Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Aukeratzeko eskubideak

Elena Laka 2008/09/25 16:15
Zuzenbideak ematen dizkigun aukerak

Zuzenbideak gaur egun bizitzan aukera asko egiteko eskubidea ahalbideratzen digu, duela ehun urte pentsa ezinak. Aukera horietako asko zientziaren garapenaren eskutik etorri dira, zientziak bideak ipini eta zuzenbideak aitortu. Beste batzuk ostera, gizartearen eta zuzenbidearen beraren bilakaeraren ondorio dira.

 

Adibidez, egun emakume batek erabaki dezake haurdunaldia aurrera eraman ala ez, Kode Penalean abortua zenbait kasutan ez da zigortzen eta Espainiako Gobernuak aurreikusita dauka abortua ahalbideratzen duen epe eta kasuetako lege berri bat bultzatzea. Era berean, hiltzeko aukera ere jaso egingo da, segurasko, gutxi barru. Bernat Soria ministroak iragarrita dauka borondatezko heriotza zenbait kasutan arautu egingo dela, eta zenbait kasutan gaixoaren aukera kontutan izango dela duintasunez hiltzen utzi edo laguntzeko. Jaiotza eta heriotza aukeran.

 

Zailagoa zirudien beste honek, baina egun lortu da sexua aukeratu ahal izatea. Erregistro Zibilean gizon edo emakume moduan inskribatuta dagoenak eskubidea dauka bere sexu zibila aldatzeko, aurretik sexu fisikoa aldatu badu. Atsotitz zaharrak zioen zuzenbideak dena ahal zuela, gizona emakume bihurtu ez ezik. El imposible vencido, zuzenbidea eskuan, gizona emakume bihur daiteke.

 

Aukeratzeko gai gehiago aitortuta dauzkagu: ezkontideaz banatzeko ahalbidea, duela urte batzuk irudika ezina, eta baita ere erlijioa aukeratzeko edo ez aukeratzeko eskubidea. Are gehiago, elizatik ateratzea aukeratzea ere badago.

 

Besteak beste, ordea, aukera bat dugu debekatuta, alegia, nazionalitatea aukeratzea: Espainiako lurraldean jaiotakoak nazionalitate espainola daukate, bere gurasoetako bat behintzat espainola bada, eta ez daukate nazionalitate espainiarra gurasoetako bat behintzat espainola ez bada. Ez daukat ikusmen nahikorik ehun urte barru zer izango den iragartzeko, baina, zinez, gustora kilikatuko nuke aukera honen bilakaera.

 

Arotzaren etxean, oraingoan, zurezko goilara

Elena Laka 2008/09/15 14:47
Filme amerikarretan abokatu bat agertzen denean, bulego handi batekoa ez bada behintzat, istripu bat dela-eta aseguru-konpainiaren bati ziria sartu nahian ibiliko da, ziur.
en bandeja de plata

 

Horrela, gogoratzen ditut “En bandeja de plata” filmean Walter Mathau, “Philadelphia”n  Denzel Washington, eta “Juegos Salvajes”en Bill Murray. Ez da nire kasua.

 

Martxoaren ez naiz gogoratzen zein egunetan kolpetxo bat izan nuen kotxearekin. Eibarren sartzen Elgetatik, futbol-zelai parean, atzeko kotxeak ez ninduen ikusi kamioi bat zetorrelako frenatu nuenean, eta euri piska bat ere bazenez, atzetik kolpea eman zion neure Dacia Logan-i. Bizkarreko kolpea, sustoa eta paperak. Gauza handirik ez, momentuan.

 

Biharamunean ostera, lepoko mina. Latigazo cervical (zerbikaletako zartatekoa?). Medikuarengana joan, ospitalera bidali ninduen, eta egun batzuetan lepokoa erabili behar. Antiinflamatorioak, eta egun gutxitan, sendatuta. Hala ere, oraindik hilabete bat beranduago, buruko minak  izan nituen, lepotik hasten diren horietakoak.

 

Istripuaren erantzukizuna garbia zenez, kalteordaina baino ez zen zehaztu behar. Autoa konpondu eta nire minak ordaindu. Aseguru guztiek daukaten “defentsa juridikoa” klausulan babestuta, fax bat bidali nion nire aseguru-etxeari, esanez nik nahi nuen abokatua aukeratuko nuela erreklamazioa aurrera eramateko, eta gero pasako ziola faktura.

 

Neure konfidantzazko abokatua, lankide Susana Gamino arduratu zen jo zidan autoaren aseguru-etxeari, Mapfreri, egin beharreko erreklamazioaz.

 

Gaia ahaztuta neukan arren, joan zen astean itxi zuen lankideak gaia, eta kalteordaina eman didate, indarreango baremoaren arabera:

 

Hamabost egun sendatu bitartean: 52,47 € eguneko, guztira 787,05 €

Istripuaren ondorioak, buruko minak, puntu bat: 652,39 €

Autobus gastuak autoa ezin erabilita: 2,79 €

 

Abokatua abokatuaren bezero, arraroa egin zait.

 

 

Agur Mezulariari

Elena Laka 2008/09/11 17:45
Mezulariako tertulian entzule fin izatetik tertuliakide izatera pasatu nintzen. Alizia ispiluaren beste aldera pasa zenean bezala.

Ez da berdina etxeko silloitik arbitroa kritikatzea edo futbol zelaira salto egitea. Gustora aritu naiz hiru denboraldiz Mezularian, baina beti zizarea tripan. Denetik egon da: egun berbatsuak, egun isilagoak, pozik bukatu ditudanak edo neure buruari “hau azkena dun” zin egin dizkiodanak. Badauka baina engantxea, mikrofonoak erakarri egiten du. Eta guztietan, lankideekin primeran, bai irratiko langileekin, bai terkuliakideekin, denak izan dira oso atsegin eta lankide on.

 

Orain tertuliaren formatoa aldatu egin da, eta nire zikloa bukatu da. Konturatu naiz astean ordu betek nolako estresa sortzen zidan, orain, gainetik kendu dudanean. Ez nintzen jabetzen zein pendiente nengoen eguneroko berriekin. Hemendik aurrera informazioaren neure erritmoa berreskuratuko dut, mantsoagoa. Ispiluaren beste aldean ipiniko naiz berriro, kotxeko jarlekutik tertuliakideei erantzuten.

 

Irratian berba egiten, blog batean idaztea, beti geratzen da zalantza norbaitentzako zerbait esaten duzun, zerbaiterako diharduzun. Irratian, hiru urteetan lau pertsonek esan didate gustora entzuten nindutela. Amaz kanpo, noski, zertarako dira amak, euskaraz tutik ulertu ez eta saio bakoitzaren ondoren “qué bien has hablado” esanez deitzeko ez bada. Eskerrak ematen diet beraz entzule izandako guztiei, baina bereziki I.M.N. eta I.ri, hor komunikazioa sortu delako.

 

Hemen, beste ispilu baten aurrean, blogari ekingo diot beste ikasturte batez, gutxienez nire bloglineseko bederatzi harpidedunentzat, eta aitortu beharra dago, ispilu-pantailak ere harrapatu egiten du.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.