Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Ikurrak

Ikurrak

Elena Laka 2008/02/10 16:52

"Unibertsitatean zapia baimentzeko lehen urratsak eman ditu Turkiak.- Cevher-eta eta Tugç-ek goi mailako ikasketak egiteari uko egin zioten. Arrazoia, 1998tik indarrean zegoen debeku bat. Urte horretan, unibertsitatera beloarekin joatea debekatu zuten eta beraiek, musulmanak izanik, zapiarekin janzteko eskubidea aldarrikatzen zuten. Atzo, TurkiakoLegebiltzarrak lege hura indargabetzeko bi emendakin onartu zituen". Gara, 08-2-10.

 

Atentzioa eman zidan joan zen egunean Eibarren hogei urte inguruko neska batek zelako estiloarekin zeraman aurtengo modako poltsoa, “it bag”a, aurretik sekula ikusi ez bezala: besoa ukondotik tolestuta, esku-ahurra itxita, eta poltsoa ukondo parean katiatuta, gorputzari pegatu barik. Aurten modak agintzen duen arren, zaila estilo piska batekin eramaten, adibidez Sarah Jessica Parkeren argazkiren bat ez baduzu ikusi.

 

Poltsa ukondoan zintzilikatuta, eta burua zapi beltz batez estalita, musulmana. Harrez gero gehiagotan ere ikusi dut, batzuetan lagunekin, denak zapia buruan, denak modako poltsoarekin, baina estilotsuena, bera.

 

Euskal Herri osoan oro har, ez dago, momentuz, inolako arazorik nahi duten emakumeek burua estalita eraman dezaten. Ez eta nahi duten gizonek eraman dezaten: txapela ondo onartuta dago. Ez dago, ezta ere, trabarik monjek euren beloak, apaizek lepoko zuria, umeek urrezko kateak, futboleko kamisetak, eskolako uniformeak eraman ditzaten, neskatxoei jaioberritan belarriak zulatu diezaieten. Hori guztia onartuta daukagu eta normaltasunean sartzen dugu. Baina zer gertatuko litzateke, adibidez guraso batzuk behin eta berriro mutikotxo bat gonaz jantzita eramango balute? Gizarte-zerbitzuek esku hartuko al lukete neska jantzita daramaten mutiko baten gurasoen kontra?

 

Garai batean kaikuak debekatuta egon ziren, etorkizun hurbilean ez dakigu. Arropa guztiak dira ikur, tangak, markako arropak, modan dauden zapi palestinarrak, praka gainetik ikusten diren kaltzontziloak. Gainean daramagun gehiena da ikur. Galdetu bestela zergaitik datozen beti politikoak audi ilunetan, eta zergaitik horren beste gizonek (ia beti gizonak dira) imitatu nahi dituzten. Egiten ditugun gauza gehienak dira ikur edo sinbolo, kontua da zenbateraino egiten ditugun libre edo behartuta. Eta libreki egiten ditugula erantzuten badugu, zenbaiteraino garen zintzo geure buruarekin.

 

Horregaitik ez dit trabarik sortzen nire ondoko emakumeek zapia eraman ditzatela. Beraiek libreki erabaki badute, ez naiz ni izango ikur batzuk beste  batzuren gainetik ipiniko dituena. 

etiketak: ikur, zapi, musulman, moda
Elena
Elena dio:
2009/01/09 12:36

Eskerrik asko, Muslima, zeure argibieengaitik. Jarraituko dugu zeure bloga.

leire
leire dio:
2008/02/12 23:26

Epa, Elena!
Nik zure moduan pentsatzen dut, baina beti libreki denean. beti kontatzen dut historia bera: Eibarren ezaguzten nuen emakume musulman bat ilea solte eta bere senarraren besotik ibiltzen zena umea paseatzen. Gero imana etorri, eta emakume horrek arropa luzeagoak eta zapia jantzi behar izan zituen. Imana etorri aurretik zapiak txikiagoak ziren, eta arropak arruntagoak.
Ez dakit zein puntura arte den euren borondatea, eta zein familiakoa. Badakit Eibarren neska asko oso presionatuta bisi direla bere familia eta komunitateagatik. Eta ez dezagun ahaztu guk estetikaz eta modaren tiraniaz janzten duguna, eurek jainkoaren izenean egiten dutela. Aspaldi elizetan mantelinarekin gertatzen zena. Modestia eta dekoroa ez zaie gizonezkoei eskatzen. horrek amorrarazten nau.
A, zelako sermoia. Muxu bat, guapa!

MUSLIMA
MUSLIMA dio:
2008/12/31 02:09

Kaixo Elena,

Emakume musulmanen hiyaba ez da ikurra, baizik beraien pertsonalitatearen parte da, nire janzkera modua horrelakoa da, nire eta nire jainkoaren arteko harremanaren erantzuna da, ikur bat... izan liteke kanpotik ikusten duenarentzako, baina hiyab ez du bakarrik ilea estaltzen, uste den bezala. (nahiz eta eibarko emakume batzuk bakarrik hilea estaltzeko eramaten dute...) Beste aldetik, ni musulmana eta euskalduna naiz eta konstituzioa askatasun erligiosoa defendatzen du, orduan zapiaren eztabaida ez dauka zentzu andirik, zapia eraman dezakegu por supuesto, euskalduna naiz eta euskal herrian praktikatuko dut neure erlijio edo... ¿morilandiara joan behar naiz neure erlijioa praktikatzeko?

Leire maitea,

1- Hitzegiten duzu imamari buruz (nire aita) orain ez dauka imam kargua, orain Eibarren ez dago imam ofizialik, (arazo ekonimiko eta abar gaitik)

2- Imam batek, Eibarren edo Eibar kanpo ez dauka poterea emakumeei zer jantsi behar duten edo zer ez jantsi behartzeko.

3- Norberak LIBRE da eta nahiko heldua da, zer egiten ari den jakiteko, IMAMAren funtsio printzipala egunean bost bider islamiar otoitzak zuzentzea da eta bakarrik islamak zer esaten duen gogorazten digu, eta Islama erlijio bat ez delako, baizik eta bizitza modu bat delako: GEURE JANZKERA MODUA ere barnean hartzen du. Horregatik, Eibarko 1º Imamak (nire aita) Islamean formakuntza maila primerazkoa delako, eibarko emakumeek eta gizonek, Islamari buruzko kontzeptu basikoak ikasi hasi zuten, eta bere jokadura hasi zen aldatzen ahaztuta zeukaten Islamara bueltazen. Eta hemen ez da guztia bukatzen, islama oso zabala da eta asko falta zaigu ikasteko.

4- Gauza bat da Islama eta beste bat musulman batzuen jokabidea, ez bet jokatzen dute jainkoa esaten duen bezala, eta normala da, pertsonak gara geure hutsune eta bertutekin.

Gehiago jakin nahi baduzue eibarko eta euskal herriko emakume musulman buruz, utziko dizuet neure blog-aren helbidea:

bidaya.nireblog.com

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.