Politikaren aldirietan
"Iruditzen zait politikaren tentazioa, gezurra esatea baino, asperdura sortzea dela, interesa galdu arterainoko asperdura sortzea". Amelia Varcarcel, filosofoa eta feminista. El País Semanal 06-11-26.
Politikari guztiak ez dira gezurtiak, pertsona lodi guztiak zoriontsuak ez diren bezala, euskaldun guztiak kantari onak ez diren bezala. Politika, nork definitzen duen arabera, "posiblearen artea" edo "gauzak aldatzeko tresna" izan daiteke. Ostera, guztiok egon gaitezke ados honetan: politikak gero eta interes txikiagoa sortzen du bazterretan. Dela talde batzuren hitz jokoen jario bihurtu
delako, dela politikariak kaleko nahietatik urruti daudelako, dela arazo nagusienak konpontzen ez dizkigutelako. Interes txiki honen adibide: hautesleen ehuneko berrogeiak baino ez du botorik ematen, herritar arrunta eguneroko jardunean arazo politikotik at bizi da, baita gurea bezalako ustezko gizarte politizatu batean. Zenbat eta boterearen ingurutik urrunago egon, gero eta urriago politikak sortzen duen interesa. Boterearengandik urruti egon diren neurrian, emakumeek tradizioz interes txikia izan dute politikan.
Hain zuzen, boterearen ingurutik aldenduta egoteagaitik, pentsatzen du Ahotsak elkarteak emakumeek bake eta normalizazio prozesuan zeresana izan dezaketela, emakumeak oro har erabaki-guneetatik urruti daudelako, jarduteko eta ekiteko askatasun handiagoa daukatela. Eta beraz horrexegaitik adostasunetara iristeko ahalmen handiagoa daukatela.
Momentuz adostasuna lortu duten bakarrak erabaki guneetatik urrun, jendearengan asperdura ez sortzea helburu, politikaren aldirietan kokatutakoak izan dira. Ea zer egiten duten politikariek.
Nik balio dudalako
Azaroaren bukaerako egun hauek beti iruditu zaizkit urteko tristeenak. Lar ilunak. Aurten sikiera ez du hotzik egin, eta beraz piska bat salbatu dira. Hala ere, nahiz eta hotz handirik egin ez, lanetik ilun dela aterata, badaude egunak goibel samar zoazela etxera. Triste egoteko arrazoi handirik gabe, zeren benetako arazoak dituzunean badaukazu zertaz kezkatu eta tristetu. Baina ez, ez daukazu arazo nabarmenik, nahikoa da lanean eguna eskasagoa, gorputzaldia makalagoa, egueraldi grisagoa izatea orpoen pareko animoarekin etxeratzeko.
Horrelako batean, atzo lanetik bueltan, etxetik gertu zabaldu berri duten lurrindegi handi argitsu horietako batean sartu nintzen. Zorion txikiaren bila. Bakoitzak badauzka bere ahuldadeak, eta nireetako bat, aitortzen dut, ezpainak pintatzekoak dira. Mundu bat da ezpainak pintatzeko bat aukeratzea: gloss, hidratante, permanente, efecto tatuaje, cremosos. Hartu probadorea, eskuturrean marra bat egin eta begiratu. Ez hau ez, beste hau. Eta horrela gustatzen zaizun kolorea eta testura topatu arte, mundua zure esku gaineko koloreetara mugatzen da.
Azkenean aukeratu nuen marroi kafesnera jotzen zuen bat, aurten oso modan daude marroiskak, gloss piska batekin, baina era berean hidratantea eta koloretsua (glossek dizdira asko baina kolore gutxi edukitzen dute). Probadorean ikusi ondoren, saltzaileak atera zidan erosi behar nuena: barra marroi dotore bat, ertzak urre kolorekoak. Eta alde batean letrak: Eva Longoriaren sinadura.
Hamabi euro larogeitamabost zentimo kostatu zitzaidan atzo zorion txikia. Gaur ezpainak marroiska kolorekoak dauzkat, Longoriak bezala, nik balio dudalako.
Ahotsak Eibarren
Astelehen arratsaldean Ahotsak elkartearen aurkezpenean izan nintzen Portalean, Eibarren. Aurkezleen artean Gemma Zabaleta (PSE-EE), Elisabete Piñol (EAJ-PNV), Nekane Alzelai (EA) eta Izasun Guarrotxena (Bilgune feminista). Entzuleen artean gehienak emakumeak, ni gazteena ez banintzen, gazteenetakoa, alde haundiz.
Azaldu zuten Ahotsak elkartekoek nola iritxi ziren dokumentu bateratua sinatzera, nola eta zergaitik eman ziren lehen kontaktuak, zein premiei erantzuteko. Gatazkak konpontzeko elkarrizketaren ezinbesteko balioa azpimarratu zuten, (buruz nabil) elkarrizketa malgutasunaz eta konfiantzaz, bakoitzak esaten duena beteko duela pentsatuz.
Erabateko konbentzimenduaz hitz egin zuten, pasioz ere esango nuke. Politikarien artean ohikoa ez dena, sentimendu hitza sarri samar erabili zuten. Nabarmentzen zuten zein inportantea zen bata bestearengana hurbiltzea, hortik zerbait bateratua atera ahal izatea, batak eta besteak amore emanez, eta nolako garrantzia izan zezaketen honen moduko ekimenek alderdiei presioa egiteko.
Ni erabat sinistu nahian joan nintzen. Ahotsak ekimenari ondo irizten diot, aurrera pausoa iruditzen zait elkarrizketa aldarrikatzeko, gatazka gainditzeko beharraz jabetzeko, baina entzun ahala, baieztapen baino galdera gehiago sortzen zitzaizkidan, bai generoari lotuak, bai elkartearen egitekoari lotuak, bertan planteatzeko aukerarik izan ez nituenak:
- Zergaitik agiria sinatu dutenak emakumeak baino ez dira? Ezinezkoa zen elkarrenganako pausu hori gizon eta emakumeen artekoa egitea? Eta posible bazen, ez al zen eraginkorragoa izango?
- Behin elkarrenganako lehen pauso hori emanda, Ahotsak elkarrizketarako giroa sustatzera mugatuko da, ala alderdien arteko elkarrizketan segituko du? Alderdi bakoitzaren barruan presio-talde bihurtuko da, eta beraz alderdien mahaian zeresana izango du, ala aparteko talde bat izango da, kanpotik presioa egingo duena?
- Emakumeek bakarrik sinatua izateak ez dio, nolabait, agiriari garrantzia kentzen, jakin baitakigu politikan emakumeek ez daukatela lehen mailako botererik? Ez dauka arriskua “emakumeen zer hori” bihurtzeko?
- Bestalde, zein oztopo zeuden horrelako ekimen bat alderdi ezberdinetako gizonengandik etortzeko?
- Agiriaren sinatzaileak emakumeak eta alderdikideak dira. Nola eragiten dute emakume hauek beraien alderdietan bake prozesua bultzatu ahal izateko? Ez dut pentsatu nahi bertan ezin eraginda, agiri paralelo bat antolatu behar izan dutela beraien ahotsa entzun ahal izateko.
- Eta nola eragin dezake Ahotsak edo beste mugimenduren batek prozesuaren ustezko katramilatze hori askatzeko?
Galderak erabat fede onez planteatuta daude, eta seguru asko ezjakintasunetik, zeren benetan sinistu nahi nuke emakumeen mugimenduak edo beste herritarren mugimenduren batek eragina izan dezakela bake eta normalizazio prozesuan, presioa egiten edo beste moduren batean. Baina une honetan ez dut ikusten zelan.
Euskaldunen bialekua
"Osakidetzako lau langiletik hiruk erdaldunak izaten jarraituko dute. Osakidetzak abian duen lan eskaintza publikoan bost langile berritik ia lau erdadunak izango dira. Eskaintzen diren 4.261 lanpostuetatik %20tan bakarrik eskatzen da lanpostuari dagokion euskara maila, hizkuntz eskakizuna, egiaztatzea". Berria, 06-11-4.
Adi. Politikoki zuzena ez den proposamen bat hamentxe: euskaldunok, harreman hizkuntzatzat euskara hautatzen dugunok, zerga gutxiago ordain ditzagula proposatzen dut.
Entzuten ditut erreakzioak: hara, beste fundamentalista bat, datorrela Ciutadans geurera gauzak bere tokian jartzera!. Ez da hori. Proposatutakoa ez dago eskubideei lotuta. Ez. Funtzionariek eta langileek euskaraz ez jakiteak euskaldunoi ematen digun demaseko bialekuari lotuta dago.
Zein euskalduni ez zaio gertatu telefonoz deitzea (edo mostradore batera hurbiltzea) Osakidetzara, Ertzaintzara, Eusko Jaurlaritzara, epaitegira, telefonoa hartu dion langileari bere arazoaren berri eman, eta behin dena kontatu ostean, "en erderaz por favor" entzun, harnasa hartu, eta berriro, euskaraz esandako guztia gazteleraz errepikatu beharra? Euskaldunok gure burua bikoiztu beharra dugu, ez esan bialekua ez denik.
Eta hori amore ematea erabakitzen badugu eta "en erderaz" errepikatzen hasten bagara, zeren batzutan, euskaldunok pentsatzen dugu, ze arraio, atenditu nazatela euskaraz. Ai, hizkuntz eskubidedun jabe zarelakoan jarduten duzun euskaldun gaixoa!Langile euskaldun bat eskatzen diozu funtzionaio elebakarrari, eta zortea baduzu, piska bat itxaron, langile euskaldun bat azaldu, eta berriro errepikatu beharko diozu erakunde horretara joanarazi zaituen arazoaren berri. To bialekua. Zorterik ezean, luze itxaron beharko duzu, edo beste egun batean bueltatu, edo itzulpen batekin konformatu, edo zerbitzua euskara ortopedikoan jaso. Sekulako bialekua. Esandakoa: euren asmoa lan bikoitza eginarazten segitzea bada, merezita dugu arintasun apur bat zergetan, besterik ez bada ere.
