Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Ikurrak

Elena Laka 2008/02/10 16:52

"Unibertsitatean zapia baimentzeko lehen urratsak eman ditu Turkiak.- Cevher-eta eta Tugç-ek goi mailako ikasketak egiteari uko egin zioten. Arrazoia, 1998tik indarrean zegoen debeku bat. Urte horretan, unibertsitatera beloarekin joatea debekatu zuten eta beraiek, musulmanak izanik, zapiarekin janzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Atzo, TurkiakoLegebiltzarrak lege hura indargabetzeko bi emendakin onartu zituen". Gara, 08-2-10.

 

Atentzioa eman zidan joan zen egunean Eibarren hogei urte inguruko neska batek zelako estiloarekin zeraman aurtengo modako poltsoa, “it bag”a, aurretik sekula ikusi ez bezala: besoa ukondotik tolestuta, esku-ahurra itxita, eta poltsoa ukondo parean katiatuta, gorputzari pegatu barik. Aurten modak agintzen duen arren, zaila estilo piska batekin eramaten, adibidez Sarah Jessica Parkeren argazkiren bat ez baduzu ikusi.

 

Poltsa ukondoan zintzilikatuta, eta burua zapi beltz batez estalita, musulmana. Harrez gero gehiagotan ere ikusi dut, batzuetan lagunekin, denak zapia buruan, denak modako poltsoarekin, baina estilotsuena, bera.

 

Euskal Herri osoan oro har, ez dago, momentuz, inolako arazorik nahi duten emakumeek burua estalita eraman dezaten. Ez eta nahi duten gizonek eraman dezaten: txapela ondo onartuta dago. Ez dago, ezta ere, trabarik monjek euren beloak, apaizek lepoko zuria, umeek urrezko kateak, futboleko kamisetak, eskolako uniformeak eraman ditzaten, neskatxoei jaioberritan belarriak zulatu diezaieten. Hori guztia onartuta daukagu eta normaltasunean sartzen dugu. Baina zer gertatuko litzateke, adibidez guraso batzuk behin eta berriro mutikotxo bat gonaz jantzita eramango balute? Gizarte-zerbitzuek esku hartuko al lukete neska jantzita daramaten mutiko baten gurasoen kontra?

 

Garai batean kaikuak debekatuta egon ziren, etorkizun hurbilean ez dakigu. Arropa guztiak dira ikur, tangak, markako arropak, modan dauden zapi palestinarrak, praka gainetik ikusten diren kaltzontziloak. Gainean daramagun gehiena da ikur. Galdetu bestela zergaitik datozen beti politikoak audi ilunetan, eta zergaitik horren beste gizonek (ia beti gizonak dira) imitatu nahi dituzten. Egiten ditugun gauza gehienak dira ikur edo sinbolo, kontua da zenbateraino egiten ditugun libre edo behartuta. Eta libreki egiten ditugula erantzuten badugu, zenbaiteraino garen zintzo geure buruarekin.

 

Horregaitik ez dit trabarik sortzen nire ondoko emakumeek zapia eraman ditzatela. Beraiek libreki erabaki badute, ez naiz ni izango ikur batzuk beste  batzuren gainetik ipiniko dituena. 

Piraten epaiketa

Elena Laka 2008/02/06 13:35

 

Sei emakume kitxua zeuden deituta epaiketara. Leporatzen zitzaien delitua: Cden kopia piratak saltzea Donostiako kalean. Atzeman zituztenean, emakumeak ez zebiltzan salmentan, baizik eta furgoneta batean sartuta, aparkatu nahian. Poliziakoek, furgoneta gerarazi eta miatu zutenean, bostehunetik gora CD kopia topatu zituzten, motxila batean. Polizia azkarrek ondorioztatu zuten emakume haretxek zirela kalean salmentan zihardutenak, korrika alde egin zutenak polizia ikusi zutenean, eta ondorioz, salaketa ipini eta epaitu egin zituzten.

 

Emakumeak epaiketan ezetz, eurak furgonetan zeudela aparkaleku bila, furgoneta lagun batek utzi ziela, ez zekitela barruan zer zegoen, eta eurak ez zirela izan kalean salmentan zebiltzanak.

 

Poliziakoek baietz, kalean emakume kitxua batzuk ikusi zituztela disko piratak saltzen. Konturatu zirenean polizia gertu zebilela manta jaso, diskoak bertan sartu, eta ospa egin zutela. Beraiek atzetik, metro gutxira, beti euren begiradapean, furgonetan sartzen ikusi zituztela, eta bertan atzeman zituztela, Cden kopiekin.

 

Emakumeen abokatua, poliziakoei zalantza sortu nahian: ziur al zaude saltzen ziharduten eta furgoneta barruan zeuden emakumeak berberak zirela? Poliziakoak baietz, bistatik galdu gabe segika ibili zirela, ez zegoela inolako zalantzarik. Abokatuak berriro:baina ondo begiratu, badaiteke zuretzako emakume kitxua gehienak berdintsuak izatea. Poliziakoek ezetz, oso ziur zeudela

 

Saltzaileek manta jaso, ihesean joan, polizia segika metro gutxira, begibistatik galdu gabe, furgonetan sartu, segundu gutxira poliziakoak miatu, nola da posible orduan Cdak motxila batean topatu izana, eta ez manta batean? Zelan izan zuten emakume horiek aukera bostehunetik gorako CD horrek mantatik atera eta motxilan sartzeko segundu gutxi horietan?

 

Joan zen astean ospatu genuen absoluzioa. Ez Ministeritza Fiskalak, ez SGAEko defendatzaileak ez dute epaiaren aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Alarguntasun-saria: kontatu ez zigutena

Elena Laka 2008/02/05 17:18

 

Idatzi nuen Espainiako Gizarte Segurantzaren legedian alarguntasun-sarian egindako aldaketen gainean. …eta kitto! aldizkarirako zutabe bat zen, eta espazio kontuengaitik, ezin izan nuen kasuistika guztia agertu.

 

Azaldu ez nuen kasu horietako bat, aste honetan bulegoan tokatu zaiguna, bizitza bezain erreala: gaixotasun bat diagnostikatu berri dioten pertsona bat (ez da gaixotasun profesional bat), bikotekidearekin ezkontzen da eta urte bete pasa baino lehen, hil egiten da gaixotasun horren ondorioz. Ezkontideak pentsioa kobratuko luke seme-alabarik balu, baina bikote honek ez dauka. Beraz, alarguntasun-saria kobratu ahal izateko, egiaztatu beharko dute ezkontzeke eta ezkonduta egon diren denbora bi urtekoa izan dela gutxienez.

 

Bi urteko bizikidetza bikote batentzat behar bada ez da horren denbora luzea, baina frogatzea batzuetan ez da hain erraza. Harremanak askotan ez dira egun jakin batean hasten, bizikidetzak sarritan ez dauka hasiera-egun finkorik. Gauetan geratzen zara, astebururen bat,  kajoi bat okupatzen duzu, eta gero noiz izan den konturatu barik, bertan geratzen zara bizi izaten. Paperak beranduago: enpadronatu, bankuan kontu bat elkarrekin, ura eta argi-indarra noren izenean…

 

Lege honek kontzeptu berri bat ekarri dio alarguntasun-pentsioari: ez da nahikoa ezkonduta egotea eta Gizarte Segurantzan altan egotea, ezkondu aurretik bizikidetza ere frogatu behar da pentsioa kobratzeko eskubidea eduki ahal izateko.

 

Zer ote den publizitate-politika. Lege erreforma hau saldu zuten esanez egitatezko bikoteentzako eskubideak ekarriko zituela, alarguntasun-saria aitortuko zitzaielako hainbat kasutan. Gero gertatu da kasu horiek ez direla horren beste izan, eta ostera, ezkondutako bikoteei legearen erreformak murrizpenak ekarri dizkiela pentsioa kobratzeko orduan. Baina hori aho txikiarekin ere ez dugu entzun. Kasu errealek baino ez dakite horren berri.

 

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.