Udala, datuen babesa eta zoru pelbikoa
Badaude internet bidezko sare sozialen kontra epelak eta bi botatzen dituztenak, pertsonei buruzko informazioa kontrol barik eta baimen barik zabaltzen dutelakoan. Askotan, baina, jendea ez da konturatzen informazioa toki guztietatik barreiatzen dela, hain beste gauza eta hain arautuak egiten ditugula, gure izena nonahi ager daitekela guk horren kontrolik izan gabe.
Joan zen astean Eibarko udaletxera joan nintzen, herritarra atenditzeko zerbitzura. Handik herritar guztiak pasatzen dira, ziurtagiri txikiena ere bertan eskatzen baita. Zain nengoen bitartean, iragarkien kortxoa irakurtzen pasa nuen denbora. Bi paper eskegita: bata makailau lehiaketan parte hartzen zuten herritarren zerrenda, bigarrena zoru pelbikoa indartzeko gimnasian onartu dituzten emakumeen zerrenda, tartean nire ezagun bi. Makailau zein zoru pelbiko, izen eta bi abizen.
Esan dezakegu: makailau lehiaketan parte hartzearena, tira, baina zoru pelbikoa, zergaitik jakin behar dugu eibartar guztiok zein emakume eibartar ari den zoru pelbikoa indartzeko gimnasia egiten? Badakite zerrendako emakume horiek eibartar guztiek dakigula zoru pelbikoa indartzen dihardutela?
Ez dakit kasu honetan Eibarko Udalak Datuen Babeserako Legea bete duen, alegia, bere ikastaroetan izenematea jasotzerakoan, parte hartzaileen izena argitaratzeko baimena ere jaso ote duen. Jaso badu, legea betetzen ariko da. Eta bestela, parte hartzaileek euren izena oholtzan eskegitzeko baimenik eman ez badute, ba Udalak arazo bat dauka datuen babesarekin. Bi kasuotan, gimnasian apuntatuta dauden guztiak nortzuk diren dakizkigu.
Baimenarekin ala baimenik gabe, intimitateari buruzkoz datuak zabaltzen dira oholtzaren bitartez. Eta bitartean, sare sozialetako informazioak sortzen du kezka.
Hotzetik epelera
Hasi da neguko hotza. Oraingo hotzak ez dira baina lehengoak bezalakoak, ondo dakite zaharrek hori. Etxeetan, lantokietan, espazio itxi guztietan udaberriko tenperatura bizi dugu urte osoan. Hotzik gabeko une historikoa da gurea, krisiak eragindako eskasian bizi direnentzat salbu. Hala ere gizateria sekula ez da horrelako epeltasunean bizi. Ur beroa, izara beroak, ospelik eza, XX. mendearen azkenaldiko konkista dira gure gizartean. Etxeko berotasuna zein inportantea den ondo zekien gerra zibila irabazi zuen aldeak: “su bariko etxerik ez, ogirik gabeko espainolik ez”. Lelo horrekin zabaldu zen frankismoaren ongizatearen promesa. Gerra osteak ekarritako miserian, oinarrizko beroa eta ogia leku guztietara iritxiko zenaren itxaropena elikatu zuen diktadoreak.
Joan zen astean, Markel Olano Gipuzkoako diputatuak kexu kutsuz esan zuen, herritarrak epel badaude, ez pentsatzeko autodeterminazio eskubidea errespetatuko digutenik. Olano ez zen, noski, etxebarruko berogailuak dakarren epeltasunaz ari. Baina behar bada gurea baino hotz handiagoa pasa beharra dago gizartean jarrera beroago bat lortu ahal izateko.
Gehiago:
Hotza pasatzea beti iruditu izan zait pobreziaren ikurrik nabarmenena. Aldiz berotasuna, oparotasunarena.
Burua berotu ahal izateko pasa beharreko hotza, ez dago, halabeharrez, hotzberoarekin lotuta.
Lehen ospela agertu da nire eskumako hatz erakuslean.
Ikastolara berandu
"Ama, gaur berandu ailegatzen banaiz ikastolara Berriakoen errua izango da. Ze, ez badute periodikua 8etako ekartzen, ba, nik ezin ditut kiroletako emaitzak ikusi, eta orduan interneten begiratu behar dut, Marcan begiratzen ditut, eta partiduetako bideoak ikusten ditut. Eta ordenagailuan banago, ba, gero ez daukat denborarik jolasteko, eta orduan gero jolasten badut, berandu ailegatzen naiz ikastolara. Ama, bidali mezu bat Berriakoei periodikua 8etako ekartzeko, bestela beti berandu ailegatuko naiz ikastolara".
