Hotzetik epelera
Hasi da neguko hotza. Oraingo hotzak ez dira baina lehengoak bezalakoak, ondo dakite zaharrek hori. Etxeetan, lantokietan, espazio itxi guztietan udaberriko tenperatura bizi dugu urte osoan. Hotzik gabeko une historikoa da gurea, krisiak eragindako eskasian bizi direnentzat salbu. Hala ere gizateria sekula ez da horrelako epeltasunean bizi. Ur beroa, izara beroak, ospelik eza, XX. mendearen azkenaldiko konkista dira gure gizartean. Etxeko berotasuna zein inportantea den ondo zekien gerra zibila irabazi zuen aldeak: “su bariko etxerik ez, ogirik gabeko espainolik ez”. Lelo horrekin zabaldu zen frankismoaren ongizatearen promesa. Gerra osteak ekarritako miserian, oinarrizko beroa eta ogia leku guztietara iritxiko zenaren itxaropena elikatu zuen diktadoreak.
Joan zen astean, Markel Olano Gipuzkoako diputatuak kexu kutsuz esan zuen, herritarrak epel badaude, ez pentsatzeko autodeterminazio eskubidea errespetatuko digutenik. Olano ez zen, noski, etxebarruko berogailuak dakarren epeltasunaz ari. Baina behar bada gurea baino hotz handiagoa pasa beharra dago gizartean jarrera beroago bat lortu ahal izateko.
Gehiago:
Hotza pasatzea beti iruditu izan zait pobreziaren ikurrik nabarmenena. Aldiz berotasuna, oparotasunarena.
Burua berotu ahal izateko pasa beharreko hotza, ez dago, halabeharrez, hotzberoarekin lotuta.
Lehen ospela agertu da nire eskumako hatz erakuslean.