Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Ergatiboa

Elena Laka 2006/12/15 15:24

Umeak azkarrak dira (haztea tontotzea ote da?), eta segituan egiten dira egoeraren jabe. Egoerak eta pertsonak aztertzen dituzte, eta di-da batean ateratzen dituzte ondorioak.

Oierrek hartu digu neurria: ergatibo barik hasi da berbetan. “ni entzun dot”, “ni ikusi dot”. Hasieran izututa begiratzen genion: “zuK entzun dozu, Oier?”, “zuK ikusi dozu?”

Eta berak barre egiten zuen. Kasurik ez egitea erabaki genuen, baina berak, ergatibo bat jaten duen bakoitzean, gure begirada bilatzen du, eta barre egiten du. Bitxo halakoa!

Esandakoa, ume bakoitzak atentzioa deitzeko modu bat topatzen du: janaria, txiza, loa...  eta gureak ergatiboa aukeratu du. Bete-betean antzeman digu.  

Merkatalgune berriaz

Elena Laka 2006/12/14 13:09

Neure buruari begiratzen diot, hotz egiten du gaur eta neguko erropa daukat jantzita: bota luzeak, Bergarako Lonbide zapata-dendan erositakoak. Fraka beltzak,  Bergarako Maian. Jertsei marroia, Eibarko Irritsan. Belarritakoak kaleko hippien postuetakoak. Barruko erropak eta galtzerdiak, Gantxegirenean, Bergaran. Ezkontz eraztuna, dagoeneko itxita dagoen Bergarako bitxitegikoa, ez dakit zelan zeukan izena, Arantxa “Prakamotx”enekoa esaten zioten.

Haserre jartzen nau Eusko Jaurlaritzaren iragarki horrek, “dendak non, bizitza han”. Esplika dezadan: leloa oso ona da, oso ondo adierazten du kaleetako jarduna. Kontua da nork egin behar duen zerbait kaleko bizitza horrek jarrai dezan, kaleak basamortu bihurtu ez daitezen. Eta alde horretatik ez zait iruditzen Eusko Jaurlaritzatik eta Administraziotik oro har nahikoa egiten ari denik. Ez behintzat Arrasaten, Debagoienerako merkatalgune handi bat ipintzeko proiektua aurrera doan horretan.

Herrietako dendek gero eta zailago dutela merkatalgune handiei konpetentzia egiten, kateetako denda globalizatuei aurre egiten? Jakina. Espabilatu beharko dutela, tratua hobetu, elkartu, ekin, ideia berriak topatu horri aurre egiteko? Duda barik.

Baina baten batek esplikatuko al dit zein premia dagoen Debagoienean merkatalgune handi bat ipintzeko? Helburua zein da, debagoiendarrak Gasteiza joan beharrean, erosketak bailaran bertan egin ditzagula? Bale, baina non? Prefabrikatutako habeartetzar batean, beste mila prefabrikatutako habearte klonikoa den toki batean, konsigna eta produktu klonikoei erantzuten dien toki itxi, aparte batean, iristeko nahitaez kotxea behar duen itxitura batean?

Hori da gure herrietako kale bizitza apurrari eusteko egiten den apustua, merkatalgune bati lizentziak eman? Hori da nahi dugun herri eredua? Zertarako orduan lelo eta kanpainak?

Debagoieneko herrietako dendak protestan dabiltza, behar bada berandu, baina iruditzen zait arrazoia dutela. Ez da Administrazioa, ez da Udala euren arazoak konponduko dituena, lan handia egin beharko dute, adibidez Eibarren egiten diharduten bezala. Administrazioaren lana baina laguntzekoa izan beharko litzateke, lelo okurrente bat topatzea baino haruntzago, ez erroberetan makilak sartzea.

Deituko dit burutsuren batek karlista, progresoaren aurka egoteagatik. Eta topatuko nau behar bada inoiz merkatalguneren batean, Zaran erropa artean. Batak ez du bestea kentzen. Kotxe bat edukitzeak eta kotxea erabiltzeak ez du esan nahi etxetik plazara joateko kotxea erabili behar dudanik, ezta Kalamua puntaraino kotxez iristerik duda. Ala bai?

 

Kilometroak 07: argitu du jaiak

Elena Laka 2006/12/05 12:08

Testu hau joan zen ostiralean egin zen ekitaldiari buruzkoa da. Saiatu nintzen asteburuan pegatzen, baina blogera sartzen saitzen nintzenean, surf orrialde batera bidaltzen ninduten, ez zen modurik izan. Honatx, berandu, aurkezpen ekitaldia begittandu zitzaidana.

Argi geneukan Kilometroak 07ko aurkezpen ekitaldiak txukuna eta indartsua izan behar zuela. Polita, ikusgarria, dinamikoa eta gertukoa. Horretarako ibili ziren lanean hogeitamar lagun Ikuskizunen Batzordean, eta azkenean euren izerdiak izan zuen emaitza onik.

Jam aretora ostiral arratsaldeko zazpiak bost gutxietan sartu ginenean eta jendez lepo ikusi genuean, argitasuna gurekin zegoela zihurtatu genuen: aurkezpen ekitaldia, gutxienez, arrakastasua izango zen.

Ume, guraso, amama, aitxitxa zein auzoko, ikastolakoak eta kanpokoak, Bergarako herria bertan zegoen. Aretoa beteta, hango zalaparta! Ikusleak eskenatokitik ateratzen zen tronpa moduko pasarelaren inguruan, eskilaretan, goian, behean,toki guztietan.

Argiaren kanoiak eskenatokia argitu zuen, eta areto guztian zehar bengalak piztu bitartean (Coca-colaren antzinako iragarkietan legez), musikarekin batera, Benito Lertxundik Euskararen Egunerako propio egindako poesia entzun zen: "hizkuntzak egiten gaitu gizon", eta emakume, pentsatzen dugu esan nahiko zuela, aretoan ederki islatzen zen moduan.

Ondoren Julen lau urtekoen gelako haurra ohean agertu zen, Kilometroak izango zirela-eta, ametsetan. Txalo zaparrada. Gero, fundamentuzko edozein ekitalditan bezala, lehendakariaren agurra. Honez gero mikrofonoa eta eskenatokia bertsolarien pare menperatzen dituen Angel Mari Eguren Aranzadi Ikastolako
lehendakariak, agurra eman eta Kilometroak 07 jaiaren helburuak azaldu zituen. Hitz egokiak: elkarlana helburu, herriarekin eta herriarentzako.Ondo.

Bertsolariek gogo-girlak dantza egiten duten pulpituetatik bota zituzten bertsoak (gogo-bertso?), eta Edurne Azuara eta Ohian Vega aurkezleek demaseko etorriarekin ekin zioten jaialdiaren artez-lanari.

Moda desfilea ondoren. Herrian ezagunak diren helduek norberaren araberako graziaz, baina sekulako borondatez, pasarelatik osteratxoa egin zuten erropa erakusteko. Bereziki
txalotuak, Egileor bertsolaria (txapela ere Kilometroak moda ote zuen?) eta Peio Garitanoren mokor meneilloa. Guztia Master River taldearen zuzeneko muskarekin. Ikusleak pozik.

Eta Moises Azpiazu dantza taldea eta trikitilariak, eta trikitilari modernoak, eta aurkezleen etorri salaua, eta Zumelagako afariaren zozketa.

Jaialdia erritmo onean zihoan, ikusleak gustora. Orduantxe klimaxa: ume eta nagusien moda desfilea. Dotore eta ganoraz, guapo-guapo eman zuten pasialdia ikasle, guraso, irakasle eta amamek. Ikusleek aupatu egin zuten agerraldi bakoitza, maniki bakoitzak bazeukan bere peña, eta ikusleek ohiuz eta txaloka eskertu zituzten modeloen meritu ugariak, Ion Arantzabalen pase torero estilosoa barne. Ikusleak ordurako, zoratzen.

Itxura denez gainera ondo fijatu ziren ikusleak, zeren dendan erropak modeloaren izenaz eskatzen dihardu jendeak.

Berba elkarteko ordezkariak hitza hartu ondoren, aurkezleen profesionaltasuna frogan ipini zuen inprobizazio txiki baten ostean, jaialdiak kalitatezko itxiera bikaina izan zuen: Edu Murudamendiaraz dantzariak, Aranzadi Ikastolako
ikasle ohiak, agurra dantzatu zuen, emakume ahots batek a capella kantatzen zuen doinuaz. Xumea eta ederra.

Ordu eta erdi inguru, eta jaialdia bukatuta. Denok gustora, Kilometroak 07k hasiera bikaina izan duela konbentzituta. Giroa bero eta gogotsu. Irteeran, irrifarrak eta agurrak. Hasiera ona daukaten prozesuek bukaera ezin hobea izan behar dute. Argitxok argituko gaitu.

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.