuna". Hala bedi.